Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak mugaz gaindiko aurrekontu parte-hartzaileen deialdi berri bat aktibatu du

Foru Aldundiak mugaz gaindiko aurrekontu parte-hartzaileen deialdi berri bat aktibatu du

Eragileek eta partikularrek ekainaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren ekimenak www.gipuzkoa64.eu webgunean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ideiak 2024-Mugaz Gaindiko Aurrekontu Partehartzaileak dirulaguntzen deialdia aktibatu du, eta, horren bidez, bi lurraldeen arteko loturak estutzea bilatzen duten proiektuen garapen bateratua babesten du. Irune Berasaluze foru bozeramaileak Diputatuen Kontseiluaren asteroko bilkuraren harira azpimarratu duenez, deialdiaren oinarriak maiatzaren 8ko GAOn kontsulta daitezke eta eskaerak ekainaren 3ra arte aurkez daitezke www.gipuzkoa64.eu helbidean, non xehetasun guztiak ere aurki daitezkeen. Aurten ere, Aldundiak 150.000 euro jarriko ditu proiektu berriak garatzeko, eta onartutako proposamen bakoitzak 20.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, laguntza horien bidez Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoko herritarren artean loturak sortzen lagun dezaketen mugaz gaindiko proiektuak bultzatzen dira. Aurkezten diren proposamenek bat etorri behar dute Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoan identifikatutako erronkekin eta helburu estrategikoekin, eta lehentasuna emango zaie herritarren parte-hartzea sustatzen dutenei, gazte-ikuspegia dutenei, eleaniztasuna garatzen dutenei eta/edo genero-ikuspegia dutenei. Aurkezten diren proiektuek mugaz gaindikoak izan behar dute, eta gutxienez Iparraldeko eragile bat izan behar dute.

Pertsona fisikoek, elkarteek, fundazioek, enpresek, unibertsitateek, udalek, mankomunitateek edo ekonomia intereseko taldeek (EIT) aurkez ditzakete beren ekimenak. Azkenean gauzatuko diren ekimenen aukeraketa modu parte-hartzailean egingo da, eta herritarrek aukeratu ahal izango dituzte puntuazio tekniko handiena lortu duten proiektuen artean. Bozketa-aldia ekainaren 19an hasi eta uztailaren 9an amaituko da. Parte hartu nahi duten eta kontsultaren bat egin nahi duten edo zalantzaren bat duten pertsona edo erakunde guztiek partaidetza@gipuzkoa.eus helbidera idatz dezakete.

Bozeramaileak azpimarratu duenez, "mugaz gaindiko espazioak aukera paregabea dira politika publikoetan eta ekintza komunitarioaren indartzean berritzeko. Europa ez dugu ikusten muga batek hesitutako lurraldeen puzzle gisa, baizik eta elkarri eragiten dioten eta gero eta fluxu handiagoak dituzten espazio irekiak bezala. Lankidetzazko gobernantza bat bultzatzeak, eragile askoren inplikazioak, eta esperimentazioak erabateko zentzua dute arlo honetan. Proiektu honi buruz egiten dugun balorazioa positiboa da, mugaz gaindiko lankidetzan urrats bat harago joatea eta benetan interesgarriak diren proiektuei bide ematea lortu baitugu". Gaineratu duenez, aurten eskaera gehiago iristen ari dira eta ekimena gero eta "ezagunagoa" da elkarteen artean, "bereziki hezkuntza arlokoen artean, baina baita beste eremu batzuetakoen artean ere, hala nola kirola, aisialdia, kultura edo ingurumen arlokoetan".

Mugaz gaindiko aurrekontuen lehen edizioak, 2022an egina, "Zilarrezko lurraldea" saria jaso zuen, Frantziako Senatuak bultzatutako Berrikuntza Publikoaren Behatoki Nazionalak ematen duena. Lehiaketa urtero egiten da, eta tokiko ekintza publikoaren

eremuan izaten diren jardunbide egokien esperientziak saritzea du helburu. Harrezkero, 17 proiektu finantzatuz sustatu da lankidetza, helburu komun batekin: Pirinio Atlantikoetako eta Gipuzkoako herritarrak hurbiltzea.

  

1586