Hizkuntza markagintzaren metodologia erabilita aztertu du euskararen marka EHUko ikerketa talde batek. Euskara polita eta zaila dela uste du gizarteak.
Marka objektu baten inguruan aritzean burura etortzen zaizkigun ideien multzo gisa definitzen dute adituek. Marka ez da soilik logo bat. Izan ere, badira logorik gabeko markak. Enpresa, elkarte eta erakundeekin lotzen ditugu nagusiki, baina pertsonak ere marka bihurtu ditugu askotan, baita lurraldeak eta kulturak ere.
Marka bi aldagaik osatzen dute: marka identitatea eta marka irudia. Objektuak, erakundeak edo pertsonak transmititu nahi dituen balioak, alde batetik, eta jendearen buruan dagoena, bestetik. Izan nahi dena, eta jendeak hautematen duena.
Badakigu, hortaz, marka zer den, baina hizkuntzak markarik ba al du? Euskarak markarik al du? Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) euskararen marka aztertzeko ikerketa proiektu bat abian jarri zuen 2019an euskalgintzako eragileekin batera. Apustu aitzindari eta berritzailea izan zen alor akademikoan. Hala, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia izan da. Izan ere, nazioartean, "hizkuntza markagintza" jorratu duen aurrekaririk ez dago. horregatik, unibertsitateko aditu talde batek NIK ikerketa taldea eratu zuen, proiektua aurrera eramateko talde propioa, hain zuzen. Estitxu Garai, Irene Garcia, Patxi Azpillaga, Irati Agirreazkuenaga, Angeriñe Elorriaga, Koldo Atxaga, Sergio Monge, Ainara Miguel eta Naroa Jauregizuria dira bertan.