Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza ekimena amaitzen da, eta Gipuzkoako biztanleak 4.000 ekarpen baino gehiago bidali dituzte
Maiatzean eta ekainean zehar 4.000 herritar ekarpen baino gehiago jaso dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herritaren Partaidetzarako Zuzendaritzak ezarritako bideen bidez.
- 960
Maiatzean eta ekainean zehar 4.000 herritar ekarpen baino gehiago jaso dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herritaren Partaidetzarako Zuzendaritzak ezarritako bideen bidez. Aurreko ekitaldiko datuak kontuan hartuta, herritarren partaidetzak nabarmen gora egin duela egiaztatu da, aurtengo edizioan, proiektu kolektibo horretan parte hartzeko bideak indartu egin baitira. Zehazki, maiatzean eta ekainean zehar, Gipuzkoako herritarrek parte hartzeko aukera dute Lurralde Historikoko udalerrietan kokatuko diren 37 karpa ibiltarietako batera bertaratuta; bestela Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren webgunean beren proposamenak eginez, edo bestela Gipuzkoa osoko buzoietara bidalitako 310.000 galdetegietako bat udal edo foru erregistro publikoetan entregatuz.
Gainera, maiatzean zehar, Imanol Lasak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatuak, eta Joseba Muxikak, Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, bilkurak egin dituzte elkarte eta erakunde zibiletako 550 pertsona ingururekin. Gipuzkoako ordezkari sozialak modu aktiboan eta zuzenean entzuteko apustua lehentasuna da Foru Aldundiarentzat, hain zuzen ere Aurrekontu Irekiak 2018 ekimenaren esparruan. Ildo horretan, ikasleek, merkatariek, ekintzaileek, profesionalek, hezitzaileek, guraso elkarteek edo erretiratuen elkarteek aukera dute 2018ko ekitaldiko Foru Aurrekontuei buruz beren ikuspegia emateko; baita Foru Aldundiko ordezkari politikoei beren ideiak eta iradokizunak zuzenean helarazteko ere.
Berrikuntza gisa, aurten ekimena ezagutzera emateko modu eraginkor eta zabalagoa jarri da abian. 25.000 galdetegi gehiago bidali dira etxeetara; partaidetza prozesua luzatu egin da 60 egunera arte (iaz 44 egunekoa izan zen epe hori) eta modu nabarmenean indartu da kaleko presentzia, Herriz – Herri kanpainako karpen bidez. Zehazki, maiatzean eta ekainean zehar, 37 udalerritan ezarri dira karpa horiek (iaz 16 udalerritan ezarri ziren). Halaber, galdetegi birtuala betetzeko lineako sarbidea ere hobetu da, eta gizarte zibilarekin bilkura gehiago egin dira, hain zuzen ere entzute aktiborako agenda baten bidez. Agenda horren helburua da gipuzkoar guztien ikuspegia eta sentitzeko modua atxikitzea aurrekontuetan.
Galdetegia ere eraldatu egin da, diseinu errazagoa eta pedagogikoagoa ezarri zaio. Hiru galdera ditu, eta horietako bi galdera irekiak dira, hau da, herritarren ekarpenak jasotzeko pentsatuta daude. Alde batetik, xedea da herritarrek 2018ko Foru Aurrekontuetarako proposamenak helaraztea, eta bestetik, etorkizunera begira, Gipuzkoaren erronkak zein diren ezagutzea. Azkenik, 11 jarduera ildoko katalogotik hiru politika hautatzeko aukera eskaintzen zaie herritarrei, Foru Aldundiak bere lehentasuneko inbertsioak non egin beharko lituzkeen adierazteko. Galdetegiarekin batera, informazio mapa bat ere bidaltzen da. Bertan, modu bisualean azaltzen dira Foru Aldundiak 2017ko ekitaldirako egindako inbertsio eta jarduerak, baita 2016an egindako zergabilketa zertan erabili den ere. Beraz, partaidetza eta kontu emate jarduera da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herritarren arteko lotura areagotzea xede duena, gardentasuna eta jabekuntza jarduera bat, alegia.
Aurrekontu Irekiak 2017 partaidetza ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren barne dago. Plan horren helburua da Gobernu Eredu Irekia sustatzea, hain zuzen ere partaidetzan eta pertsonetan oinarritutakoa. Partaidetzari esker, lidergo eraldatzaile eta partekatua lortzen da gure gizartearen eta gainerako erakundeen artean. Horri esker, politika publikoak osatu eta kudeatzeko orduan, gertutasuna, solidaritatea, erantzukizuna eta protagonismo aktiboa indartzen dira. Izan ere, guztion ekarpena, guztiontzat onura. Orain Zu.
Informazio gehiago hemen: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/partaidetza/presupuestos-abiertos