Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Eskuzaitzetako urbanizazio obra osagarrien lizitazioa hasi du

Aldundiak Eskuzaitzetako urbanizazio obra osagarrien lizitazioa hasi du

Sarbidea eta azpiegiturak egingo dira MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Poloaren lurzatietan.

2024/07/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak Eskuzaitzeta eremuko lurzati baten urbanizazio obra osagarrien  exekuzio proiektua eta lizitazioa onartu ditu. Bertan, MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Poloaren hainbat azpiegitura egongo dira, eraikitze fasean daudenak eta erritmo onean doazenak.  Lanen barruan bidearen goiko urbanizazioa eta dagozkion azpiegitura sareak sartzen dira, azpiegitura elektrikoari dagokion obra zibila barne. Irune Berasaluze foru bozeramaileak gaur jakinarazi duenez, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 2.563.523,33 eurokoa da. Kontratua adjudikatzeko prozedura irekia laster argitaratuko da kontratatzailearen profilean.

Proiektuak badu jada Aldundiko Arkitektura Zerbitzuaren aldeko txostena, baita Udalaren obra lizentzia ere. Aldundiak bere garaioan eskuratutako lurzatiak 38.326,6 metro koadro ditu, eta bertan ezarriko dira mugikortasun jasangarriaren – mugikortasun elektrifikatu, autonomo eta konektatuaren– garapenarekin lotutako zentro teknologikoak eta enpresak. Poloarekin bat egin dute orain arte TECNALIA, CIDETEC, VICOMTECH eta CEIT-ek. 36 milioi euro inguruko inbertsio publiko-pribatua egin da bertan. Lurzatia zatitzen ari dira, eta azpilurzatiak antolatuko dituen barne-bide bat aurreikusi da, azpilursailetarako sarbideak antolatu eta errazteko. Zerbitzuak eskuratzeko beharrezkoak diren azpiegiturak ahalbidetuko dira, aldi berean.

Poloaren barruan egongo da MUBILen behin betiko egoitza, ia 10.000 metro koadroko espazioa izango duena. Eraikin nagusiak 4.900 metro koadro izango ditu, lehen laborategiak –energia biltegiratzea– 2.200 metro koadro, eta bigarren eta hirugarren laborategiek –powertrain elektrikoa eta hidrogeno erregaiaren pila– 2.500 metro koadro. Foru bozeramaileak esan duenez, egoitzako lanak "erritmo onean doaz aurrera", baita "laborategiak instalatu eta lekuz aldatzeko lanak" ere, eta "hilabete honen erdialderako MUBILeko taldea Eskuzaitzetan lanean hastea espero da". "Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, zentroa erabat erabilgarri egongo da urtea amaitu baino lehen", aurreratu du.

Egoitza berriak jauzi kualitatibo bat egiteko aukera emango du, bai espazioaren ikuspegitik, Tolosako behin-behineko egoitzaren tamaina halako lau izango baitu, bai gaitasun teknologikoen aldetik; izan ere, biltegiratze-laborategiari Power Train eta hidrogenozko erregai-pila gehituko zaizkio orain, guztiak ere funtsezkoak direnak etorkizuneko ibilgailu arin eta astunen osagai kritikoak probatzeko eta soluzio eta prototipo berriak garatzeko.

 Bozeramaileak gaineratu duenez, poloa martxan jartzeak "mugarria ezarriko du Gipuzkoak eta Euskadik mugikortasun adimendun eta jasangarriaren alde egiten duten apustuan. Hala, puntako azpiegitura bat izango dugu Europan, gure industriarekin, ETEekin eta ikerketa sarearekin batera eraldaketa bizkortzeko mugikortasun eredu berri baterantz, eta gure industria sarea indartzeko sektore horretan, erronka erabakigarria baita klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean. MUBIL eragile proaktiboa eta aukera-sortzailea izango da, bai gure egungo sarea sendotzeko, bai proiektu berritzaile berrien aldeko jarrera hartzeko, gure mugikortasun industria eta sareari punta-puntako zerbitzua eta azpiegiturak eskainiz".

Zerga-bilketa

Agerraldian, Gipuzkoako zerga-bilketa metatuari buruzko datuak ere eman dira: % 9,3ko igoera izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 1.966 milioi euro bildu dira ekainera arte, 2023ko aldi berean baino 167 milioi gehiago. Sarrera osoak % 6,4 gehitu dira eta itzulketak % 0,7. Zuzeneko zergen bilketa likidoa % 16,8 igo da, zeharkako zergena % 1,8 eta Estatuarekiko doikuntzena % 6,9.

Bilakaera positiboa azaltzen da lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundeagatik, ondare-irabazien gaineko atxikipenengatik, BEZagatik eta kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenengatik, bai eta zerga berezien Estatuarekiko doikuntzengatiko ordainketen murrizketagatik ere. Aitzitik, PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak handitzeak eta BEZaren lurralde arteko doikuntzen sarrerak murrizteak eragin negatiboa izan dute metatutako bilketan.

