“Berrikuntza politikoan jauzi bat emango dugu, desafio sozial eta ekonomiko emergenteei lankidetzan erantzutea helburu”
“Berrikuntza politikoan jauzi bat emango dugu, desafio sozial eta ekonomiko emergenteei lankidetzan erantzutea helburu”
“Berrikuntza politikoan jauzi bat emango dugu, desafio sozial eta ekonomiko emergenteei lankidetzan erantzutea helburu”
Eider Mendoza diputatu nagusiak gipuzkoar gizarteko ordezkarien aurrean aurkeztu ditu 2024-2027 Plan Estrategikoaren oinarriak; “pertsona guztien ongizate integrala” sustatzea izango da lehentasun nagusia Diputatu nagusiak maila guztietan lankidetza indartzera dei egin du eta, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez, lurraldeko desafioen aurrean “elkarlanerako espazio zibiko zabal” sendotzen jarraitzeko gonbitea luzatu du
“Pertsona guztien ongizate integrala bilatzea, hori da gure lana gidatzen ari den koordenatu nagusia”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gisa horretan adierazi du foru gobernuak legealdi honetarako bere buruari ezarri dion lehentasun nagusia, hainbat alorretako 250 ordezkari eta eragile baino gehiagoren aurrean, 2024-2027 Plan Estrategikoaren oinarriak gizartearen aurrean aurkezteko antolatutako ekitaldian. Foru Aldundiak ezarritako bide orri estrategikoak “bulkada berritzailea” dakar, hain zuzen ere, “desafio sozial eta ekonomiko emergenteen aurrean erantzun berriak eta partekatuak” jorratzeko bidea zabaltzen duelako, “berrikuntza politikoan jauzi bat” emanez.
“Guztiok ikusten ditugu gure inguruan errealitate sozial eta ekonomiko berriak, 2020tik hona areagotu direnak. Nahi gabeko bakardadea, adikzioak, krispazioa, buruko gaixotasunak, pobrezia egoeren kronifikazioa, absentismoa, enpresetan postuak osatzeko langile falta, elkartegintzan errelebo falta… Desafio kolektibo garrantzitsuak dira eta arduratzen gaitu horiek izan dezaketen eragina herritarron bizitzetan, ongizatean eta gizarte kohesioan. Horregatik, ongizate integralaren alde egiteko konpromisoa hartzen dugu eta egitasmo berritzaileak lantzen ari gara, elkarlanean erronka horiei guztiei erantzun partekatu bat emateko helburuarekin”, aurreratu du diputatu nagusiak, Hernaniko Chillida Leku museoan aire zabalean egindako ekitaldian.
Mendozarekin batera, aurkezpenean parte hartu du Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak eta Jasangarritasuneko diputatuak, zeinak baita ere hitza hartu duen gipuzkoar gizarteak bizi dituen eraldatze nagusien inguruko bere gogoetak partekatzeko. Bertan izan dira, baita ere, foru gobernuko gainontzeko diputatu guztiak, hainbat alkate –tartean Hernaniko eta Donostiako alkateak– eta Eusko Jaurlaritzako Kultura nahiz Garapen Ekonomikoko sailburuak, Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia, nahiz Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria. Gipuzkoako hirugarren sektore sozialeko, ekonomia sareko, euskalgintzako, kirol munduko eta kulturgintzako aurpegi ezagunak ere bai. Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere bertan izan da.
“Zergatik Plan Estrategikoa? Gipuzkoa justuago bat eraikitzeko. Eta hori lortzeko, beharrezkoa da helburuak eta erronkak partekatzea, gizarte osoaren parte-hartzea eta inplikazioa lortzea. Foru Gobernuaren egitekoa da norabidea markatzea, baliabideak eskaintzea eta erraztasunak ematea, aurrean dugun eraldaketa teknologiko, sozial eta ekologikoaren aurrean”, iradoki du Jose Ignacio Asensiok. Ahalegin hori “guztion lana” da, bere iritziz, eta horregatik erronka horiek “guztiok barneratzeko” beharraz mintzatu da.
