Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Haurren Erabakia’ ekimenean parte hartu duten haurrek etorkizuna eraikitzeko proposamenak partekatu dituzte

‘Haurren Erabakia’ ekimenean parte hartu duten haurrek etorkizuna eraikitzeko proposamenak partekatu dituzte

Aldundiak eta Unicefek abian jarri zuten ekimenaren azken saioa izan da gaur.

2018/05/18

Haurrak eta gazteak dira Gipuzkoaren etorkizuna, eta etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa da haien iritziak eta ekarpenak kontuan hartzea eta haurren ikuspegia politika publikoen diseinuan txertatzea. Premisa horretatik abiatuta, gaur, Tabakaleran, amaiera eman zaio “Haurren erabakia” ekimenari, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UNICEFek, politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan haurrak ahalduntzeko asmoz, iaz abian jarri zuten ekimen pilotuari. Amaiera ekitaldian 228 neska-mutil elkartu dira, proiektuan parte hartu duten eskualde ezberdinetako bost ikastetxeetakoak: Ekintza (Donostia), Belaskoenea (Irun), Iraurgi (Azpeitia), Joxe Miel Barandiaran (Ataun) eta Juan Antonio Mogel (Eibar). 

Beraz, haurrak izan dira protagonista nagusiak gaur ere, prozesu osoan gertatu den bezala. “Parte hartzeko ekimen honen bitartez, haurrak konturatu dira esateko asko dutela, proposamenak egiteko ahalmena eta gaitasuna dutela, eta helduak bezain garrantzitsuak direla etorkizuna eraikineko orduan.  Gobernantza ireki eta lankidetzazkoaren aldeko apustuak barnean hartu behar ditu haurrak ere”, adierazi du Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Bestalde, Isidro Elezgaraik, UNICEF Euskal Herriko Batzordeko lehendakariak, esan du haurrak eta nerabeak eskubide osoko herritar gisa onartu behar direla. “Garrantzitsua da horrelako ekimenak antolatzea, haurrek politika publikoen diseinuan subjektu aktibo gisa parte hartzeko, eta aurrera egiteko Gipuzkoa umeen lurralde adiskide bihurtzeko bidean, fokua pertsonen lehenengo garapen urteetan  jarrita, inor atzean utzi gabe”.

“Nik erabaki nahi dut, eta zuk?”

Gaurko ekitaldian ahotsa eman zaie haurrei, eta Foru Aldundiak sustatutako Aurrekontu Irekiei begira landu dituzten proposamenak partekatu eta azaltzeaz gain, irakurri dute eta horma-irudi batean jarri dute erakunde publikoei helarazteko prestatu duten dekalogoa. Ekitaldia girotzeko Anjel Alkainen esketxak eta prozesuan zehar grabatutako bideoak ikusi ahal izan dira. Gainera, protagonistek azaldu dute nola bizi izan duten prozesua eta zer esanahi duen beraientzat parte hartzeak.

Lasaren ustez, dekalogoak eta bideoek erakusten dute haurrek “erabakitzeko eta parte hartzeko gogoa dutela. Beraz, proiektu berritzaile honek jarraipena izango du datozen urteetan, Gipuzkoako ikastetxeetako neska-mutilek parte hartuz”. “Haurren Erabakia” ekimenari jarraipena emateko konpromisoa hartzeaz gain, UNICEFekin batera lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoa umeen lurralde adiskide bihurtzeko. Horretarako, funtsezko zutabetzat jotzen ditu Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan (eskubideen eta ekitatearen ikuspegia) oinarritutako politika publiko eraginkorrak diseinatzea (2030 Agendaren ikuspegia), haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzea (parte hartzearen ikuspegia), eta udal mailan haurrekin zerikusia duten eragile guztien arteko aliantzak bultzatzea (aliantzen ikuspegia). 

  

1679