Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Adineko pertsonen bizi kalitatean eta ongizate integralean jauzia dakarte tokiko zaintza ekosistemek”

“Adineko pertsonen bizi kalitatean eta ongizate integralean jauzia dakarte tokiko zaintza ekosistemek”

• Komunitatea indartuz Zaintza Ekosistema Lokala garatzeko Deba egiten ari den lana txalotu eta parte hartzera animatu ditu Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, herriko alkate Alazne Txurrukarekin batera • Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Debako Udalean elkartu da gaur eta herriko desafio eta beharrizanen berri izan dute foru gobernuko kideek

Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Deban bilkura ibiltaria egin du gaurkoan, joan den apirilean hasitako ekimen berritzailearekin jarraituz. Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, Debako Udalean elkartu dira goizean foru diputatuak eta lurralde osora begirako hainbat neurri eta erabaki hartu dituzte bertan, asteartero legez. Ondoren, herriko desafio eta beharrizanen berri izan dute foru gobernuko kideek, Alazne Txurruka alkatearen eskutik, eta herriko zenbait txoko esanguratsu bisitatu dituzte, horien artean Andre Maria eliza eta kalostra gotikoa, lurraldeko kultura ondasunen artean kokatzen direnak.

Diputatuen Kontseiluaren aurretik, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Alazne Txurrukak bilera egin dute, bi erakundeek partekatzen dituzten proiektuak aztertu eta herriko egitasmoen inguruko gogoetak partekatzeko. Horien artean, Deban adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko Zaintza Ekosistema berritzailea sortzeko abian den prozesuaren inguruan mintzatu dira. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean, duela hilabete batzuk abiatu zen ekimen hori kostaldeko herri honetan; dagoeneko herriko eragile desberdinez osaturiko disziplina anitzeko talde eragile bat sortu da eta honek egoeraren analisia egin du.

Diputatu nagusiak txalotu egin du Debako herria, komunitate osoaren partaidetza ardatz hartuta, Zaintza Ekosistema Lokala garatzeko egiten ari den lana eta modu aktiboan parte hartzen jarraitzera animatu ditu herriko eragileak eta, oro har, debarrak. “Lurralde osoko hainbat herritan sustatzen ari gara tokiko ekosistemak eta dagoeneko pilatzen ari garen esperientziak erakusten digu adineko pertsonen zaintzan, bizi kalitatean eta ongizate integralean oso inpaktu positiboa eragiten dutela, jauzi garrantzitsua eragiten dutela alor honetan. Horregatik, eskertzekoa da Deba ere ahalegin horretan murgiltzea, gainontzeko herrientzako ere eredugarria izango baita prozesu hau”, nabarmendu du.

Aurreko legealdian, lankidetzazko gobernantza sustatzeko Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan Zaintza Herrilab proiektua abiarazi zenetik, lurraldeko hamabost herritan martxan jarri dira tokiko zaintza ekosistemak sortzeko prozesuak. Aldundiak legealdi honetarako jarritako helburuen artean, xedea da eskualde guztietara hedatzea. Laburbilduz, etxean bizi diren eta hauskortasun edota mendekotasun egoeran dauden adinekoen arreta eta zainketa hobetzea bilatzen du gisa honetako tokiko ekosistema batek. Horretarako, gizarte eta osasun zerbitzuen, nahiz komunitatearen, koordinazioa eta elkarlana sendotzen dira, adineko herritarrek etxean jasotzen duten zaintza izan dadin erabat pertsonalizatua, kalitatezkoa eta komunitatearen partaidetzan oinarritua.

Dagoeneko abian diren esperientziek adierazten dute, Eider Mendozak jakinarazi duenez, adinekoen ongizatean nahiz zaintzaileen “onura nabarmena” dutela tokiko ekosistemek eta, gainera, atzeratu egiten dutela egoitza batera sartzea ezinbestekoa gertatzen den adina. “Gipuzkoa lurralde aitzindaria izan da eta da pertsonen zaintzan. Etorkizunean hala izatea nahi dugu eta, Debakoa bezalako ekimenei esker, pertsonak erdigunean jarrita, lurraldeko zaintza eredua eraldatzen jarraitzen dugu, hiru ardatz oinarri hartuta: pertsonalizazioa, komunitatea eta berrikuntza”.

Zaintza Ekosistema Lokalaren bitartez, adinekoak eta pertsona zaintzaileak erdigunean jarriz, adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko lan lerroak definituko ditu Debak. Ekimen honen bidez, beraz, adineko herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu Udalak, baina baita gizarte eta komunitate-sarea indartzea ere, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako den erantzukizun partekatua dela erakutsiz. Gainera, prozesuak irauten duen bitartean, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek egitasmo honek adineko pertsonen ongizatean duen eragina neurtu eta tokiko ekosisteman landuko diren praktika onuragarriak identifikatuko dituzte, gainontzeko herrietarako ere erreferentzia izan daitezen.

Herriko alkatea Alazne Txurrukak adierazi duenez, “zaintzen inguruko kezka nabarmena da Deban. Beharrezkoa da zaintzaren inguruan hausnartzea eta zaintzen eredua aldatzea. Horregatik Zaintza Ekosistemaren eraketa lehentasunezkoa eta estrategikoa da guretzat, adinekoek eskura dituzten zerbitzuak eta euskarriak indartzeko eta haien beharrei modu proaktiboan, egokian eta sentikortasunez erantzuteko. Ekimen honen bidez, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako erantzukizun partekatua dela erakutsi nahi dugu, kalitatezko zaintza bermatzeak nagusiengan ez ezik, horien senitartekoengan zein zaintzaileengan ere eragin zuzen eta positiboa duelako”.

Kontseilu ibiltaria

Debakoa laugarren Kontseilu ibiltaria da, joan den apirilean foru gobernuak egitasmo berritzaile hau abian jarri zuenetik. Ordutik Leintz-Gatzagan, Zestoan, Zumarragan eta, orain, Deban elkartu dira; irailaren 3an, berriz, Zarautzen izango dute hitzordua. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzetan, “Aldundian ezarritako lankidetzazko gobernantza ereduaren esparruan, ahalegin berezia egiten ari gara lurraldeko udalerrien behar eta proposamenak gertutik ezagutzeko. Ekimen hau aberasgarria izan da lehen egunetik eta, gainera, foru gobernuaren jarduna herritarrengana gerturatzeko parada ere eskaintzen digu”, adierazi du.

Alazne Txurrukarekin izandako bileraren harira, diputatu nagusiak adierazi du “herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri dela foru gobernua Debara, baita herritarrek izan ditzaketen kezka eta eskaeren berri izatera ere”, azaldu du. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osora zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.

  

1087