“AGI-ak ez ditu hasierako helburuak betetzen eta behar berriak sortzen ditu gainera”
“AGI-ak ez ditu hasierako helburuak betetzen eta behar berriak sortzen ditu gainera”
Peña Diputatutak alderdiekin, udalekin eta hirugarren sektorearekin bilera erronda egingo du laguntzaren inguruko ekarpenak jasotzeko
AGI edo diru-sarrerak bermatzeko laguntza aztertu ondoren, ondorio nagusiak jasotzen dituen txostena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan Maite Peña Gizarte Politikako Diputatuak.
Peña diputatuak azaldu du txostena hiru ataletan dagoela banatuta, “datuen irakurketan oinarritutakoa da lehena, udal gizarte langileen eta hirugarren sektoreko langileen iritzian oinarritutakoak beste bi atalak”, azaldu du Maite Peñak.
Txostena zehatz, Jon Iribar Gizarte Politikako departamentuko planifikazio, kontzertazio eta prestazio ekonomikoetako zerbitzuburuak eta txostenaren egile denak azaldu die batzarkideei. Iribarrek esan du, egun 1.422 pertsonek kobratzen dutela laguntza hau hilero; gehienak gizonezko gazteak, 23 eta 35 urte bitartekoak eta familia kargarik gabeak. Atzerritarrak dira diru-sarrerak bermatzeko laguntza eskatzen duten ia guztiak, halere Iribarrek azpimarratu du AGIko onuradunen argazkia eta Gipuzkoan dagoen inmigrazioaren argazkia ez datozela bat, herrialdeka alde handiak daudela AGIko onuradunen artean. Herrika ere, batetik eta bestera, alde handia dagoela antzeman du Iribarrek txostenean. Herrigune zehatz batzutan pilatzen dira AGIko onuradun gehienak, nahiz eta agian ez diren, berez, inmigrazio gehien jaso dezaketen herriak . Eta hau guztia, dei efektu edo “efecto llamada”-ren ondorio jo du txostenaren egileak.
Eta kostuan, AGIko onuradunen bataz besteko laguntza hilean 706,6 eurokoa dela azaldu du Iribarrek, eta guztira, urtean, Gipuzkoako foru aldundiak 11 milioi euro pasatxo gastatzen dituela laguntza hau ematen.
Datu hauen gainean, diru-sarrerak bermatzeko laguntzaren onura eta arazoak kaleratu ditu Iribarrek. Arazo nagusia, argi esan du, “Gipuzkoan soilik dagoen laguntza izanda, Gipuzkoari ematen dion aparteko uharte izaera da”, Iribarren hitzetan. Laguntza kudeatzeko bitarteko gehiago ere behar direla eta diru-laguntza soila izanda, bestelako bitartekorik gabe, ez duela gizarteratzeko aukerarik ematen azpimarratu du. “Ez ditu premiak asetzen”, azaldu du.
Onuren artean, bereiztu du bestelako laguntzarik ez duten eta Gipuzkoan bizi diren pertsona edo familiei esku bat botatzeko balio dezakeela eta baita udalei eurei ere, erraminta bat jartzen diela eskura, eskean doanari nolabaiteko erantzun bat emateko.
Udalei dagokionean, %60k inguruk erantzun dute galdetegia, eta errealitate batetik bestera, antzemandako alde handiak aipatu ditu Iribarrek. Galdetegia erantzun duten gizarte langileen artean, oso gutxik dute jarrera finkoa, bai aldatzeko baita laguntzari bere horretan eusteko ere. Errotik, laguntza desagertzearen alde mintzo direnak gutxi dira, eta ia denek azpimarratzen dute, laguntza kobratzen ari direnei kentzea ez litzatekeela komenigarria izango. Amaitzeko, badaude hainbat gizarte langile, diru-laguntzarekin batera, beste bitarteko batzuk ere eman beharko liratekeela aldarrikatzen dutenak.
Hirugarren sektoreari dagokionean, Iribarrek azaldu du ikerketa egiteko, AGIko onuradunekin lan egiten duten hiru elkarterekin batzartu direla eta hemen ere, asko aldatzen dela batzuen eta besteen ikuspegia. Dei efektua edo “efecto llamada” ote duen galdetuta, gehiago edo gutxiago, baina baietz onartzen dute denek. Premian dagoenari laguntzen diola ere azpimarratzen dute, nahiz eta gero bereiztu egiten duten honek zenbateraino balio izan dien bazterkeria egoeratik ateratzeko. AGI Europan, baldintza horietan dagoen diru-laguntza bakarra izatearekin ez datoz bat, eta aldarria egiten dute, izatekotan gutxienez EAE osora zabalduta beharko litzatekeela; Gipuzkoan, Araban edo Bizkaian besteko premiak daudela argudiatuz. Eskaria egiten dute, gizarteratzen laguntzeko, diru-laguntzarekin batera beste bitarteko batzuk jarri beharko liratekeela, eta AGIan aldaketarik egin behar balitz, denboraz eta informazio zabalez egitea gomendatzen dute elkarteek.
Txostena ezagututa, Peña diputatuak onartu du “laguntzak ez dituela gizarteratze helburuak lortzen; premiak ez ditu asetzen eta behar berriak sortzen ditu gainera”, eta zentzu horretan, neurri eraginkorragoen alde egin nahi duela aldarrikatu du. Behin eta berriz berretsi du, premian daudenei laguntzen jarraituko duela, ”Gipuzkoan ez da inor bazterrean geldituko”. Gizarte berdin eta juxtuago baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Peñak eta azaldu du, “horregatik nago tematuta diru publikoa arduraz erabili eta neurri eraginkorrenak lortzeko”.
AGIaren inguruan egin behar diren aldaketak aztertzeko alderdiekin bilera erronda hasiko Peña diputatuak eta udaletako zein hirugarren sektoreko ordezkariekin ere bilduko dela iragarri du, haien ekarpenak jaso eta laguntza nola berdiseinatu daitekeen aztertzeko.
1540