Tributuka aztertuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 12,2 igo dira, hau da, 119,2 milioi euro igo dira aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren bilketa likidoa % 16,3 handitu da, hau da, 121,5 milioi gehiago. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 2,0 milioi jaitsi dira ekainera arte. Aldakuntza horren arrazoia da diru-sarrera gordinak 2,5 milioi euro murriztu direla eta itzulketak 0,5 milioi euro murriztu direla.

Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa metatua % 2,3 igo da aurreko urtearen aldean, lurralde arteko doikuntzen bidez Gipuzkoan sortutako BEZaren zatia berreskuratu ondoren. Hala, 12,8 milioi euro gehiago bildu dira. Atal honetan, Gipuzkoako lurraldeko diru-sarrerak 31,7 milioi euro igo dira (+%3,7) eta itzulketak 5,4 milioi euro jaitsi dira (-% 1,3). Halaber, lurraldeen arteko doikuntzak 24,4 milioi euro murriztu dira (-%20,5).

Zerga berezien kasuan, hidrokarburoen gaineko zerga % 10,4 jaitsi da, hau da, 12,6 milioi euro gutxiago. Tabako-laboreen gaineko zergari dagokionez, % 1,0 igo da, hau da, 4,3 milioi euro gehiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 190,1 igo da, hau da, 3,5 milioiko igoera aurreko urtearen aldean, azken arau-aldaketengatik.

Estatuarekiko doikuntzengatik metatutako bilketa 3,8 milioi jaitsi da BEZean eta 11,5 milioi hobetu zerga berezietan. Puntu honetan nabarmentzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 9,7 milioi murriztu dela eta aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 12,8 milioi murriztu dela hidrokarburoen doikuntzagatik.

Berasaluzek nabarmendu du “Gipuzkoako ehun ekonomikoak jarduera maila on bati” eusten diola, eta horrek “isla” duela zerga-bilketari buruzko zifretan. Gogorarazi du “datozen hilabeteetan islatuko dela bere garaian pentsiodunek mutualitate bati egindako ekarpenen itzulketa gehienen eragina, Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, eta, 2023ko Errentaren kanpainako datuen arabera, 59 milioi itzuli behar izan direla. Datozen hilabeteetan eta 2024a amaitu baino lehen, 2022, 2021, 2020 eta 2019 ekitaldiei buruz eskatutako zuzenketak itzuliko dira”.

Buru nahasmendu larria duten pertsonentzako arreta

Era berean, Kontseiluak hasiera eman dio Arrasaten, Beasainen eta Donostian (Maldatxo) buru nahasmendu larria duten pertsonentzako errehabilitazio psikosozialeko zentroaren (CRPS) zerbitzua kontratatzeko prozesuari. Kontratuaren hasierako iraupena urtebetekoa izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin, eta urteko aurrekontua 690.983,09 eurokoa izango da.

Zerbitzu honek, aldi baterako edo modu iraunkorrean, mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta indibidualizatua eta integrala eskaintzen die egunez, autonomia pertsonala hobetzeko edo autonomia pertsonalaren ahalik eta maila hoberenari eusteko, muga funtzionalak konpentsatzeko eta ohiko zaintzaileei laguntzeko, prebentzioko, gaikuntzako eta asistentziako prestazioen bitartez. Prestazio horiek gaitasunak garatzera bideratuta daude, autonomia pertsonala lortzeko eta komunitate ingurunean parte hartzeko.

"Intentsitate ertaineko eta handiko zerbitzua da, irekiera orduetan hezitzaileen etengabeko presentzia bermatzen duena, bai eta ongizate fisiko, psikologiko eta sozialera bideratutako arreta integrala emateko profil egokiak dituzten profesionalen diziplina anitzeko talde baten laguntza ere. Funtzionamenduan, malgutasun irizpideak aplikatzen dira, erabiltzailearen beharretara eta lehentasunetara hobeto egokitzen den zerbitzua ematea ahalbidetzen dutenak", azaldu du Berasaluzek.

Gabiriako Udalarentzako dirulaguntza

Azkenik, Kontseiluak erabaki du 52.000 euroko dirulaguntza ematea Gabiriako Udalari, Frontoi-azpin etxebizitza eremu bateko harri lubeta egonkortzeko euri uren saneamenduak eta drainatzeak eragindako gastuen zati bat finantzatzeko. Proiektuaren kostuez gain, diruz lagundu ahal izango dira obra gauzatzeari dagozkion ordainsari teknikoak ere: obra zuzendaritza, segurtasun eta osasun koordinazioa, etab.

Udalak laguntza eskatu zion Aldundiari, premiaz ekin ziezaioten harri lubeta hori egonkortzeko proiektu bati, udalerriko etxebizitza eremu baten segurtasunari eragiten zion heinean. Harri lubeta hori deformatzen ari da, eta euri uren kanalizazioko eta drainatzeko akatsak zuzendu behar dira. Gabiriako udala udal txiki bat izanik, obra horrek harentzat duen kostua handia da (231.881,22 euro), eta kaltea konpontzeko premia dago, obraren helburua etxebizitza eremu baten segurtasuna bermatzea baita. "Udalerri txikiei laguntzea eta horiekiko lankidetza sendotzea da Aldundiaren konpromisoa", amaitu du bozeramaileak.

  

1384