Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Gipuzkoako alkate emakumeekin elkartu da Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloan aurrera egiteko

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Gipuzkoako alkate emakumeekin elkartu da Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloan aurrera egiteko

Foru diputatuak azaldu duenez, topaketa horien helburua da, garraio publikoaren erabileran segurtasunari eragiten dioten gaiak jorratzea, autobus geltokiak eta haien kokapena kasu, udal-eskumenekoak izan arren, indarkeria matxistarik gabeko espazioak lortzeko bidean aurrera egiteko.

2024/07/19
Azahara Domínguez diputatua emakume alkate batzuekin bileran.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: “Honako protokolo honen helburua da garraio publikoan emakumeen segurtasuna bere osotasunean lantzea, alegia, zerbitzuak berak irauten duen denboran ez ezik, baita geltokietan dauden bitartean edota haietarako irisgarritasunean ere, espazio horietan guztietan indarkeria matxistarik egon ez dadin. Hori dela eta, Gipuzkoako emakumezko alkateekin elkartu gara, administrazio guztien eskumena baita garraio publikoa zerbitzu jasangarri, eroso, seguru eta lehiakorra egiteaz gain, emakumeentzako segurua ere izatea”. 

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak topaketa erronda hasiko du Gipuzkoako emakumezko alkateekin, Lurraldebusen indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloaren osaketan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Horretarako, ostiral honetan, uztailaren 19an, diputatuak lehenengo bilera egin du Saregile Orioko Emakumeon Etxean, Orio, Aizarnazabal eta Azkoitiko alkateekin, Anuska Esnal, Mari Carmen Arregi eta Ana Azkoitiarekin, hurrenez hurren. Era berean, topaketetan Irun eta Errenteriako udalek arloko zinegotzien ordezkaritza izan dute, eta Azpeitiko Udaletik berdintasun-teknikari bat izan da. Bilera horren ostean, beste bi egingo dira: bat uztailaren 22an, Larraulen, Aduna, Alegia, Asteasu, Larraul, Orexa, Villabona eta Zizurkilgo alkateekin, eta, bestea, uztailaren 24an, Elgoibarren, Elgoibar, Deba, Arrasate, Oñati eta Segurako alkateekin.

Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, topaketaren helburua da Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa lantzea, ikuspegi integral batetik. Protokolo horrek barne hartzen du autobusen barnean, eta geltokietan eta haietarako sarbideetan (azken bi horiek udalaren eskumenekoak dira) zerbitzuak eskaintzea. Izan ere, diputatuak emakume-elkarteekin eta Lurraldebuseko emakidadun zein erabiltzaileekin izandako topaketen ostean, egiaztatu ahal izan da emakumeek jasandako segurtasunik gabeko une batzuk ibilgailutik kanpo gertatzen direla. Horrenbestez, lan egin nahi da autobus geltokiak ere indarkeria matxistarik gabeko guneak izan daitezen. “Beharrezkoa da garraio publikoa emakume guztientzako espazio seguru bat izatea, baita bertara igo baino lehen ere. Horretarako, elkarlanean aritu behar dugu udalekin, denon artean emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak ezabatzeko pausoak emateko”, nabarmendu du diputatuak. 

Hamar erabiltzailetik sei, emakumeak
Datuen arabera, emakumeak dira Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duten hamar pertsonatik sei. 

Azahara Dominguez diputatuak bilkurak egin ditu jada hainbat emakume-talderekin, Lurraldebusen jarduten duten emakidadunetako emakumezko langileekin eta erabiltzaile-taldeekin, eta horiek ekarpenak egin dizkiote protokoloari. Horrez gain, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak autobusetako emakumezko erabiltzaileei eskatu die 18 puntuko galdetegi erraz bat betetzeko, garraio publikoa erabiltzean emakumeek izaten dituzten bizipenen irudi bat egiteko.

"Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasun-modu indartsuenetako bat da, eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen konpromisoa behar da indarkeria hori desagerrarazteko bidean aurrera egiteko. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik eskuz esku lan egin nahi dugu Lurraldebusen unibertsoa osatzen duten eragile guztiekin, langile zein erabiltzaile, eta baita zerbitzua ematen dugun udalekin ere, gizarteko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko bidean aurrera jarraitzeko. Garraio publikoa pertsonen beharretara egokitu behar da, jakina, baina orobat beharrezkoa da gure erabiltzaileak eroso eta seguru egotea bertara sartzen direnean. Garraio publikoak jasangarria, erosoa, lehiakorra, irisgarria eta, jakina, segurua izan behar du erabiltzen duten pertsona guztientzat; izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu erabiltzaile kopurua mantentzea eta geroz eta handiagoa izatea".

  

7582