Enpresa txiki eta ertainei etorkizuneko erronken aurrean laguntzeko programak sendotu eta indartuko ditu Foru Aldundiak
Enpresa txiki eta ertainei etorkizuneko erronken aurrean laguntzeko programak sendotu eta indartuko ditu Foru Aldundiak
Enpresa txiki eta ertainei etorkizuneko erronken aurrean laguntzeko programak sendotu eta indartuko ditu Foru Aldundiak
550 pertsona baino gehiagok parte hartu dute gaur ‘Re-Think Industry’ ekimenaren hirugarren edizioan, eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldi erreleboa eta enpresa proiektuen hazkundea jorratuz
Foru Aldundiak gaur iragarri du etorkizuneko erronkei lotuta enpresa txikiei laguntzeko egitasmoak sendotu eta indartuko dituela, eta konpromiso hori bihar Batzar Nagusietan aurkeztuko duen aurrekontu proposamenean islatuko dela. Hala nabarmendu du gaur Eider Mendoza diputatu nagusiak ‘Re-Think Industry' jardunaldiaren irekiera instituzionalean. Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen aurrerapen eta erronka nagusiak mahai gainean jartzea du helburu jardunaldiak, haien posizio lehiakorra indartu dezaten. Lurraldeko enpresa, eragile eta elkarteetako 550 ordezkari baino gehiagoren aurrean zabaldu du aipatutako mezua.
Kursaleean egin da gaur, aurtengoan edukietan berritutako hitzordu honen hirugarren edizioa. Izan ere, eraldaketa digitalaz gain, ekonomiaren eta, zehazki, lurraldeko industriaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren beste hiru erronka ere jorratu dira: jasangarritasuna, belaunaldien arteko erreleboa eta enpresa-proiektuen hazkundea. Mendozak Foru Aldundiak 2024an garatutako programa eta ekintza batzuk xehatu ditu, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, gaur aurre egin beharreko erronken aurrean: Gipuzkoa Digitala (2,79 milioi euro laguntzetan eta 96 enpresa zuzenean lagunduta); zibersegurtasuna (373.000 euro eta 65 proiektu lagunduak); trantsizio ekologikoa (865.000 euro eta 29 onuradun); enpresa-proiektuen ondorengotza (269.396 euro eta 13 enpresa); eta hazkundea (3 milioi euro eta 76 ekimen lagunduak).
“Adibide bat besterik ez dira, beste ildo batzuk ere badaudelako, eta fiskalitatearen bidez ere jarduten dugulako. Baina izpiritua argi dago: gure ETEak babesten jarraitu nahi dugu teknologia-, gizarte- eta ingurumen-aldaketa handien bide horretan, datorren urteko aurrekontuetan bultzada berri bat emanez”, adierazi du. “Europako industria bidegurutzean dago, badira laino ilunak ere, hala nola Frantzia eta Alemaniako egoera ekonomikoa, gerrak eta tentsio geopolitikoaren areagotzea. Ezinbestekoa da gure enpresek Europako industria berrindartzeko erronka horretan parte hartzea. Testuinguru horretan, saihestu behar dugu Gipuzkoako enpresek erronka horiei abiadura desberdinetan aurre egitea. Gure ekonomia hazten jarraitzea nahi dugu, ongizatean hazten jarraitu nahi dugu, lurralde gisa hazten. Baina guztiok egin behar dugu aurrera, modu kolektiboan", gaineratu du.
Horregatik, Mendozak berretsi egin du bere "determinazioa" enpresa-saretik "gertu" egoteko eta Aldundiaren tresnak “etenik gabe” eguneratzeko, ETEei beren ibilbidean izaten dituzten "etapa eta erronka bakoitzean laguntzeko eta babesteko". Era berean, "lankidetza biderkatzearen" alde hitz egin du, erronka guzti horiei "bermeekin" aurre egiteko. Horretarako, bertaratutako konpainiak gonbidatu ditu foru erakundeak aktibatutako estrategietan eta erreferentziazko zentroetan parte hartzera. Horien artean, ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa eta MUBIL Mugikortasun Jasangarri eta
Adimenduneko Zentroa aipatu ditu. "Gure industriaren egungo eta etorkizuneko lehiakortasuna hainbat joko zelaitan erabakiko da. Konfiantza osoa dut lankidetzatik aurrera egiten badugu, gure enpresa-sarearen nortasun ezaugarriei eusten badiegu – partaidetza, berrikuntza eta nazioartekotzea–, lurralde gisa ditugun gaitasunetan sakonduz, lurralde arduratsu gisa aurrera egingo dugula, gizartearen ongizatea zaintzen duen eta pertsona eta enpresa guztiei hazteko aukerak eskaintzen dizkien komunitate gisa aurrera egingo dugula".
