Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Emakumeen aurkako indarkeriak ez du lekurik gure gizartean”

“Emakumeen aurkako indarkeriak ez du lekurik gure gizartean”

Gipuzkoako diputatu nagusiak gaitzespenik "irmoena" adierazi du emakumeen aurka Gipuzkoan izandako azken indarkeria kasuen aurrean.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, "arbuio eta gaitzespenik irmoena" adierazi du gaur, Gipuzkoan azken asteotan izandako emakumeen aurkako indarkeria kasuen aurrean. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, emakumeen aurkako indarkeriak "ez du lekurik gure gizartean, guztiz bidegabea eta sumingarria da"; hori dela eta, errealitate horren aurrean "jarrera aktiboa eta konprometitua" mantentzeko deia egin die herritarrei.

Atzo Errenterian 56 urteko gizon bat atxilotu zutela jakin ostean egin ditu adierazpen horiek Olanok, emakume bat hiltzen saiatzea egotzita. Gainera, berriki bi pertsona atxilotu dituzte Aizarnazabalen 32 urteko emakume bat ustez hiltzeagatik.

Diputatu nagusiak "erabateko babesa, elkartasuna eta hurbiltasuna" erakutsi dio urtarrilaren 4an Urola Erdiko udalerrian hilotz aurkitu zuten 32 urteko emakumearen familiari, hilketa "izugarri eta gupidagabe" horrek eragindako "min konponezina" dela eta, zeinak Gipuzkoako gizartean "zirrara sakona" sortu duen. Ustezko hilketa "argitu eta frogatu” ahal izateko "nahia eta itxaropena" agertu du Olanok eta Ertzaintza zoriondu du gertakariak argitzera begira egiten ari den lan zorrotzagatik.

Era berean, Olanok gertutasuna eta elkartasuna adierazi die Errenterian izandako erasoaren biktimari, haren senideei eta gertukoei.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, “askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa errespetatzea balio bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean, bidegabeak eta sumingarriak dira", azpimarratu du. Ildo horretan, Gipuzkoako herritarrei emakumeen aurkako indarkeriaren aurka "erne egoteko" deia egin die diputatu nagusiak. "Biktimek gizartearen babes osoa sentitzea oso garrantzitsua da. Erakunde eta herritar guztiak laguntzeko prest gaude, une oro", baieztatu du.
  

1594