“Ezagutza da industria berriaren eta etorkizun handieneko sektoreen oinarria”
“Ezagutza da industria berriaren eta etorkizun handieneko sektoreen oinarria”
Gipuzkoak espezializazio adimentsuaren alde egindako apustua goraipatu du Stephan Müchler Suedia Hegoaldeko Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakariak
Stephan Müchler Suedia Hegoaldeko Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakari, eta Europako merkataritza ganbera guztiak hartzen dituen Eurochambers-eko lehendakariordeak, funtsezkotzat jo du ezagutzaren eta talentuaren aldeko apustu sendoa egitea, ekonomia globalizatuaren erronkei aurre egin ahal izateko eta merkatu berrietara iristeko. Oresund eskualdeko ekonomia ehunaren eraldaketaren berri eman du Müchler-ek. Bertan, %50ek zebitzuetan egiten dute lan, “nagusiki infomazioari, ezagutzari eta industriari lotutakoetan. %20k baino gutxiagok egiten dute lan ekoizpen fisikoan. Ezagutza da guztiaren oinarria, bai industria berriarena, eta baita esportatzeko gaitasun handiena duten sektoreena ere”. Hori dela eta, Gipuzkoak espezializazio adimentsuaren alde egindako apustua goretsi du.
Malmoe-Copenhague ardatzaren gainean sortutako mugaz gaindiko eskualdea da Oresund. 3,9 milioi biztanle ditu, Suedia eta Danimarkaren BPGaren %25 ekoizten du, eta hamarkadetan zehar finkatutako berrikuntzarako joera du ezaugarri nagusi. Bluetooth-a, tetra brika, lehen sakeleko telefonoa, edo dialisi ekipoaren gisako aurrerapenen sorterria dugu. Müchler-ek giltzarri gisa aipatu ditu “talentua eta kualifikazio profesionala erakartzea” eta “lankidetza publiko-pribatua”. Osagai horiek eraman dute, besteak beste, puntako eskualdea izatera biomedikuntza edo teknologia garbiak bezalako esparruetan. Gaineratu du lehiakorrak izan nahi duten europar eskualdeek “azpiegitura eta komunikazio egokiak” eduki eta “berrikuntza irekia” sustatu behar dutela: “Sektore eta arlo ezberdinetako eragileen eta unibertsitateen arteko elkarlana funtsezkoa da. Jarrera irekia behar da horretarako”. Adibide gisa aipatu du IDEOn teknlogia zentroa.
Lurraldeko enpresa, ikerketa zentro, unibertsitate eta erakundeetako ordezkariekin egindako topaketa irekian parte hartu du gaur Müchler-ek, nagusiki berrikuntzaren sektoreari lotutakoak. Markel Olano diputatu nagusiak eta Gipuzkoako Bazkundearen lehendakari Pedro Esnaolak ere parte hartu dute. Aurretik, suediarrak xehetasun guztiekin ezagutu du Gipuzkoa biozientzien sektorean egiten ari den apustua, bertatik bertara, Miramongo teknologia parkeko hainbat instalaziotara egindako bisitan: BIC Gipuzkoa, Patia Europe –Biozientziak Fundazioa bultzatutako lehen start up-a-, eta Tecnaliako robotika kolaboratiboko azpiegiturak.
Gure ekonomia ehunaren eraldaketa gauzatzeko lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu du Olanok, etorkizuneko ekonomiarantz bideratuz, espezializio adimenkorraren bitartez, eta estrategikoak diren sektoreak bultzatuz: “Gipuzkoak badu sektore horietan industria garapenerako ardatz bilakatzeko aukera, eta baliatu egin behar du”. Ildo horretan, “giltzarritzat” jo du biozientzien sektorea. “Espezializatutako enpresak, start up-ak, ikerketa zentro aurreratuak, eta industria ezagutza teknologikoa dauzkagu, arlo honetan alpikatzeko etorkizuneko potentzial handikoa”. Halaber, Miramonen biozientziei lotutako garapen poloan egiten den lana nabarmendu du, bio-inkubatzailea, CIC Biomagune, ospitalak edo Biodonostia bezalako erabileen eskutik.
“Biozientziei lotutako ekosistema hori Pasaian egingo den zahartzaroaren eta mendekotasunaren arretarako erreferentziazko zentroarekin osatu nahi dugu. Erresidentzia esparrua eta adinekoen eta mendekotasuna dutenen arreta hobetzeko ikerketa uztartuko ditu zentro horrek”, zehaztu du.
Mugaz gaindiko lankidetza
Mugaz gaindiko elkarlanerako estrategia eta ereduak partekatzea izan da gaurko topaketaren beste helburuetako bat, horretan ere Suedia eta Danimarka eredu baitira. Greater Copenhague & Skåne Batzordea, Müchler-ek azaldutakoaren arabera, Suedia hegoaldea eta Danimarka ekialdea lotzen dituen erakunde administratiboa da. 46 udalerri danimarkar eta 33 suediar hartzen ditu bere baitan, eta ahalegin handienak jarduera ekonomikoa eta kualifikazio handiko lanpostuak sortzera bideratzen ditu. Iaz, Aldundiko ordezkariak bertan izan ziren, hainbat eragilerekin harremanetan, eta atzo Müchler Kotte Ecenarro Hendaiako alkatearekin eta Iker Goiria Aldundiko Kanpo Harremanetako zuzendariarekin batzartu zen Hondarribian, Iparralderekiko lankidetza ezagutzeko.
“Gure asmoa ez da kanpoko ereduak modu akritikoan inportatzea, baizik eta gauzak ondoen egiten dutenengandik zer har dezakegun aztertzea, gure nortasun eta ezaugarrietara egokituz, eta guk dagoeneko ondo egiten duguna sendotuz”, azaldu du Olanok, erantsiz mugaz gaindiko lankidetzari lotutako proiektuei begira “garrantzi handiko unea” bizi dugula. “Iparraldeko Elkargoak aro berri bat irekitzen du, elkarlanean sakotzeko aukera berriekin datorrena, batez ere agenda ekonomikoa garatu ahal izateko. Beharbada hor dago gabeziarik handiena. Gure aldetik dena jarriko dugu dauzkagun erronkei modu partekatuan aurre egiteko”.
Bisita Etorkizuna Eraikiz programaren baitan Foru Aldundiak sustatzen duen nazioartekotze sarearen baitan kokatzen da, mundu mailan esperientzia arrakastatsuak aurkitu eta inportatzea, alde batetik, eta Gipuzkoak martxan dituen proiektu eta erronkak kontrastatzea, bestetik, xede dituena.
1605