“Egungo indarguneetatik eraiki”
Jardunaldiak, ohi bezala, bi ponentzia nagusi izan ditu, bata irekierakoa eta bestea itxierakoa. Lehenengoa Andrés Rodríguez-Poserena izan da, Geografia Ekonomikoaren arloko akademiko ospetsua, gaur egun London School of Economics-eko (LSE) Asturiasko Printzesa Katedra duena. Rodriguez-Posek adierazi du “Gipuzkoak eta Euskadik abantaila sendoa” dutela, hala “nola garapen-maila altua, enpresa lehiakor eta berritzaileak eta bizi-kalitate handia, baina baita zahartzen ari den gizarte bat ere, hazteko eta biztanleria kualifikatua erakartzeko zailtasunekin, eta horrek eragina du enpresen lehiakortasunean eta berrikuntza-gaitasunean”.
“Etengabe eboluzionatzen ari den mundu honetan – gaineratu du –, geldirik geratzea atzera egitea da. Tamainak eta dinamismoak garrantzia dute, berritu eta hazi beharra dago, funtsezkoa da, baina betiere ikuspegi jasangarri, inklusibo eta erresiliente batekin. Berrasmatzeak ez du esan nahi ‘ex novo’ hastea, sustraiak ahaztu gabe eboluzionatzean datza gakoa, egungo indarguneak aprobetxatuz etorkizuna eraikitzean”. Zentzu horretan, gogorarazi du “Gipuzkoa ez dela, eta ez duela izan nahi, Kentucky. Fiskalitate lehiakorra behar da, bai, baina garapena ezin da soilik pizgarri fiskalen mende egon; kalitatezko inbertsioa erakartzea da helburua. Globalki lehiatzeko berrasmatu, prestatu eta konektatu beharra dago, Gipuzkoa talentuarentzako iman bihurtuz, eta nazioarteko konexioa indartuz, berrikuntza eta berrikuntza ekonomikoa etengabe bultzatzeko”.
Bigarren hitzaldia Javier García-Cogorro, gaixotasun ultra arraroetarako terapia aurreratuak garatzen dituen Columbus Venture Partners fundazioaren bazkide sortzaile eta idazkari nagusiak eskaini du. Gizateriak igaro dituen iraultzen errepasoa egin du, zientifikoa, industriala eta digitala, “egungo biologiaren iraultzara iritsi arte. Iraultza berri honek kapital intelektuala eta kapital tradizionala maila globalean azkarrago lerrokatzea dakar. Euskadik terapia aurreratuak ekoizteko ekosistema bakarra du munduan, eta sendotasun hori aprobetxatu behar da”. Bere ustez arrakasta duten enpresak besteengandik bereizten dituzten bi gako zehaztu ditu: “Ezagutzan oinarritzen dira, eta hazteko gaitasuna dute”. Eta bere ibilbide ekintzailean ikasitako hamar irakaspenekin amaitu du, besteak beste, “indarguneak indartzea eta ahuleziak onartzea, agian lehen aldian ez funtzionatzea onartzea, noiz gelditu behar den jakitea eta beste gauza batzuekin jarraitzea, eta gaitasun onenak dituzten pertsonen esku uztea erabakiak”.
Era berean, Gipuzkoako eragile ekonomikoekin batera landutako programa baten bidez, lau mahai-inguru nagusi egin dira, eta bertaratutakoek lurraldeko enpresa erreferenteen jarduna bertatik bertara ezagutu ahal izan dute, kasu arrakastatsu horien ikaskuntza beren ibilbide partikularrean txertatuz. Lehen mahaiak ETEetan teknologia digitalak ezartzeko estrategiak jorratu ditu, zibersegurtasuna barne. Betapack, Ekintza Mekanizatuak, HRE Automation eta OKINek hasierako oztopoak nola gainditu dituzten eta
eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen duten soluzio digitalak arrakastaz nola integratu dituzten kontatuko dute. Bigarrenak negozioen eskalatzearen erronkari heldu dio, finantzaketa eta baliabideetarako sarbidea eta adituen aholkularitza barne. Biele, Biotech Foods, Salto eta Siliconas Silam-en eskutik egin du.
Hirugarren mahaia proiektuen jarraitutasunari eta belaunaldien arteko erreleboaren plangintzari buruzkoa izan da. Ezarri, Grupo Unzeta, Grindel Gears eta Ondarretako arduradunek oinordetza-prozesuei nola aurre egin azaldu dute, epe luzerako egonkortasuna eta hazkundea ziurtatuz. Azkenik, laugarrenean, negozio-eredu iraunkorrago baterako trantsizioak dituen aukerak eta erronkak aztertu dira. Algon Estructuras Metalicas, Fundiciones Estanda, Hijos de Juan de Garay eta Domusa enpresetako arduradunek karbono-aztarna murrizteari buruz hitz egin dute, eta ekonomia berdeak eskaintzen duen potentziala nola aprobetxatzen ari diren azaldu dute. Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak jardunaldia itxi du, eskerrak emanez hori ahalbidetu duten pertsona eta eragile guztiei.
4876