Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak ‘Partekatuz’ jarri du abian, ezagutza transmititzeko eta belaunaldien arteko erreleboa egiteko plana

Foru Aldundiak ‘Partekatuz’ jarri du abian, ezagutza transmititzeko eta belaunaldien arteko erreleboa egiteko plana

Plantillaren % 54k 50 urte edo gehiago ditu, eta ehuneko hori are handiagoa da ardurako lanpostuetan, hala nola zerbitzuburuetan.

2024/07/30
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio gaur ‘Partekatuz' programari, Foru Aldundiak aurreikusitako belaunaldien arteko erreleboaren testuinguruan ezagutzaren transmisioa errazteko antolaketa-plan berria, aldi berean langileentzako erretiro-neurri berriak jasotzen dituena. Irune Berasaluze Gobernantzako diputatu eta foru bozeramaileak gaurko agerraldian iragarri duenez, datozen urteetan erakundeak “aurrekaririk gabeko plantillaren berritze-prozesuari ekingo dio”, eta ekimen honen bidez “eraldaketa sakon horri modu planifikatuan erantzun nahi diogu, pertsona horien esperientziaren eta ezagutzaren transmisioa bermatuz eta erakundeak egiten duen lanaren kalitatea eta herritarrei eskaintzen dien zerbitzua hobetuz”.

Gogoratu behar da 15 urteko epean, plantillaren ia erdiak, 1.000 pertsona inguru, funtzionarioak zein lan-kontratuko langileak, erretiroa hartuko duela. Era berean, egungo datuen arabera, Foru Aldundiko plantillaren % 54k 50 urte edo gehiago ditu, eta joera hori are nabarmenagoa da erantzukizuneko lanpostuetan, zerbitzuburu, sekzio eta negoziatuen % 78k adin hori gainditzen baitu.

Berasaluzek azaldu duenez, “80ko hamarkadan euskal erakundeak altxatu eta martxan jarri zituzten langileen erretiroak markatutako ziklo historiko baten amaieran gaude. Belaunaldi honen balioek, kulturak eta talentuak erabateko aitorpena merezi dute, eta horrekin batera, pilatu duten duen ezagutzari eusteko neurriak hartu behar dira ezinbestean, balio handikoa baita. Gure ustez, erakundea modernizatzeko eta profil eta talentu berriak txertatzeko egiten ari garen ahalegina askoz ere arrakastatsuagoa izango da, lehendik dagoen eskarmentu hori mantentzeko gai garen heinean; erantzukizun berriak hartzen dituzten pertsonak hutsetik has ez daitezen, baizik eta aurrekoen ikasketa horien onurak izan ditzaten”.

Plan berria urriaren 1ean sartuko da indarrean, eta hamarkada bateko epean berrikusiko da. Aipatutako erronkari modu egituratuan erantzun nahi dio, erakunde osoa inplikatuz. Programan parte hartu ahal izango dute erretiro aurreratua edo arrunta hartu nahi duten funtzionarioek eta lan-kontratuko langileek, Aldundian gutxienez 8 urtez lan egin badute.

Bestalde, erretiro progresiboa bermatzeko eta borondatezko eszedentziarako eta erretiro aurreraturako pizgarriak eguneratzeko neurriak jasotzen ditu, eta parte-hartzaileek hainbat aukera jasotzen dituzte, hala nola librantza-baimenak, partzialki ordaindutako baimenak, lanaldi hobaridunaren murrizketak edo norberaren eginkizunetarako baimenak, ordainsaririk jaso gabe. Estatu-legelariak ezarritako araudi-testuinguru berrira egokitzea da helburua; izan ere, ohiko erretirorako legezko adina 67 urtera arte luzatzen du pixkanaka, eta erretiro aurreratua modu nabarmenean zigortzen du erretiro arrunta hartu baino bi urte lehenago.

