20 proiektu hautatu dira matchfunding-eko Meta ekimenaren baitan
20 proiektu hautatu dira matchfunding-eko Meta ekimenaren baitan
Aldundiak bildutako euro bakoitzeko beste euro bat jarriko du.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren mikromezenasgoko programak proiektuek sarean bilduko dituzten ekarpenak bikoiztuko ditu, 3.500 euroko mugara arte. Pertsona bakoitzeko, gehienez, 100 euroko ekarpena egingo da.
- Itxasok azpimarratu du META! Kultura finantzatzeko beste modu bat dela, gizartearen parte-hartzea kontuan hartuta eta laguntzak gizarte-mailan babesteko irizpide objektibo batekin lotuta.
Denis Itxaso Kultura diputatuak, gaur, crowdfunding kanpaina baten bitartez aterako diren 20 kultur proiektuak –Gipuzkoako Foru aldundiak eta Goteo plataformak elkarrekin sustatutako META! mikromezenasgoko azken deialdiaren barruan– aurkeztu ditu. Prentsaurrekoan Goteo Fundazioko María Perulerok, Amarenak proiektuko Oihane Pardok eta “Piano bat Danirentzat” proiektuko Blanca Caballerok hartu dute parte.
Ebaluazio Batzordeak jasotako 70 proiektu baino gehiagotatik 37 ebaluatu ditu, eta Gipuzkoan kokatutako agenteek sustatutako eta lurralde osoko gizartearen parte-hartzea bilatzen duten kultur proiektu berritzaileenak eta interesgarrienak aukeratu ditu.
Denis Itxaso Kultur diputatuak META proiektuak dakarren berrikuntza azpimarratu du: “Proiektuak aukeratuz eta finantzatuz, herritarren parte-hartzearen bitartez, gizartearekin lotura indartzen duen kultura finantzatzeko beste modu bat da. Gainera, baliabide berriak gehituz, kultur politiken iraunkortasuna eta gardentasuna indartzen ditu, eta laguntzak gizarte-mailan babesa emateko irizpide objektibo batekin lotzen ditu”.
Itxaso oso pozik agertu da proiektu berriak izan duen harrerarekin. “Proposamenen aniztasunak harritu gaitu. Multzoa oso zabala eta gai askotarikoa da; gainera, proposamen horietakoren batek kultur deialdi batekin zer ikusi gutxi izan dezakeenaren itxura eman dezake. Baina, egia esan, kulturak guztia ukitzen du. Eta guztia kultura bezala uler daiteke. Mota askotariko kultur kezkak atzeman ditugu, jende asko gauzak egiten ari dela ikusi dugu, eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu, guztia aberasgarria delako, bai kulturaren, bai gizartearen eta bai ekonomiaren ikuspuntuetatik".
Itxasoren ustez, tailerren eta prestakuntza-prozesuaren bitartez, kultur agente asko indartzea lortu dela, bakoitzak bere proiektua behar bezala sustatzeko gai izateko. “Programa honen bitartez politika berri baten oinarriak ezarri nahi izan ditugu, kultur proiektuak finantzatzeko, eta gizartearen inplikazioa eta parte-hartzea bilatzeko. Izan ere, azken batean, gure gizartearentzako interesgarriak diren kultur proiektuak zeintzuk diren gizarteak berak erabakiko du”.
Kultura diputatuaren iritziz, kulturaren munduaren finantziazio-arazoei era estrukturalean egin behar zaie aurre, eta kultur eredu iraunkorrago, parte-hartzaileago eta eraldatzaileago batera mugitu behar gara. Hala, finantziazio-modalitate honek aktore berriak ager daitezen lagundu dezake, eta Gipuzkoaren kultura- eta gizarte-garapena indartu dezake.
