Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak emakidadunei eskatuko die beren langileei prestakuntza eman diezaietela autobusen irisgarritasuna erraztuko duten tresnak erabiltzen.

Azahara Domínguez diputatuak Avanza emakidunak antolatutako "Zure zapatetan" jardunaldia ireki du, langileak arrapalen erabilpenean trebatzeko, sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko bai eta ibilgailuetan sortzen diren beste irisgarritasun-arazo batzuk konpontzeko lagunduko diena

#language('DGN-THE-viewImage') Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak emakidadunei eskatuko die beren langileei prestakuntza eman diezaietela autobusen irisgarritasuna erraztuko duten tresnak erabiltzen.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: "Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua gaur egun Lurraldebusen diharduten gainerako emakidadunekin harremanetan jarriko da, behar diren prestakuntzak egin ditzaten, dibertsitate funtzionala duten pertsonen mugikortasunerako eskubidea bermatzeko ez ezik, pertsona horiek garraio publikoaren erabileran duten esperientzia egokia eta beren beharretara egokitua izan dadin. Gure ustez, garraio publikoa Gipuzkoako gizarteak aukeratuko duen garraiobidea izango da baldin eta kalitatezkoa bada, lehiakorra bada, segurua bada, erosoa bada eta, jakina, irisgarria bada. Eta, horretarako, emakidadunen eskutik lan egin behar dugu, guztion artean konponbide egokiak eskaini ahal izateko gure zerbitzuetan gertatzen diren eguneroko egoerei".

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen lan egiten duten emakidadunei eskatuko die langileei prestakuntza eman diezaietela dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako autobusen irisgarritasuna erraztuko duten tresnak erabiltzen.

Horrela iragarri du Azahara Domínguez diputatuak, "En tus zapatos" jardunaldiaren irekieran. Avanza emakidadunak antolatu du jardunaldia, eta, hain zuzen ere, emakidadun horren langileak arlo horretan prestatzea du helburu. 

Jardunaldian parte hartu dute Borja Berroya Euskadiko Avanza Dibisioko zuzendariak eta arlo hauetako arduradunek: Ustiapena, Operazioak, Giza Baliabideak, Mantentze-lanak eta Tailerra, Kalitatea, Ingurumena eta bezeroekiko harremana, gidariak, ustiapenerako laguntza-zerbitzua, txarteldegia eta tailerra. Gainera, jardunaldian Elkartu federazioko ordezkariek eta Aspaceko erabiltzaile batek parte hartu dute. 

Bere hitzaldian, diputatuak gogorarazi du Gipuzkoa "une historiko bat" bizitzen ari dela garraio publikoaren erabilerari dagokionez; izan ere, 2023an 26,5 milioi erabiltzaile izan zituen, historiako kopururik handiena. Joera hori mantentzen ari da 2024an, eta "erantzukizun handia" dakar berekin. "Lehenik eta behin, egunero lan egin behar dugulako zerbitzua hobetzeko eta egiaztatzen goazen eguneroko beharretara egokitzeko. Bigarrenik, kalitatezko zerbitzu publikoa eskaini behar dugulako, gure erabiltzaileek eskatzen eta merezi dituzten estandarren mailan. Eta hirugarrena, azken hilabeteetan garraio publikoaren alde egin duten erabiltzaileak fidelizatzeko erronka izugarria dugulako, eta haien inplikazioa behar dugulako Gipuzkoak urratsak egiten jarrai dezan, gero eta lurralde jasangarriagoa izan dadin". 

Ildo horretan, iragarri duenez, "Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik harremanetan jarriko gara gaur egun Lurraldebusen diharduten gainerako emakidadunekin, behar diren prestakuntzak egin ditzaten, dibertsitate funtzionala duten pertsonek mugikortasunerako duten eskubidea errespetatuta ikusteaz gain, garraio publikoaren erabileran duten esperientzia beren beharretara egokitua izan dadin. Lanean jarraituko dugu, gertatzen diren ezustekoak konpontzeko ez ezik, helburua aurrea hartzea izan behar da, ez daitezen gauzatu eta berme osoz goza dezazuen garraio publikoaz". “Gure ustez, garraio publikoa Gipuzkoako gizarteak aukeratuko duen garraiobidea izango da baldin eta kalitatezkoa bada, lehiakorra bada, segurua bada, erosoa bada eta, jakina, irisgarria bada. Eta, horretarako, emakidadunen eskutik lan egin behar dugu, guztion artean konponbide egokiak eskaini ahal izateko gure zerbitzuetan gertatzen diren eguneroko egoerei", amaitu du. 

Mendekotasuna duen pertsonen laguntzaileentzako doako txartela
Bestalde, diputatuak gogorarazi duenez, asteazken honetatik aurrera, mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileak garraio publikoan doan bidaiatzeko txartela jasotzen ari dira euren etxeetan.

Txartel hori Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko akordio bati esker lortu da. Eskaera egiteko, foru erakundeak ezarritako baldintzak betetzeaz gain, beharrezkoa da Mugi txartelaren titularra izatea. Datu pertsonalak bat etorriko dira Mugi txartel pertsonalizatuan agertzen direnekin, eta iraungitze-data izango du. Laguntzaile-txartela eskatu ondoren, hilabete geroago, gutxi gorabehera, txartela etxean jasoko dute. Txartel hori duten pertsonek bakarrik izango dute lagun batekin doan bidaiatzeko eskubidea.

"Mendekotasuna duten pertsonei ez ezik, haien laguntzaileei ere garraio publikorako sarbidea erraztu behar diegu. Lankidetza honekin, urrats berri bat ematen dugu Gipuzkoa lurralde kohesionatuagoa eta bidezkoagoa izan dadin", adierazi du Azahara Dominguezek.