"Erreferentzia bat zarete gizarte osoarentzat, komunitate arduratsu, orekatu eta berdinzale gisa aurrera egin dezagun"
"Erreferentzia bat zarete gizarte osoarentzat, komunitate arduratsu, orekatu eta berdinzale gisa aurrera egin dezagun"
"Erreferentzia bat zarete gizarte osoarentzat, komunitate arduratsu, orekatu eta berdinzale gisa aurrera egin dezagun"
Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko txirrindulariekin elkartu da denboraldi honi buruzko eta emakumezkoen txirrindulari taldea babesten duen Basotik Fundazioaren aurrerapenei buruzko bizipenak eta ikuspegiak partekatzeko.
Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, harrera egin die gaur arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundian Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulariei. Mendozak bizipenak eta ikuspegiak partekatu ditu Naia Amondarain, Alice Maria Arzuffi, Yuliia Biriukova, Idoia Eraso, Arianna Fidanza, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Debora Silvestri, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo txirrindulariekin. Kirolariak hurrengo denboraldirako prestatzen ari dira, 2024a beren historiako emaitzarik onenekin amaitu ondoren. Ildo horretan, 2025ean espero dute talde eta egitura bezala beste urrats bat egitea eta azken urteetako hazkunde bidean jarraitzea, aurten Frantziako Tourrean eta Italiako Giroan debuta egin ondoren. Kirol helburua munduko 15 talde onenen artean sailkatzea eta 2026an WorldTeam izatea da.
Diputatu nagusiarekin batera, topaketa honetan izan dira Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatua; Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko zuzendari nagusia; Aitor Galdós, Euskadi Fundazioko manager nagusia eta Ion Lazkano, kirol zuzendaria.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emakumezkoen txirrindulari taldea babesten du, Basotik Fundazioaren bitartez. Lankidetza hori 2023an gauzatu zen bi erakundeen artean, berdintasunaren, kirolaren eta jasangarritasunaren balioak indartzeko eta bultzatzeko konpromisoarekin. Aurten, akordioa indartu da, emakumeen kirol profesionala sustatzen jarraitzeko eta nazioarteko lasterketa nagusietan diziplina horretan lehiatzen diren emakumeei laguntzeko.
Topaketa hori, bere kirola bultzatzen duten ekimenak gertutik ezagutzeko asmoz, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldea egiten ari den biraren parte da. Hala, Mendozak hainbat xehetasun eman dizkie Basotik ekimenari buruz, zeinaren helburua baita Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrian jauzi kualitatibo bat ematea abandonatuta geratu ez daitezen. Basoak babesteaz gain, Fundazioak aurrera egin nahi du herritarrak ingurune natural berdearen zaintzan sentsibilizatzen, eta pertsonak espazio horietara hurbildu nahi ditu, aisia osasungarria sustatuz basoak ongizate fisikoan eta emozionalean eragiten dituen ondorio positiboez balia daitezen.
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldea "erreferentea da gure herrialdean", eta, Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "pixkanaka, nazioartean ere erreferentzialtasuna irabazten ari da". "Komunitate arduratsu, berdinzale eta orekatu gisa hazten jarraitu nahi dugun heinean, ezinbestekoak ditugu zuek bezalako erreferenteak. Merezi duzuelako eta berdintasunaren balioa indartu nahi dugulako, egungo eta etorkizuneko Gipuzkoan. Gainera, Basotik Fundazioarekin lankidetzan, balio horiei guztiei jasangarritasunaren aldeko lana ere gehitzen diegu. Kirola bezala, basoak ongizatearen
eta bizimodu osasuntsuaren iturri dira. Balio horiek guztiak zabaltzen izugarri laguntzen duzue, eta, horregatik, eskerrak eman eta gure aitortza helarazi nahi dizuet", hausnartu du Mendozak, eta taldeko txirrindulari guztiak “bihotzez zoriondu” ditu kirol mailan lortutako emaitzengatik eta, "batez ere, denboraldi osoan egindako lan gogorragatik, eta belaunaldi gazteenei kirolari lotutako baliorik onenak transmititzeagatik".
733