Proiektuak aukeratu ondoren, proiektuen sustatzaileei zuzendutako aholkularitza-prozesua egin da. Ekintza horren bitartez, sustatzaileek herritarren ekarpenak edo "tanta biderkatzaileak" bila ditzaten eta proiektua ahalik eta baldintza onenean garatzeko baliabideak, ikusgaitasuna eta inpaktua lor ditzaten bilatu da. Burutuko duten crowdfunding kanpainaren bitartez proiektuek lortzen duten euro bakoitzeko euro bateko diru-laguntza jasoko dute, 3.500 eurotara heldu arte. Bakoitzak, gehienez, 100 euro eman ahal izango ditu. Aldundiak proiektua diruz lagundu ahal izateko, proiektuak bere finantziazio minimoa kanpainaren lehen 40 egunetan lortu beharko du. Finantziazioaren bilketa (crowdfunding) internet bidez bakarrik funtzionatzen duen plataforma batean egingo da (Goteo.org fundazioa). Horretarako, Aldundiak 70.000 euro ditu.
Aukeratutako proiektuen mikromezenasgoko kanpainen aldi bereko aurkezpena egin da. Kanpaina horien bitartez, proiektuen agente sustatzaileek, herritarrek, Aldundiak eta Goteok indarrak batuko dituzte aurretik finkatutako finantziazio-helburuak lortzeko.
Proiektu bakoitzak bere aurkezpen-espazioa, albisteetarako bloga eta eguneratzeak, 2.0 komunikazio-tresnak, ordainketa-pasabidea eta abar ditu. Kanpaina-epea atzo, irailak 15, hasi zen eta abenduaren 3an amaituko da.
Meta!
Meta! Mikromezenasgoko bide bat da, pertsona askoren arteko lankidetzan oinarritutako finantziazio kolektiboko tresna berri bat. Pertsona horiek, Internetek eskaintzen dituen aukerez baliatuta, ekintza zehatz bat garatzen laguntzeko diru-kopuru bat biltzen saiatzen dira. Programak bi fase izan ditu: aurrena, nahi izan duten pertsona guztiei zuzendutako prestakuntza-fasea izan da eta, bigarrena, oraingo hauxe, gizartean proiektuetarako babesa bilatzekoa.
Programa honen bitartez, Gipuzkoan kokatutako agenteek garatutako kultur esparruan ekimen berritzaileak sortzen lagundu nahi da, herritarren parte-hartzea bilatuz.
Programa sortu zen kultur proiektuak finantzatzeko bide berriak aztertzeko beharra ikusi zuen Kultura Departamentuaren gogoeta batetik. Crowdfunding sisteman oinarritua dago eta, erakundeen laguntzez edo diru-laguntzez gain, finantziazio pribatua lortzeko eta diru publikoarekin finantzatutako proiektu bakoitzaren babes soziala aztertzeko aukera ematen du. Gizarte zibileko agenteek –partikularrak edo elkarteak– Gipuzkoan egingo duten kultur mailako edozein proiektutarako zabalik dago.
Hautatutako proiektuak hauexek dira:
39 PITZADURA
Diziplina anitzeko ikuskizuna jasotzen du proiektu horrek, antzerkia, ikus-entzunekoa eta dantza nahasten dituenak, eta bere xedea da emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak azaleratzea, hiritarrengan kontzientzia piztu eta modu desberdin batean, eta topikoetatik urrun, eztabaida sorraraztea arazo horren gainean.
Klub kulturako erregeak disko bat grabatu du Creative Commons erakundearen bidez, soinua, pasioa eta sentimenduak partekatzeko. Txanpaina dj-ak grabazio esperientzia hori aterako du, zortzi pista berrirekin eta perkusiozko sarrera batekin, beste hiru artistaren laguntzaz baliatuz.
