Abbadia Sariarekin, lan munduan euskara sustatzeko lan aurreratua aitortuko zaio Fagor Taldeari

 

“Sari honekin, Fagor Taldeari aitortza egin nahi zaio, ehunka langile ari direlako euskara batzordetan ahaleginean eta milaka langile hartzen dituelako ekimenak”, azaldu du Aldundiak. Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz, eta gaur egun arlo honetako errekonozimendu garrantzitsu bihurtu da.

Abbadia Sariaren irabazlearen bitartez Fagor Taldearen hainbat ezaugarri azpimarratu nahi izan dira. Alde batetik, euskararen sustapena enpresa-kudeaketaren ardatzean jarri dutela, hizkuntza kudeaketan urrats esanguratsuak emanda, berrikuntza eta sormen kolektiboa landuz. “Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Eta, gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa”. Honenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du Fagor Taldea eremu sozioekonomikoan euskararen sustapenean “adibide aurreratua” dela, “zabaldu beharreko eredua”.

Informazio gehiago: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/hizkuntzaberdintasuna/fagor-taldea-2021