"AtzegiXperience" sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu dute
"AtzegiXperience" sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu dute
AtzegiXperience” lelopean, elkarteak adin ezberdinetako pertsonak animatu nahi ditu boluntario izatera eta esperientzia ahaztezinak bizitzera. Kanpainaren xedea Atzegiko boluntarioen lana balioan jartzea da.
ATZEGIK, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu dute urteko sentsibilizazio kanpaina “AtzegiXperience” lelopean. Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua, Josean Idoeta, Atzegiko presidentea eta Patricia Ayo, Elkartekintza eta Familia Laguntza zerbitzuko arduraduna eta kanpainako koordinatzailea, izan dira kanpainaren nondik norakoak azaltzearen arduradunak.
Aurtengo kanpaina boluntarioei zuzendua dago. Adimen desgaitasuna duten pertsonek, deialdi dibertigarri baten bidez, boluntarioen esperientziak, modan dauden esperientzia kaxekin alderatuz, bizipen ahaztezinak izateko gonbita luzatu dute. Aldi berean, boluntarioen lana balioan jarri nahi dute, eta adimen desgaitasuna duten pertsonekin denbora partekatzen duten pertsonei eskerrak eman. Izan ere, musutruk, euren hobbyak partekatu eta hainbat esparrutan laguntzen duten pertsona asko dago.
Bizipoza, Escapadas, Bienestar edo Bidelagun. Izen horien arabera taldekatu dira AtzegiXperience kaxak eta, horien bitartez, Atzegik eskaintzen dituen boluntario aukerak azalduko dira; puntualki kolaboratzea, aldizka, zaletasunen bat partekatzea, ekimenetan parte hartzea, oporretara joatea edo, besterik gabe, zerbait hartzera ateratzea. Hala, kolore guztietako esperientziak daudela aditzera eman nahi du kanpainak, eta zarena zarela badagoela zuretzat egokia den esperientzia.
Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, azpimarratu nahi izan du Atzegiri esker adimen desgaitasuna duten pertsonen integrazioa lortu dela eta beraien egunerokoa “beste edonorena” bezalakoa izatea. Era berean, nabarmendu du aurtengo lemak, alegia, “AtzegiXperience”- xarma duela, eta aurreko kanpainek bezala, gonbitea modu “dotore eta sortzailean” luzatzen duela, tankera desberdineko jendea animatu dadin boluntario izatera. Horren harira, gogorarazi du “oso gutxi falta dela 10.000 atzegizale lortzeko”. “Egia esan -gaineratu du- ezagutzen ditudan atzegizaleek esaten didate esperientzia ahaztezina dela, eta esperientzia kaxa hauek ondo irudikatzen dute sentsazio hori”.
Bestalde, Peñak elkarte eta administrazioaren arteko “elkarlana”ren garrantzia azpimarratu nahi izan du, bereziki “Atzegi”-k egiten duen lan “garrantzitsuagatik”. “Ezin dugu ahaztu Atzegik aisialdirako duen eskaintzaren parte handi bat boluntarioei esker gauzatzen dela”, eta hori, balio erantsia izateaz gain, Gipuzkoako boluntario sarearen “garapen maila” islatzen du.
“Esperientzia paregabe eta ahaztezinak”
Josean Idoetak, ATZEGIko presidenteak, adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitzan boluntarioek duten garrantzia azpimarratu du, “hauei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek beren aisialdiaz gehiago gozatu, gizartean aktiboki parte hartu edo lagun hurkoa zabaltzeko aukera dute, eta azken batean, horrek hobetzen du euren gizarteratzea”.
Horrez gain, Idoetak adierazi du boluntarioek ere balorazio oso positiboa egin ohi dutela “oso ondo pasatzen dute eta bueltan asko jasotzen dutela adierazten digute”. Azkenik, Idoetak azpimarratu du pertsona guztiek aurkituko dutela beren neurriko “AtzegiXperience”-a eta ziur “ahaztezina” izango dela.
Patricia Ayok, kanpainako koordinatzaileak, hainbat euskarri ezagutzera eman ditu; kartelak (denda eta markesinetarako), esperientzi kaxak, eskuorria, bideoa, etab. Aldi berean, kanpainarentzat martxan jarritako microsite-a erakutsi du, atzegi.eus/xperience eta #atzegiXperience hashtag-arekin Twitter, Facebook, Instagram eta WhastsApp (609 703 706) bitartez argazkiak eta esperientziak kontatzeko aukera azaldu du, “urte guztian zehar boluntarioen esperientziak partekatuko ditugu pertsona gehiago animatu daitezen esperientzia ahaztezinak bizitzera”.
Kanpaina gaur jarri da martxan eta Atzegiko familiei esker 8.000 kartel jarri dira Gipuzkoa osoan zehar eta 128 markesina ere ezarri dira. Gaurtik kanpainaren amaierara arte, urriaren 10ean, hainbat aurkezpen egingo dira Gipuzkoan zehar, mezua txoko guztietara iritsi dadin.
Halaber, urriaren 10an arratsaldeko 18.30h. kanpainaren ekitaldi nagusia ospatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldi horretan kanpaina ikusentzunezko, antzerki, musika etab. bitartez azalduko da eta adimen desgaitasuna duten pertsonek parte hartze handia izango dute. Ekitaldia irekia izango da eta gonbidapenak Atzegiren bulegoan eskuratu ahal izango dira (943.42 39 42).
ATZEGIREN DATU OROKORRAK
2.167 familia (2.253 adimen desgaitasuna duten pertosnak)
2.633 kolaboratzaile
9.889 atzegizale
Elkartearen oinarria guztira: 16.942 pertsona
Atzegiko familiei esker 8.000 kartel jarri dira Gipuzkoa osoan zehar eta 128 markesina ere ezarri dira
2305