Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Elkarrizketarako mugak gainditu behar ditugu, konfiantza sendotuz, elkarri entzun eta errespetatuz"

"Elkarrizketarako mugak gainditu behar ditugu, konfiantza sendotuz, elkarri entzun eta errespetatuz"

Kultura politiko demokratikoan sakontzeko hainbat herritan egingo den saio sortari hasiera eman dio diputatu nagusiak Lasarte-Orian

Kultura politiko demokratikoan sakontzeko helburuekin, eskualde ezberdinetan hausnarketa saioei ekin die Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehena Lasarte-Orian egin du gaur eta eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoek, hautetsiek eta adituek hartu dute parte kultur etxean egin den lanketa dinamikan. Guztira 40 lagun elkartu dira, gizartearen eta pentsaera politiko ezberdinen ahalik eta ordezkaritza zabalenarekin. Lasarte-Oriakoaz gain, hausnarketa lurralde osora zabaltzeko saio gehiago egingo dira hilabete honetan: Tolosan, Arrasaten eta Errenterian izango dira hurrengoak.

            Lehen saio honetan diputatu nagusiak hartu du parte Maribel  Vaquero, Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendariarekin batera, eta saio sorta honekin lortu.  Aldundiaren helburu nagusietako bat honakoa dela azaldu du Markel Olanok: "Herritarren bizikidetza sendotzea, kultura politikoaren bitartez eta demokrazian sakonduz". Hain zuzen, ardura bereganatu eta diputatu nagusiak nabarmendu du "betebeharra" dela, "sistema demokratiko sendo eta zorrotza eraikitzea, giza eskubideen defentsan oinarria" duena. Olanorentzat, "etorkizunerako bermea da kultura politiko demokratikoa", "etorkizuneko erronkei eta etortzeko dauden gatazkei era demokratikoan" egin behar dielako aurre Gipuzkoak. Azaldu duenez, "urte luzeetan biolentziak mugatu du ekimen soziala eta politikoa, gure herrietan ez zegoen debate politiko normalizaturik indarkeriak, beldurrak eta inposizioak elkarrizketa normalizatua zapuztu" duelako. Horregatik, herri eta kale mailan, gaur Lasarte-Orian egin den saioaren balio handia azpimarratu diputatu nagusiak, oraindik "nabarmenak" direlako  "elkarrizketarako eta kultura politikorako ditugun mugak". Gaurkoa bezalako saioen helburua, horrenbestez, argia da diputatu nagusiarentzat: "Konfiantza sendotzea, askatasunez hitz egiteko aukerak sortzea, elkarri entzun eta errespetatuz".

 

Gipuzkoarren kultura politikoari buruzko ikerketa

Hausnarketa saioak lanabes gisa hartu du abenduan aurkeztu zen Gipuzkoarren Kultura Politikoa izeneko ikerketa lana. Iaz, ekainean eta uztailean, 1.496 gipuzkoarrei egin zitzaien galdeketan oinarritzen da txostena. Gipuzkoarren balioak, politikari buruzko imajinarioa eta, besteak beste, egungo sistema politiko eta demokratikoaren inguruko balorazioak jaso ziren inkestetan. Ikerketaren emaitzek aurretik susma zitekeen herritarren politikarekiko urruntasuna konfirmatu zuten baina, baita ere, irakurketa zabalagoa eskatzen zuten ondorioak azaleratu ziren. Esate baterako, ikerketak agerian utzi du gipuzkoarren gehiengoak gizartearengan duen konfiantza handia ala Euskadiko funtzionamendu demokratikoaren asebetetze maila altua, aldiz, Espainiako Estatuarekiko mesfidantza gehiago agertu dute. Erabakitzeko eskubideak duen onarpen zabalak ere nabarmentzeko moduko datuak utzi zituen. Bestalde, ikerketan garbi jaso dira herritarren multzo handi batek politikarekiko duen interes eta atxikimendu falta, nahiz eta partaidetza handiagoa eta gai sozial eta politikoekiko ardura handia adierazi zuten galdetutakoek (Txostena ikusi hemen: http://bit.ly/2wdd66j).

            Gaurko saioa eta datozen asteetan egingo direnak gogoeta eta lanketa prozesu luzeago baten katebegiak dira, 2016an hasitako prozesu baten jarraipena, hain zuzen, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendariak azaldu duen bezala. Oraingo saioetan herritarren iritzi eta balorazioak jaso nahi direla azaldu du Maribel Vaquerok eta "etorkizunera begira, gipuzkoarren kultura politikoa hobetzeko eman beharreko urratsak pentsatzen lagunduko dute ekarpen eta iritzi horiek", "gure politika egiteko moduek, jarrerek, herri ordezkarienak, politikan gabiltzanonak eta herri-eragile garenonak zuzenean lotura dutelako elkarbizitzan".

 

Datozen saioak

Oraingo astean eta hurrengoen bi saio egingo dira: maiatzaren 17an Tolosan eta  21ean Arrasaten. Gehiago iragarriko dira datozen asteetan. Saio bakoitzean eskualde horretako ala dagokion barrutiko talde politikoetako ordezkariek, udal hautetsiek, batzarkideek eta eragile kulturalek, sozialek eta ekonomikoek, besteak beste, hartuko dute parte. Gizartearen ordezkaritza zabala jasoko duen talde lana egingo da herritarrekin, adituekin eta ordezkari politikoekin. Partaideei Gipuzkoako kultura politikoari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztuko zaizkie eta ondorioak konpartitu eta osatu egingo dira prozesua osatzeko.

  

2234