“Eginkizun honetan, ezinbestekoa da erakundeen adibidea, akordioak lortuaz, desberdintasunak errespetatzea eta batzen gaituenari garrantzia ematea. Errespetua, justizia eta pluraltasuna dira ekintza batasunaren, talde-lanaren eta bizikidetzaren bermerik onena. Gipuzkoan ondo dakigu hori direla gure herritarrei aukera hobeak eta ongizate handiagoa emango dien etorkizuna lortzeko beharrezko baldintza”, gaineratu du Asensiok.
118 ekintza lerro
Eider Mendozak, diputatu nagusiak, ongizatearen inguruan gogoeta egin du berea hitzetan. “Pertsonok ongi izatea da guztiok kalitatezko lanpostu bat edukitzea, etxebizitza duin bat, norbere beharretara egokitutako zaintza eta gizarte babesa, lana eta bizitza kontziliatzeko aukerak edukitzea, komunitate bateko partaide sentitzea, hizkuntza eta genero berdintasuna, ingurune berde eta jasangarri bat, elikadura osasuntsua eskuragarri izatea… eta baita ere ongizate emozionala eta mentala”, iradoki du. Hori dela eta, “etapa berri” honetan, batetik, aurretik datozen proiektu estrategikoak gauzatuko dira: MUBIL Mugikortasun Berriko poloa, Adinberri egoitza eta zahartzaro osasuntsuari lotutako berrikuntza gunea, Quantum teknologia kuantikoen poloa eta terapia aurreratuak sustatzeko Gantt errerentziazko estrategia. Bestetik, errealitate sozial eta ekonomiko emergenteei erantzuteko hainbat egitasmo hedatzeko eta abiarazteko determinazioa adierazi du, horietako batzuk dagoeneko Etorkizuna Eraikizen egitasmoaren baitan garatu eta esperimentatutako ekimenak izanik.
Horretarako, lau “zutabe nagusitan” eragiteko determinazioa adierazi du diputatu nagusiak. Lehenik, “pertsona orori kalitatezko zaintza eta babesa bermatzea”, gizarte zerbitzuek eskaintzen duten arretaren “pertsonalizazioan, berrikuntzan eta komunitatearen partaidetzan” urrats berriak emanez. Bigarrenik, ekonomia lehiakorra eta berritzailea garatzen jarraitzea, industria sektore berriak sustatuz, pertsonentzat eta enpresentzat “aukerak sortzen dituen lurraldea izateko, proiektu erakargarrietan parte hartu eta hazten segitzeko”. Hirugarrenik, aldaketa klimatikoaren eragina murrizteko ahalegin betean, Gipuzkoa “jasangarria, berdea, erresilientea, orekatua, kohesionatua eta interkonektatuaren alde egitea”. Eta, azkenik, Gipuzkoa “demokratiko, bidezko eta arduratsu bat eraikitzen jarraitzea”, lankidetzazko gobernantzan sakonduz. Lau zutabe estrategikoetan abiatuz, 2024-2027 tarterako egitasmoak 118 ekintza lerro ezartzen ditu datozen urteetarako.
Ekonomiaren alorrean, Mendozak xehetu duenez, gipuzkoar industriaren “ikur” diren berrikuntza, nazioartekotzea eta partaidetza sustatuko ditu Aldundiak, enpresa sareak indarrean dauden eraldatzeetan urratsak eman ditzaten. Etorkizunera begira, berriz, sektore berriak sustatzeko ahaleginari eutsiko zaio. Horretarako, aurreko legealdian hasitako proiektu estrategikoak gauzatuko dira –Gipuzkoa Quantum estrategia eta super ordenagailu kuantikoa, MUBIL Mugikortasun Berriko poloa eta Gantt terapia aurreratuen poloa, besteak beste–. Gainera, ikuspegi “berritzaile” batetik, absentismoari eta hainbat alorretan ematen ari den pertsona gabeziari aurre egiteko proiektu esperimentalak bultzatuko ditugu.
