Partaidetzari buruzko Foru Araua berrikusteko partaidetza prozesua Gipuzkoako Batzar Nagusietara iritsi da
2017ko urtarrilaz geroztik, metodologia parte-hartzaile bat erabiliz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partaidetzari buruzko Foru Araua berrikusteko prozesua dago abian.
- 1014
2017ko urtarrilaz geroztik, metodologia parte-hartzaile bat erabiliz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partaidetzari buruzko Foru Araua berrikusteko prozesua dago abian. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren gidaritzapean, 2000ko uztailaren 8ko 1/2000 Foru Araua berrikusteko partaidetza prozesua jarri da abian. 4 panel bereizien bidez, herritarrei aukera eman zaie Foru Arau horren diagnosia egin eta hobekuntza proposamenak egiteko elementuak identifikatzeko. Ildo horretan, partaidetza prozesuari esker, Foru Arau horretan mantendu beharko liratekeen alderdiak eta aldatu, ordezkatu, berbideratu, zabaldu edota atxiki beharko liratekeen alderdiak zehaztu dira. Ekimen horri esker, ekitaldi honetarako Partaidetzari buruzko Foru Arau egiaztatua edukiko du Gipuzkoak, guztion onurarako.
Prozesuaren lehenengo fasean (2017/01/12 - 2017/01/30) lantalde tematikoak osatu ziren; lau talde (edo panel) bereizi ezarri ziren, gure gizartea modu anitz eta heterogeneoan ordezkatzen duten eragile ezberdinak partaidetza prozesuan txertatzeko asmoz. Zehazki, maila guztietako euskal erakundeetako teknikariek osatu zuten lehenengo taldea (partaidetza esperientziak eduki dituzten udalak, EUDEL, Gipuzkoako Foru Aldundiko edota Eusko Jaurlaritzako organismoetako langileak). Partaidetzari buruzko Foru Araua berrikusteko balio handiko ezagutzak dituzten pertsonak osatu zuten bigarren taldea (Euskal Herriko Unibertsitateko adituak, Deustuko Unibertsitatekoak, Mondragon Unibertsitatekoak...). Hirugarren taldea ordezkari politikoek osatu zuten, eta laugarrena, berriz, gizarte ordezkariek, gizarte eta alorreko erakundeak, berariazko foro eta kontseiluak eta bestelako erakundeak barne, esaterako, auzo elkarteak.
Bigarren fasean (2017/02/01 – 2017/03/30), lau lantaldeek lau bilkuren bidez landu zituzten Partaidetzari buruzko Foru Araua osatzen duten alderdi ezberdinak. Bilkura horien xedea zen Foru Arauaren edukia eztabaidatu eta egiaztatzea, bertan ageri diren ahuleziak, arriskuak, indarguneak eta aukerak bilatuz, baita berrikusi edota eguneratu daitezkeen atal zein edukiak azpimarratuz ere. Lau lantaldeek helarazitako proposamenak, ekarpenak, ideiak eta gomendioak aztertu ondoren, hirugarren fasean (2017/03/23 – 2017/04/23) izaera operatiboko txosten tekniko bat osatu zen. Txosten horretan bildu ziren prozesuaren ondorioz zehaztutako ondorio nagusiak. Horrez gain, Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Araua berrikusteko behin betiko dokumentua idazteko tresna kolektibo gisa ere erabili zen txosten hori. Aldi berean, partaidetza ekimen horren esparruan jasotako ekarpenak itzultze prozesu batean integratu ziren (2017/03/23 – 2017/03/30), Gipuzkoako Foru Aldundiko langileei, eta bereziki, prozesuan parte hartu zuten pertsonei, ekarpen horien berri emateko. Itzultze faseari esker, partaideek ezagutu dezakete zein izan den beren ekarpenen eta prozesuaren emaitza. Horrez gain, Arauaren eguneratze bihur daitekeen dokumentu bat ere aurkezten da.
Aipatutako faseetan, lau lantalde edo partaidetza panelen bidez (teknikariena, adituena, ordezkari politikoena eta gizarte ordezkariena) ekarpenak jaso ondoren, egiaztapen fasean dago gaur egun Partaidetzari buruzko Foru Araua. Alde batetik, otsailean eta martxoan zehar lau lantaldeek egin zituzten bilkuren ondorioak biltzen dituzten txostena dago, eta bertan hobekuntza neurri ezberdinak azpimarratzen dira. Bestetik, ekainean zehar barne egiaztapen jarduera egin da Foru Departamentu guztietako teknikarien partaidetzarekin.
Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Araua berrikusteko partaidetza prozesua datorren uztailaren 3an amaituko da, Gipuzkoako Batzar Nagusietan arau horren egiaztapen politikoa egiten denean. Era horretan, eragile sozialek, adituek, teknikariek eta ordezkari politikoek egiaztatutako araudi eguneratua edukiko du Gipuzkoak, Arau hori ikuspegi kolektibo eta parte-hartzailearen bidez berrikusteko aukera emanez, horrek guztion onura ekarriko baitu.