Amarenak: soinean eramaten diren historiak
Amarenak kaiku jantzia berreskuratzen du, "galtzear" dagoen ohiko euskal jantzi bat. Amonaren jatorrizko patroia gaur egungo gustuetara egokitzen du (hortik datorkio izena proiektuari). Gipuzkoako jostundegietan 68 kaiku eskuz egiteko edizio berezia aurreikusten du, eta bigarren txanda batean, beste 68. Patroiak open source-koak izango dira eta jantziak Km0-koak.
Sinergiak sorrarazi eta hizkuntza, kultura eta aisia uztartu nahi dituzte kultur zentro bat osatzeko eta jardueraz betetzeko, esparru bakoitzeko eragile desberdinen lotura estrategikoari esker, eta etorkizunerako plan eder horrekin, Amets Bide dantza elkarteak lokal berri batekin amesten du.
Arkeologia patioan
Arkeolan Fundazioak ondare arkeologikoa eskura duten batxilerreko ikasleak hezi eta sentsibilizatu nahi ditu, modu sortzailean. Helburu horrekin proposatzen dute, jarduera-hezitzaile osagarri gisa, ikasle horiek indusketa arkeologiko txiki bat egitea Irungo Pio Baroja institutuko lorategian, Irungo antzinako meatzaritzarekin zerikusia izango luketen burdin zepak aurkitu baitira bertan.
arratsberan, LAUAXETA LORCA Abian
García Lorca eta Lauaxeta gerra zibilean hil zituzten, fusilatuta, baina ez da hori bakarrik elkartzen dituen alderdia. Bi pertsona handi horiek egindako ibilbide paraleloa, bizitutako obra poetikoa taula gainean ipiniko duen proiektua da hau, sustraikoa, kultura anitzekoa eta memoria historikoaz ari zaiguna.
Arteria
Internet sarea artearen zerbitzura: web horrek harremanetan jarriko ditu artistak, arte zentroak eta publikoa, izan ere, ezinbestekoa da artea ikusteko moduan ipintzea, artistak harremanetan jartzea eta arteaz gozatzeko aukera ematea, ahalik eta jende gehienari, kultura eta gizartearen garapen egokirako.
Bardulia Nunquam Superata
Gipuzkoako Historiagileen Elkartearen proiektu horrek Gipuzkoako historia laburbiltzen du, eguneratuz eta mito eta klixe zaharrak albo batera utziz. Sei aditu arduratuko dira lurraldeko ibilbidearen ikuspegi eraberritua eskaintzeaz, historiaurretik gaur egun arte, dokumentazio ezezagunarekin.
#BIZIKI
Ba al dute zerikusirik euskarak eta bizikletak? Bizikletak eragin al dezake giza aldaketarik? Galdera horri eta beste batzuei erantzuten saiatuko da Biziki. Bi etapatan garatuko litzateke prozesu bizi hori: lehenik eta behin, bizikleta gainean elkarrizketak eginez Gipuzkoako lau adituri mugikortasunaren, ekonomiaren, feminismoaren eta euskararen inguruan; eta, gero, sormen prozesu bat eraginez, argazki erakusketa batekin bukatuko da, Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Donosskino
Entretenimendua eta konpromisoa dira Donostian egingo den erakusketa ibiltari horren muina, eta "ikusiezina" den zinemari ikusgarritasuna eman nahi dio. Publiko berriei erraztasunak eman nahi dizkie film labur eta metraje ertaineko filmetara iristeko, eta zinema egile eta artisauak beren obrak zabaltzeko gune alternatiboen bidez.
Fabrikatu zure fabrika!
Subiranotasun teknologikoa ahalik eta publiko zabalenera irits dadin, unitate oso eta konpaktu bat egingo da, munduko edozein lekutara eramateko modukoa, diseinuak, 3Dko eskaneatu eta inprimaketak, pirograbatuak eta laser bidez ebakitzeko jarduerak aurrera eramateko. Gainera, "fabrika txiki" horren erreplika erraz egin ahal izango da, berarekin batera doan dokumentazioan ageri den CC-BY-SA baimenari esker.
