Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Abiadura Handiko Trena Nafarroarekin lotzeko, Ezkio-Itsasoko konexioa ezinbestekoa da Gipuzkoarentzako

“Abiadura Handiko Trena Nafarroarekin lotzeko, Ezkio-Itsasoko konexioa ezinbestekoa da Gipuzkoarentzako

Eider Mendoza diputatu nagusiaren iritziz, euskal Y-a Iruñearekin Gasteizetik lotzeko aukerak azpiegituraren lehiakortasuna mugatu eta gehiegi areagotuko luke euskal hiriburuak lotzeko beharrezko denbora

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, bere kezka adierazi du gaur, berriki jakin ostean Gasteizko alternatiba indarra hartzen ari dela Espainiako gobernuaren baitan Euskal Y-a Iruñearekin lotzeko aukera nagusi gisa, Ezkio-Itsasoko konexioa alde batera utzita. "Gipuzkoako eta Euskadiko herritarrak urteak daramatzate azpiegitura hau martxan jartzeko zain. Nafarroarekiko lotura gure lurraldetik urrundu daitekeela jakitea albiste oso txarra da. Ezkio-Itsasoko konexioa ezinbestekoa delako gure lurralderako, Goierri, Urola eta Debagoiena bailarei zerbitzua emango dien geltoki batekin; alternatiba hori irmoki defendatuko dugu administrazio eremu guztietan", azpimarratu du.

Izan ere, diputatu nagusia ez dator bat Nafarroarekin egin beharreko lotura hori Arabako hiriburutik egitearen alde mahai gainean jarri diren argudioekin. Zehaztu duenez, Ezkio-Itsasoko irtenbidea 25 minutu laburragoa da beste alternatiba baino eta horixe da, hain zuzen ere, AHTren balio nagusia: ibilbideen azkartasuna". Bere iritziz, urteetan zain egon ondoren, Gipuzkoako herritarrek "ez lukete ulertuko eta ez lukete partekatuko" Nafarroarekiko lotura Arabako hiribururaino luzatzea, mahai gainean dagoenean aukera bat zuzenagoa dena, eragin paisajistiko txikiagoa duena eta EAEko eta Nafarroako hirien arteko trenbide-konektibitatea hobetzeko eraginkorragoa dena”.

"Abiadura Handiko Trena funtsezko elementua izango da Euskadiren eta Gipuzkoaren lehiakortasunerako, gure gizartearen deskarbonizazioa eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta, beraz, ezin dugu ontzat eman ibilbideen denborak luzatuko dituen eta herritarrek egingo duten erabilerari eragin diezaiokeen irtenbide bat", adierazi du.

Abiadura Handiko Trenaren aurka dauden alderdiek gobernatzen dituzten udalerri batzuk trena eraikitzeko izapideak moteltzen ari direla argudiatzea, berriz, ez da onargarria Mendozarentzat, "interes orokorreko" obra baita, gaineratu duenez, "funtsezkoa gure herria egituratzeko eta Arku Atlantikoan komunikabideak bultzatzeko". Horregatik guztiagatik, inplikatutako administrazio guztiei eskatu die azpiegitura honen eraikuntza azkartu ahal izateko izapide guztiak errazteko.

Azkenik, diputatu nagusiak eskatu du Gipuzkoan AHTa martxan jartzeko falta diren obretan aurrera egiten jarraitu dadila eta Donostia, Irun eta Ezkio-Itsasoko geltoki berriak eraikitzeko lanak azkartu daitezela; halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio, espreski, lehentasuna eman diezaiola AHTa Nafarroarekin Ezkio-Itsasotik lotzeari.

Horrekin batera, Mendozak Ezkio-Itsasoko alternatiba berretsi du eta konpromisoa hartu du jarrera hori datozen egunetan osatuko den Eusko Jaurlaritza berriari eta Espainiako Gobernuari helarazteko, "balantza ahalik eta lasterren Ezkio-Itsasoko konexiora bidera dezaten".

  

3439