Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Ezinbesteko balioa da memoria, kultura demokratikoak gure gizartean oinarri irmoak izan ditzan”

“Ezinbesteko balioa da memoria, kultura demokratikoak gure gizartean oinarri irmoak izan ditzan”

‘1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa’ erakusketa ireki du gaur Donostiako Carlos Santamaria zentroan Gipuzkoako diputatu nagusiak

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, “memoriaren balioa” azpimarratu du gaur eta euskal gizartean “kultura politiko demokratikoa” sendotzen jarraitzeko “ezinbestekoa” dela ohartarazi du, 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa erakusketaren irekieran. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 26ra bitartean, gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta Euskadiren  hurbileko historian izan zuen eragina azalduko du egitasmo honek, UPV/EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean.

"Batetik, giza eskubideen urraketak jasan dituztenei zor diegu memoria. Gainera, kultura politiko demokratikoak gure gizartean oinarri sendoak izatea nahi badugu, ezinbesteko balioa da ", adierazi du ahaldun nagusiak. Bere ustez, horrela bakarrik lortzen da "bakean eta elkarrekiko errespetuan" oinarritutako bizikidetza finkatzea. "Bide horretan sakontzea funtsezkoa da iraganeko akatsetatik ikasteko, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen marra gorria inoiz gehiago ez gainditzeko", hausnartu du.

Aurten 50 urte beteko ditu Burgoseko Prozesuak eta, urtemuga horretatik abiatuz, erakusketa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Euskal Herriaren hurbileko historiari eta lurraldean izandako giza eskubideen urraketei buruzko memoria bultzatzeko ahaleginaren testuinguruan. Diputatu nagusiarekin batera irekieran izan dira, besteak beste, Txelo Ruiz, UPV/EHUko Ikasle eta Enplegagarritasuneko errektoreordea; Ion Gambra, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria; eta Javi Buces, Aranzadiko ikerlaria eta erakusketaren komisarioa.

Diputatu nagusiak gogoan izan ditu, irekieran, 1970. urte hartan Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan Gipuzkoan hil ziren hiru pertsonak –Roberto Pérez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza–, zeinak erregimenaren poliziaren eskuetan hil ziren. “Ez dira oso kasu ezagunak, baina gertaera tristeak dira, oso”, eta biktima horiek merezi duten “memoria” nabarmendu du.

Aurrekaririk gabeko gizarte-mobilizazioa

Burgoseko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikerlarien artean izendatzaile komun bat badago, epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia da. Gizarte-mobilizazioa arrakasta bat izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion ", azaldu du.

Horren haritik, epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. Abenduaren 3tik 9ra bitartean, Meliton Manzanasen heriotzan ustez parte hartzeagatik ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Marra gorri bat espreski jasoko da mostran, zeinak bi urte lehenago José Antonio Pardines Arcay guardia zibila hil zeneko "inflexio-puntua" islatzen duen, bai eta Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Melitón Manzanasen aurkako atentatu hilgarria ere. Hilketa haiekin batera, diktadurak errepresioa nabarmen gogortu zuen; Pardines ETAko kideek hil eta hiru ordura, Txabi Etxebarrieta hil zuten bi guardia zibilek Bentaundin (Tolosa).

Bederatzi heriotza-zigor eta 519 urteko kartzelaratzeak

Euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile-mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan egin zuten gerra-kontseilua hura, gerora Burgoseko Prozesua izenarekin historiara igaro dena. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan (abenduaren 3an eta 4an) eta epaiaren ondoren (abenduaren 28an eta 29an), polizia-indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak Gipuzkoan salbuespen-egoera dekretatu zuen, hiru hilabeteko indarraldiarekin; salbuespen-egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, Gipuzkoan 200 atxilotu zeuden.

Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. Gau hartan bertan bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian eta 29an lan-geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoa bezalako herrialdeengandik, zigorpetuen indultua eskatuz. Azkenik, heriotza-zigorrak hilaren 30ean kommutatu ziren, batez ere gizarte-mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino, erregimenaren barne-krisia azaleratu zen eta bere irudiari nabarmen kalte egin zion gerra-kontseilu hark.

Ordutegia

Erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. Garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko emango ditu argitara.

Astelehenetik ostiralera zabalik egongo da, 9.00etatik 20.30era, eta sarrera doakoa izango da.

 

  

1587