Donostia-Senegal (Djembering) Jaialdia
2013. urtetik kultur arteko topaketa horrek, batik bat, bertako musikariak dituenak, Senegalgo Djembering herriarentzako dirua biltzen du, Osakidetzako hiru langile ari baitira han lanean, doan. Diru bilketa horrekin musikariak eta boluntarioak saritu nahi dira, baina, aldi berean, kooperazio proiektu hori laguntzea ere du helburu, maila gorenera iristen bagara.
HERIOTZA BIKOITZA (DOBLE MALTA)
Mendebaldean heriotzak duen rolari buruzko performance bat jasotzen du proiektu horrek, hiru ardatz hauetan murgilduz: esperientzia eta joko eszenikoak, Bizitza eta Heriotzaren Liburu Tibetanoaren edukiak eta ikus-entzuneko dokumentalen proiekzio batzuk. Bizitzari atea irekitzen dion pieza bat da.
HOSTOAK ZUZENEAN - ESTEPAKO OTSOA (HERMANN HESSE)
Herman Hesseren Estepako Otsoaren obran inspiratzen den disko baten aurrean gaude, kontzeptu eta sentsazioetan sakontzeko espresio artistiko desberdinak nahasiz: 3 gitarra, 3 ahots, bateria eta baxu batek gorpuztu eta esperimentatuko dute literaturaren soinua.
Bang Bang Zinemaren Udako Gehigarria
"Luzeena, handiena eta ospetsuena" azpitituluarekin aurkezten den kanpaina horrek laguntza eskatzen du Bang Bang Zinemaren bosgarren denboraldia antolatzeko. 2017ko ekainean egingo da, eta mehatxatzen gaitu sekula baino parte hartzaileagoa, udatiarragoa eta harrigarriagoa izango dela.
Mare Collection Gipuzkoa
Kultur lan baten bidez ingurumen gaietan kontzientzia piztea da helburua, deskargatu daitezkeen eta kalitate handia duten irudi galeria baten bidez, Gipuzkoako kostako txoko guztietako baliabide naturalen edertasuna eta balioa erakutsiz, eta horri eusteko errespetua eta lana sustatuz.
Memelius Jauna
Euskaraz egindako "meme" komunitatea sortu eta hedatzeko proiektuaren bidez, euskara normalizatu, erabili eta garatu egin nahi da. Alde batetik, web orri bat egingo litzateke memeak argitaratu eta zabaltzeko, eta, bestetik, lehiaketa bat egingo litzateke, gizarteak parte har dezan, bai memeak sortzen bai horiei botoak ematen.
Ipuin bat, irrifar bat
Ipuin interaktibo eta mugikorra: Shagu izeneko maskotak ospitaletara, harrera zentroetara eta hezkuntza esparruetara eramango ditu zenbait balore lantzeko, esaterako, tolerantzia, adiskidetasuna eta eskuzabaltasuna, haurren gaixotasun baten historiaren bidez.
Piano bat Danirentzat
Erabili gabe dauden pianoak berreskuratu eta Donostian zehar barreiatzea da proposamena, edonork jo ahal izateko piano publikoen gabeziari erantzuteko. Daniri bururatutako ideia bati jarraituz, musikara iristeko modua erraztu nahi da, eta hirigune bizigarriagoak eta afektiboagoak sustatzea du helburu proiektu honek. Dani Amaran bizi den gazte bat da, eta egunero jotzen du TABAn, Tabakalerako kafetegi eta esparru sozialean.
Heriotza on bat bizi eta horretan laguntzeko artea
Zer da guretzat heriotza on bat izatea? Nola lagundu dezakegu heriotza on bat izaten? Mandalara taldeak prestakuntza programa bat proposatzen du kontzientzia soziala pizteko eta zaintza aringarri integralak eta kalitatezkoak lantzeko (non zaintzen den alderdi fisikoa, emozionala, kognitiboa eta espirituala).
2110