Aurrera doa Gipuzkoako lehenengo sektoreari buruzko hausnarketa partekatua
Lehen sektorearen barne daude premia ezberdinak dituzten eragile ugari, baina horiek guztiak erronka komunak dituzte: belaunaldi aldaketa, lurzoruaren kudeaketa, ustiaketa eta produktuen merkaturatzea
- 1033
Lehen sektorearen barne daude premia ezberdinak dituzten eragile ugari, baina horiek guztiak erronka komunak dituzte: belaunaldi aldaketa, lurzoruaren kudeaketa, ustiaketa eta produktuen merkaturatzea
2016ko uztailaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundia, Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren bidez, lehenengo sektoreak aurre egin beharreko erronka nagusiei buruzko diagnosi partekatua egiten dabil. Diagnosi horren helburua da Gipuzkoa osoan landa espazioa suspertuko duen Ekintza Plana osatu eta egikaritzea. Lehen sektorearen barne daude premia ezberdinak dituzten eragile eta azpisektore ugari (nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza, akuikultura, arrantza, basogintza…), baina horiek guztiak erronka komunak dituzte, besteak beste, belaunaldi aldaketa, lurzoruaren kudeaketa zein ustiaketa eta produktuen merkaturatzea.
Lehenengo sektorean ageri den heterogeneotasuna eta aniztasuna kontuan hartuta, iaz partaidetza prozesu bat jarri zen abian, azpisektore ezberdinetako pertsonak bildu eta txertatzeko asmoz. Gure baliabide naturalak bildu, erauzi edo eraldatzearekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonak dira, eta beraz, inork baino hobeto ezagutzen dituzte lehenengo sektoreak dituen erronkak. Hausnarketa prozesu partekatu eta parte-hartzaile honetan pertsona horiek txertatzeari esker, egungo egoerari buruzko diagnosi bat osatu zen iaz. Jarduera ekonomiko horretara lotutako pertsona guztiek dituzten aukera eta erronka guztiak zehaztu ziren bertan.
Lantalde parte-hartzaile eta kolektibo horri Pagoeta Batzordea izena jarri zitzaion eta iaz lan agenda bat ezarri zuen sektorerako ezinbestekoak diren hiru helbururen inguruan: errentagarritasuna bermatzea, enpresa kudeaketa hobetzea eta komunikazio plan bat zehaztea. 2017an zehar, modu parte-hartzaile eta kolektiboan jarraitu da lanean, hain zuzen ere hiru lantaldeen bidez, anbizio handiko aipatutako hiru helburuak lortzeko. Bilkura egutegiak, 2017ko otsaila, maiatza, iraila eta abendurako zehaztutakoak, xede gisa izango du errentagarritasunaren estrategia, osoko kudeaketa eta komunikaziorako estrategia eta berme estrategia zehaztuz, lehenengo sektorea bultzatzea. Pagoeta Batzordeak Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikarien laguntza du uneoro helburu horiek lortzen laguntzeko.
Lehenengo sektorearen iraunkortasuna eta jarraitutasuna bermatzea lehentasunezko erronka da, herritar guztientzako onura sortzen baita. Hausnarketa partekatu horri esker, herritar guztiontzako onurak sortuko dituen Ekintza Plana osatu ahal izango da. Bertan, Gipuzkoako lehenengo sektorearen errentagarritasuna, komunikazioa eta kudeaketa prozesu parte-hartzaile eta kolektibo baten bidez zehaztuko dira, eta bertan, lehenengo sektoreak berak hartuko du hitza.