Gizarte politiketan, era berean, gurea “abiada bizian zahartzen” ari den gizartea izanik, aurrera begirako zerbitzuak diseinatzen eta indartzen jarraituko du Aldundiak. Horretarako, besteak beste, etxeko zaintza pertsonalizatu eta komunitarioa garatzen ari diren Zaintza Ekosistema Lokalak lurralde osora hedatzeko ahalegina iragarri du diputatu nagusiak, adinekoen egoitzetan zaintza eredu berria –pertsonalizatua, komunitateari lotua, berritzailea– zabaltzen jarraituko du eta Adinberri (Pasaia), Arbes (Irun) eta Elgoibarko egoitza berriak eraikiko ditu, besteak beste, aurreko legealdiko lanari jarraituz. Atal honetako proiektu berriei dagokienez, bakardadearen aurkako lurralde estrategian sakontzen jarraituko du foru gobernuak, gazteen artean hedatzen ari den nahi gabeko barkadadea ere estrategia horretara gehituz; adineko pertsonek, zahartzaroan ere, bizitza aktiboa eta betea izan dezaten proiektu esperimentalari ekingo diote eta, osasun zerbitzuekin elkarlanean, buruko osasunaren arretarako espazio eta zerbitzu berriak abiaraziko dira.
Jasangarritasunaren ikuspegitik, foru gobernuak, Aldaketa Klimatikoaren aurkako Naturklima Fundazioaren bitartez, urrats berriak emango dira aldaketa klimatikoaren efektuak arintzeko asmoz. Berrerabilera Prestatzeko Zentroa (BPZ) martxan jarriko da, baita ere, Zubietan, lurraldeko Gipuzkoako berrerabilpen-tasa %30 handitze aldera. Eta baso kudeaketa iraunkorra helburu, abandonuan geratzeko arriskuan dauden basoen kudeaketa jasangarriari bultzada emango dio Basotik fundazioaren bitartez.
Helmuga hauek betetzeko, baina, diputatu nagusiak ezinbestekotzat jo du lurraldeko maila eta desafio guztietan elkarlana bultzatzea. Hain justu ere, horretarako, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez, lankidetzazko gobernantzan “jauzi berria” ematen ari da Aldundia. “Azken urteotan, Gipuzkoan, lortu dugu kultura politiko berri bat finkatzea eta garatzea. Elkarlaneko eredu bat ezarri dugu, gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana mamitzeko espazio zibiko zabal bat eraiki dugu guztion artean”, gogoratu du eta, bertaratu diren eragileei espazio zibiko horretan “lankidetzan” jarraitzeko gonbitea luzatu die.
Izan ere, demokraziari dagokion zutabe estrategikoan, Gipuzkoa “demokratiko, bidezko eta arduratsu” bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du Mendozak. Horretarako, komunitate balioak sustatuko ditu Foru Aldundiak eta, besteak beste, euskararen erabilera indartzeko bere ekarpena egingo du Gipuzkoa Arigune proiektuaren bitartez, gizartea kohesionatzeko balio gisa garatu dadin. Gainera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko lanean ekimen berriak abiaraziko ditu.
Ekin, zaindu, bizi
Ekin, zaindu, bizi lemapean gauzatuko du Aldundiak ahalegin berritzaile hori guztia, hori izango baita foru erakundearen leloa legealdi honetarako. Diputatu nagusiak gaurko ekitaldian aurkeztu du irudi korporatibo berria. Guztion artean landu behar dugu, Mendozaren hitzetan, lurralde bat “irekia, aurreratua, bizitza eta enpresa proiektuei ekiteko ilusioa eta aukerak” sorraraziko dituena eta, aldi berean, “arduratsua, solidarioa, komunitatean sinesten duena eta pertsonak zaintzen dituena, elkar zaintzeko jarrera eta bideak eskaintzen dituena”. “Lurralde bizia, herritarrak ongizate osoan bizi direna, orekatua eta ongi sentitzen diren herritarrez osatua”, laburbildu du.
1642