Ingurune Digitaleko hiztegi Eleaniztuna sortu dute terminologia bildu eta normalizatzeko asmoz

IDE hiztegiaren proiektua Elhuyarrek eta Azkue Fundazioak jarri zuten abian, ingurune digitalaren arloko hutsune bat bete nahian. Azken urteotan, asko garatzen ari da arlo hori, eta etengabe sortzen dira zalantzak eta beharrak hizkuntzaren erabileran. Haiei erantzuteko, arlo zehatz horretako terminologia lantzen da hiztegi honetan: hainbat kontzeptu bildu eta euskarazko terminoak jaso dira, eta haien erabilera normalizatzea da egitasmoaren helburua. Hala, erreferentziazko hizkuntza-baliabide bat gehiago izango dute eskura hezkuntzarekin eta lan-munduarekin lotutako sektoreek, testuak sortzen eta itzultzen diharduten profesionalek eta gizarteak, oro har.

Proiektua abian jarri eta gerora, Euskaltel eta Puntueus fundazioak ere batu zitzaizkion proiektuari, eragile garrantzitsuak biak ere ingurune digitalaren arloan eta euskararen zabalkundean.

Gure proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi ide@elhuyar.eus helbidera eta lehenbailehen erantzungo dizugu.

Une honetan, IDE hiztegiak 106 kontzeptu jasotzen ditu, eta kontzeptu guztiek euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak dituzte. Beraz, hiztegian bilaketa bat egin nahi dugunean, lau hizkuntza horietako edozeinetatik abia gaitezke.

Bestalde, kontzeptuek euskarazko definizioa ere badute, baita irudi bat ere, informazioa osatzeko eta hiztegiak itxura erakargarriagoa izateko. Gainera, informazio osagarri gehiago ere eskaintzen da, beste baliabide batzuetarako esteken bidez; adibidez, Wikipedia, Euskara Batuaren Eskuliburua eta Elhuyar aldizkaria.

Gaur-gaurkoz, hiztegiak atal hauek jasotzen ditu:

  • Internet
  • Informatika
  • Sare sozialak
  • Telekomunikazioak
  • Zibersegurtasuna

http://ide.eus/