'Eskura' izango du izena Aieteko Giza Eskubideen zentroak
'Eskura' izango du izena Aieteko Giza Eskubideen zentroak
Ekin diote Aieteko Giza Eskubideen Arloko Pedagogia Baliabideen zentroaren jarduerari
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute Aieten “Eskura” izena izango duen Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroa abiarazteko. Zentroaren helburua da giza eskubideei buruzko hezkuntza sustatzea eta, horretarako, euskal gizartearen eskura ipiniko ditu (horregatik “Eskura” izena), helburu horretarako unitate didaktikoak, ikus-entzunezko dokumentazioa, testuak edo literatura- eta musika-obrak. Euskadin giza eskubideei buruzko memoria eta hezkuntzan abian diren azpiegiturentzako pieza osagarria izango da. Jarduerak urteko bi ekimen izango ditu ardatz: nazioarteko mintegi bat eta Giza Eskubideei buruzko Baliabide Pedagogikoen Tokiko Azoka bat.
Gaur goizean egin da aurkezpena Aieteko eraikinean, eta bertan parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia Donostiako Alkateak. Hiru erakundeek adierazi dute “Eskura” Zentroaren jarduera izango dela hezkuntza-, gizarte- eta partaidetza-pedagogiarako baliagarri diren baliabideak “biltzea, sortzea eta hedatzea”. Zentroren jarduerari gaur eman zaio hasiera hitzarmena sinatuta eta lehenengo fasea 2019ko ekainaren 30era arte luzatuko da. Fase pilotu horretarako, 266.400 euroko aurrekontua izango du Zentroak.
PIEZA OSAGARRIA
“Eskura” Zentroa Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren legatuaren eta horrek kultura bizikidetza hobea eraikitzeko tresna gisa sustatzeko helburuaren parte da. Era berean, azpiegitura euskal gizarteak bizi duen bake-prozesu eta bizikidetzaren ondorioetako bat dela ere esan daiteke. Ildo horretatik, Zentroa hezkuntza formal eta ez formalaren eta Euskadin jada martxan dauden memoria eta giza eskubideen inguruko beste erakundeen jardueren pieza osagarria izango da. Euskal gizarteko edozein entitatek izango ditu eskura giza eskubideak sustatzeko tresna pedagogikoak.
URTEKO BI EKITALDIAK
Zentro honen jarduera urtebeteko maiztasuna izango duten bi ekitaldiren antolakuntzan oinarrituko da. Hauek, zentroaren jarduera bultzatu eta bere lan-programa egituratu eta dinamizatuko dute:
- Nazioarteko mintegia: xedea kanpoan egiten dena biltzea izango da. Helburua izango da giza eskubideei dagokienean mundu osoan garatzen diren pedagogia- eta partaidetza-esperientziak eta baliabideak aurkeztea eta erakustea. Lehenengo edizioa datorren udazkenean egitea aurreikusi da. Ekimena Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrena dela eta euskal erakundeek partekatuko duten kanpainaren baitan kokatuko da.
- Giza Eskubideei buruzko Baliabide Pedagogikoen Tokiko Azoka: xedea da hemendik sortzea. Horretarako, pedagogia-baliabideen berezko sorkuntza sustatuko du. Azoka material eta baliabideen erakusleiho eta topagune moduan antolatuko da eta, partaide guztientzako jarduerak barne hartuta, ezagutzari eta aisialdiari lotuta egongo da. Lehenengo edizioa 2019ko udaberrian egingo da, Giza Eskubideen Zinemaldiarekin batera.
NAZIOARTEKO LOTURA
Proiektuak dimentsio bikoitza du: alde batetik, giza eskubideen inguruko baliabide pedagogikoa barnerantz sortzea eta, bestetik, kanpotik esperientzia onenak erakartzea. Bi ideia horiek deskribatzen dute “Eskurak” Donostiak, Gipuzkoak eta Euskadik giza eskubideen alorrean izango duten nazioarteko lotura. Ildo horretatik, zentroak giza eskubideen inguruko munduko beste zentroekin izango du nazioarteko lotura eta lankidetza-markoa bilatuko du, Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Goi Ordezkaritzarekin, giza eskubideen baliabide pedagogikoak ardatz hartuta.
1748