Breadcrumb

Asset Publisher

Back Botere politiko, sozio-ekonomiko eta kultural handiagoa duen gizarterantz

Botere politiko, sozio-ekonomiko eta kultural handiagoa duen gizarterantz

Ehundik gora hautetsik eta ordezkarik parte hartu dute gaur arte, Errenterian, kultura politiko demokratikoari buruzko topaketetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak topaketa batzuk amaitu ditu gaur Errenterian lurralde osoko ordezkari politikoekin eta eragile sozialekin, Gipuzkoako kultura politikoari buruz hausnartzeko eta hitz egiteko. Topaketak ideologia desberdinetako 40 bat ordezkari bildu ditu Reina aretoan. Horrela, amaitu da ehun bat hautetsiren, adituren eta gizartearen ordezkarien partaidetza izan duen kontraste prozesua. Prozesu hori Lasarte-Orian, Tolosan eta Arrasaten ere garatu zen maiatzean zehar.

            Azken saioan, bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Maribel Vaquero Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea, eta amaiera eman dio, hausnarketa gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Politikorako eta Demokrazian Sakontzeko Programaren sozializazio faseari. Ekimen horrek helburu du «elkarrizketa zailtzen duten egoera koiunturalak gainditzea eta Lurraldearen erronkei heltzea kultura politiko demokratikoaren ikuspegitik», diputatu nagusiak azaldu duen bezala. Hausnarketa saioek balio izan dute orobat «etorkizunean gizarte ordezkarien zereginari behar diren espazio eta aukerak emateko, hartara egiteke ditugun elkarrizketak burutu ditzagun, orain arte ezinezkoak izan diren elkarrizketa horiek edo trabak izan dituzten elkarrizketa horiek».

            Olanok, halaber, programaren fase honetan parte hartu duten guztien inplikazioa eskertu du, eta nabarmendu nahi izan du ordezkari politikoek, tokiko eragile politikoekin batera, egiten duten lan garrantzitsua, lehen lerroa diren aldetik herritarren bizikidetza sendotzeko lanean. Hain zuzen, Lezo eta Oiartzungo alkateek ere hartu dute parte topaketan. Olanoren ustez, «Gipuzkako gizarteak babesten duen helburu bat da hau, zenbait ekimen burutu baititu elkar topatzeko eta hitz egiteko, bai toki mailan, bai erakunde mailan». Adibide gisa jarri ditu Errenterian bertan eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan azken urteetan egin diren ahaleginak. Olanoren esanetan, «topaketa hauek oso urrats garrantzitsuak dira sistema demokratiko sendo bat eraikitzeko, giza eskubideak ongi erroturik dituen etorkizun bat ekar dezan».

            Hori dela eta, diputatu nagusiak Errenterian egindako saioaren balioa nabarmendu du; izan ere, zehaztu duenez, «oraindik trabak ditugu elkarrizketarako eta sakondu egin behar dugu gure kultura politikoan». Saio hauen helburuak garbiak dira diputatu nagusiaren ustez: «konfiantza indartzea, espazioak sortzea askatasunez hitz egiteko, elkarri entzunez eta elkarri begirunea erakutsiz». Markel Olanok topaketa hauen garrantzia goraipatu nahi izan du bere azken hitzetan: «eraldaketa politiko bat, demokratizazio handiago bat sustatuko duena, partaidetza politiko handiago bat, baita eremu sozio-ekonomikoetan eta kulturaletan ere». Diputatu nagusiaren arabera, «gizarteari botere politiko, ekonomiko eta kultural handiagoa ematea" bilatzen da, ondorioz, "gizarte kohesioa hobetu eta gipuzkoar guztien aukera berdintasuna bermatzeko».

            Errenteriakoa, beraz, lau saioz osatutako sortaren azkena izan da. Fase honetan hautetsiek egindako ekarpen guztiak prozesua laburbilduko duen txostenera gehituko dira orain. Hala, hezkuntzan eta informazioan egin dute azpimarra nagusia saioetan parte hartu duten hautetsiek. Hain zuzen, administrazioari buruz herritarrak informatzen jarraitzea eta hezkuntzan sakondu beharra aipatzen da behin baino gehiagotan. Komunikazio horretan "publikoa" deritzon horren dimentsio kolektiboan jarri beharra dago arreta zenbait partaideren iritziz. Honekin batera, partaidetza da ekarpenetan hainbatetan errepikatu den beste kontzeptuetako bat, erabakitzeko ahalmenarekin lotu dutena. Orokorrean, balioen lanketan sakontzen jarraitzeko beharra ere aipatzen da (konfiantza, errespetua ala gertutasuna) eta indar politikoen artean harremantzeko modu berrien beharra ere nabarmentzen da, egitura bertikal zurrunetatik aldenduaz eta elkarlanak sustatuz.

Kultura politikoa eta demokrazian sakontzea

Hausnarketa saioaren ardatza izan da abenduan aurkeztu zen azterlana, Kultura Politikoa Gipuzkoan, 1.496 gipuzkoarri egindako inkesta batean oinarritzen den txosten bat, aztergai dituena, besteak beste, gipuzkoarren balioak, irudikapen politikoa eta sistema politikoari eta demokratikoari buruz egiten duten balioespena. Azterlanak erakutsi zuen herritarrak politikatik urrundu egin direla. Hori espero zitekeen egiaz, baina beste ondorio batzuk ere erakutsi zituen, irakurketa zabalago bat merezi dutenak. Adibidez, ikerketak ondorioztatzen du herritar askok konfiantza maila altua dutela gizartean, eta Euskadiko funtzionamendu demokratikoarekiko asebetetze maila altua dela; Estatu Espainiarrekiko, berriz, mesfidatiagoa da herritarra. Orobat, erabakitze eskubideak onarpen zabala jasotzen du. Bestalde, azterketak garbi erakusten du herritarrek ez dutela atxikimendurik politikarekiko, nahiz eta erantzunetan eta gai sozial eta politikoekiko kezka handia erakutsi duten. (txostena eskuratzeko, http://bit.ly/2wdd66j).

            Kultura Politikorako eta Demokrazian Sakontzeko Programa 2016an abiatu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi politikoen arteko elkarrizketa foru iraunkor batekin. Xede zuen Lurraldearen erronkei heltzea kultura politikoaren ikuspegitik, elkarrizketa zailtzen dituzten egoera koiunturalak gaindituz. Eztabaida foro horretan Gipuzkoako Kultura Politikoari buruzko azterketaren oinarriak adostu ziren, 98 adituren laguntzarekin. Sozializazio fasea eta ekarpen bilketa gaindituta, eremu gehiagotara zabalduko da, nagusiki, hezkuntzaren alorrera begira".

  

1549