‘Partekatuz’ planari atxikitzen zaizkion langileek banakako programa bat izango dute, lanpostu mota desberdinetara egokituko dena. Erretiroa hartzen duen pertsonarekin lan egiten duten pertsonek hark egiten dituen lanak zehatz-mehatz ezagutu ahal izango dituzte, lanpostuan hasten den pertsonari ezagutza behar bezala aldatzen zaiola bermatzeko. Pertsona atxikita dagoen zerbitzuburutzak edo parekoak txostena egin beharko du programan jasotako jarduera guztiak gauzatu diren egiaztatzeko, eta Funtzio Publikoko Zerbitzuak baliozkotuko du. Programaren azken helburua da pertsona berria lanpostura sartzen denean, planean parte hartu duen pertsonak bildutako eta landutako materiala eskura izatea.

“Hainbeste pertsonak urteetan metatutako ezagutza, informazioa eta gaitasunak transferitzea garrantzi handiko erronka da, eta belaunaldi aldaketa eraginkor baterako prozesua sistematizatzea eskatzen du, aldi berean ilusionagarria ere badena. Ikusi behar dugu langile kualifikatuen eta esperientziadunen irteera ez mehatxu bat bezala, baizik eta prozesu natural bat bezala, bikaintasunez gauzatu behar duguna; plantilla gaztetzeko eta Aldundi berri baten oinarriak ezartzeko aukera bat, egungo gizartearen erronka, eskakizun eta beharretara egokitua”, adierazi du bozeramaileak.

Nabarmentzekoa da plana langileen ordezkariekin landu eta adostu dela, eta gehiengo sindikalaren babesa duela. “Lorpen horri balioa eman behar diogu, legegintzaldi honetan lortu ditugun akordio oso garrantzitsuen ildo beretik datorrelako, hala nola Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuarekin edo IZFErekin. Funtzio publikoan elkarrizketaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, betiere zerbitzu publiko eraginkorra eta kalitatezkoa izateko ideiarekin”.

Soldata-igoera

Bestalde, Kontseiluak erabaki du, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin, Foru Aldundiaren  zarbitzura dauden langileen eta haren kargu publikoen ordainsariek % 2ko igoera izatea 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, ordainsari horiek arautzen dituen Estatuko legeriarekin bat etorriz. Ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretuak, 6. artikuluan, horien gehikuntza jasotzen du, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta 2023ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko % 2ko gehieneko igoera globala ezartzen du.

Trafiko-dispositiboa

Bozeramaileak udako irteera-operazioari lotutako aurreikuspenen eta dispositiboaren berri ere eman du. “Muga eta bidesarietan jende gehien biltzen den egunak dira, eta, beraz, ahal den neurrian aurreikuspenez jokatzeko eskatzen diegu herritarrei. Aurten, bereziki, Frantziarako fluxuan eragina izango dute Biriatun Olinpiar Jokoak direla eta egin daitezkeen segurtasun-kontrolek”. Nortasun txartela edo pasaportea eskura izatea gomendatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko web orrian (www.trafikoa.eus) eta 011 telefonoan informazioa jasotzea.

Bidasoaldean, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, bereziki Irunen kasuan, eta ibilgailu pribatua saihestea hiri barruko joan-etorrietarako edo inguruko ibilbideetarako. Aldundiak gogorarazi du uda osoan Lurraldebusen Donostia eta Hondarribiko aireportua zuzenean lotzeko zerbitzua izan dela, eta beharrezkoak diren lineak indartzen jarraituko duela. Gainera, Irungo eta Hondarribiko udalekin eta Ertzaintzarekin koordinatuta, Oinaurreko AP-8ko Irungo irteera ixtea planteatuko da berriro, hiriko trafikoa kolapsatzea saihesteko. Neurri hori gauzatzen bada, herritarrei eskatzen zaie une oro arreta jartzeko errepideko seinaleei, eta Ertzaintzak eta udaltzaingoak emandako jarraibideak betetzeko.

Irteera-operazioaren trafiko-aurreikuspenei dagokienez, hilaren 27tik bihar, hilak 31, bitartean Irungo bidesarian 265.000 ibilgailu igaro direla kalkulatzen da (172.000 Donostiarako norabidean; 93.000 Hendaiarako norabidean), egunean 53.000 ibilgailu batez beste. Zarautzen egindako kalkuluen arabera, 263.000 mugimendu izango dira. Abuztuaren 1etik 4ra, Irunen 197.000 ibilgailuko aurreikuspena dago, egunean 49.000 ibilgailukoa batez beste, eta Zarautzen 198.000 mugimendukoa.

