Lan baldintzak

Langileen artean nolabaiteko espezializazioa zegoen. Harrobiko langileek marga erauzi, mazoaz txikitu, eskuz, eta bagoietan zamatzen zuten. Garraiolariek lantegiraino eramaten zuten lehengaia. Han pikatzaileek birrindu egiten zuten, eta jarraian labeetako zamaketariek labera botatzen zuten lignitoarekin batera, palaren laguntzaz. Errementariek lanerako erremintak egin eta konpondu egiten zituzten, eta beren lan kalifikazioa altuagoa zen.

Corta y Cía zementu naturaleko fabrikako langileakCorta y Cía zementu naturaleko fabrikako langileak 1925 inguruan.

Langileak, marga harrobietakoak zein lantegietakoak, inguruko herrietakoak izaten ziren, Arroa eta Zestoakoak, kasu, eta gehien bat baserrietakoak. Bizi ziren tokitik lanera oinez joaten ziren, eta batzuen kasuan ordubete inguru ere behar izaten zuten.

Agoten, XX. mendearen hasieran lan honetan ari zirenak hogeita hamar ziren, harrobia eta lantegia kontuan hartuta. Guda Zibila arte ez zen betetzen ezarrita zegoen gehienezko lanaldia; “egunsentitik gauera arte” lan egiten zen.

1904. urtean peoi batek 4 pezeta irabazten zuen eguneko. Kopuru hori murriztu egiten zen 0,5 edo pezeta 1ean ere bai, langile berrienen kasuan. Arotzen soldata 4,50 pezetakoa izaten zen eta harginena, berriz, 5 pezetakoa. Hamalau urte geroago (1918. urteko abendua) peoien soldata eguneko 0,25 pezetatan hobetu zen eta beste hainbeste 1930. urtean.

Guda Zibilaren ondoren laneko ordu kopurua murriztu egin zen eta eguneko 10 pezeta kobratzera ere iritsi ziren. Soldata hamabostean behin (13 lan egun) kobratzen zen. Kopuru horri Familiako kargak izeneko plusa gaineratu behar zitzaion, puntu famatuak (lansariaren %10); “Corta eta Cia” enpresan hileko 18 pezetako balioa zuten puntu horiek. Soldatak ordaintzeko dirua “Zumaiako bulegoetatik” ekartzen zen. Lan baldintzak, ingurumen baldintzei dagokienez, oso txarrak ziren, “lantegi barruan hauts ugari jaten zen”, aire libreko harrobia osasuntsuagoa zen.

Langile bakoitzak bere janaria eramaten zuen lantokira (nagusiki babarrunak, sardina zaharrak eta batatak, azkenei azala kentzen zitzaien). Berotzeko Aizarnako lignitoa erabiltzen zuten eta jatekoa “xafla batean” jartzen zuten. Batzuek ondoko taberna batean bazkaltzen zuten (janariak 0,50 pezeta balio zuen eta pinta-erdia ardok 0,30). Berrogeiko hamarkadaren bukaeran lehenengo langile erdaldunak iritsi ziren. Horiek ondorengo esaera utzi zuten:

Sopa, poca

Alubias, cuatro

Carne, un buen plato