Erakunde arteko espazioak bere urteko programa onartu du
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioa sortu zenetik, hau da, 2017ko urtarrilaren 24tik, lehenengo pausoak eman dira esperientziak, jardunbide egokiak eta elkarrekiko ikaskuntza trukatzeko, eta gobernantza irekiko eredu berrien aldeko apustua egiteko.
- 995
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioa sortu zenetik, hau da, 2017ko urtarrilaren 24tik, lehenengo pausoak eman dira esperientziak, jardunbide egokiak eta elkarrekiko ikaskuntza trukatzeko, eta gobernantza irekiko eredu berrien aldeko apustua egiteko. Zehazki, zeharkako espazio kolektibo horrek, Gipuzkoako udalerriek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatutakoak, xedetzat du udal gobernuen eta Foru Aldundiaren arteko sare bat osatzea, bertan herritarren partaidetzarako politikak bultzatzeko, aldi berean herritarren eta erakundeen arteko konfiantza eta hartu-emanak indartuz.
Aipagarria da Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak modu autonomo eta independentean funtzionatzen duela, ikuspegi politiko ezberdinak batuz, eta herritar guztien interes orokorraren alde lan egiten duela. Egiturari dagokionez, hiru espazio bereizi ditu: plenarioa, espazio exekutiboa eta foro teknikoak. Ildo horretan, erakunde horren betebeharra da herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatzea, udal erakundeentzako diru-laguntzak zehaztea, prestakuntza programak diseinatu eta sustatzea, jardunaldiak, topaketak, foroak, mintegiak, lantegiak eta workshopak barne, baita jarduera gidak martxan jartzea ere, metodologia egokia erabiliz, partaidetza prozesu arrakastatsuak ezarriko dituztenak.
2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek lehentasuna dute espazio anitz eta heterogeneo horren funtzioetan. Izan ere, lehentasunetako bat da Gipuzkoan partaidetza kultura eta Gobernantza eredu berriak modu bateratuan finkatzea, betiere gardentasuna, herritarrekiko hurbiltasuna eta modernitatea oinarritzat hartuta. Halaber, gogorarazten dugu, ekimenean parte hartu nahi duten udal gobernuek osoko bilkura bidez hartu behar dutela erabaki hori. Indar politiko guztiek babesten dute Espazioa, haren osaketa eta funtzioak indar politiko guztiekin adostu baitira.
Erakunde arteko Espazioaren 2017rako programa proposamenari dagokionez, foro teknikoak, prestakuntza programak zein proiektuen araberako lantaldeak sustatu eta foro birtuala sortzea da xedea. Kasu honetan, lantalde teknikoak sortzeko hiru proiektu nagusiak dira azpimarragarriak: partaidetzako aurrekontuak bultzatzea; herritarren benetako partaidetza bideratzeko arau eta araudiak osatzea eta herritarren onurarako jardunbide egokiak sistematizatzea. Horrez gain, foro birtuala egongo da, urte osoan zehar irekita egongo dena. Horri esker, dokumentuak zein agenda trukatzeaz gain, zalantzak argitu eta teknologiari buruzko newsletter bat ere kontsultatu ahal izango da. Herritarren partaidetzari dagokionez, teknologia berrien eta berrikuntzaren aldeko apustua funtsezkoa da, bereziki etengabe aldatzen ari diren gizarte harreman dinamikak eta moduak kontuan hartuta.
2017rako proposamena anbizio handiko programa bat da, eta horren xedea da Erakunde arteko Espazioa finkatzea, era horretan partaidetza kultura indartuz eta Gipuzkoako udal erakunde ezberdinetan Gobernu Irekia zabaltzen lagunduz. Ideia aitzindaria da hau: Gipuzkoako udalerrien partaidetza kolektiboari esker, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, sareko lana sortuko da, horren bidez, herritarrak bizitza publikoko protagonista aktibo bihurtzeko.