Berasaluzek ziurtatu du Aldundiak “bide-koordinaziorako eta bidesariak kobratzeko estazioak kudeatzeko baliabide erabilgarri guztiak” bideratuko dituela. Irungo eta Zarauzko ordainlekuetako bide guztiak gaituta eta indartuta egongo dira udako operazioaren egunetan, 14 Irunen eta 19 Zarautzen. Aurten, gainera, hirugarren errei berri bat gehituko da Irungo ordainlekuan, 300 metrokoa, Donostiarako noranzkoan. Errei horrek ibilgailuen banaketa hobetuko du, eta bide guztietarantz doan fluxua arinduko du, trafikoa erdiko tartean kontzentratzea saihestuz. Ordainlekuan eskuz ordaintzea erraztuko da, eta tarifa beherantz biribilduko da berriro, 2,98 eurotik 2,95 eurora Irunen irailaren 1era arte. Errepideetan, berriz, zaintzarako eta laguntzarako 8 patruila egongo dira 24 orduz.

N-I errepidearen zenbait zati birgaitzea

Azkenik, Kontseiluak N-I errepideko zoruaren gainazala artean birgaitzeko obrak kontratatzeko prozesua hastea onartu du 447,865 eta 451,800 KPen artean Irun-Gasteizko noranzkoan eta N-I-451-1-S-1 irteerako adarrean, Gasteiz-Irungo noranzkoan, eta N-I-451-2-S dezelerazio-erreia luzatzeko Irun-Gasteizko noranzkoan, Lasarte-Oriako hegoaldeko lotunean (N-I-I-451). Lanek 1.618.071,97 euroko lizitazio-aurrekontua dute, BEZa barne, eta hiru hilabeteko exekuzio-epea.

Proiektuak N-I errepideko zoruaren gainazala birgaitzea aurreikusten du, 447,865 eta 451,800 KPen arteko tartean, Irun-Gasteizko noranzkoan, N-I-447-B eta N-I-452 lotuneen irteera-adarrekin bat datozenak, hurrenez hurren, Andoaingo iparraldeko loturari eta Lasarte-Oriako erdialdeari dagozkienak. Era berean, N-I errepideko irteera-adarra egokitzea aurreikusten du 451,488 eta 451,763 KPen artean, Irun-Gasteizko noranzkoan, adar horren dezelerazio-erreiaren luzera handitzeko eta, beraz, N-I-452 errepidea Merkabugatiko biribilguneraino lotzeko baldintzak hobetzeko, horrek zerbitzua ematen baitio haren inguruan dagoen industrialdeari. Lasarte-Oriako hegoaldeko lotunean dagoen N-I-451 errepideko bide-zorua birgaitzea ere aurreikusten da.

Obra horiekin segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dira puntu horretan, eta zoru osoa babestuko da iraunkortasunari, iragazgaiztasunari eta uniformetasunari dagokienez. Izan ere, Andoain eta Lasarte-Oria arteko zatian, Irun-Gasteiz noranzkoan, errodadura-geruzak azaleko ezaugarri aldakorrak ditu, eta horri Lasarte-Oriako lotunea hobetzeko obren eragina gehitu behar zaio.

Ildo horretan, foru bozeramaileak azpimarratu du Gipuzkoako errepideek “etengabeko ahalegina” eskatzen dutela “mantentzeko eta birgaitzeko, bai gure geografiaren eta klimaren ezaugarriengatik, bai bideek jasaten duten trafiko arin eta astunaren bolumen handiagatik, Europa barneko garraio-ardatzen puntu neuralgikoetako bat baikara. Legegintzaldi honetan ahalegin hori sendotuko dugu, lurraldeko errepideetako bide-zoruek beharrezko segurtasun- eta kalitate-mailak izan ditzaten behar diren baliabideak bideratuz, beti ere eta lurralde-orekaren ikuspegia aintzat hartuz”.

  

5057