Breadcrumb

Asset Publisher

Back «Ezinbestekoa da enplegua ahalik eta gehien babestea eta gure industriaren lehiakortasuna bermatzea»

«Ezinbestekoa da enplegua ahalik eta gehien babestea eta gure industriaren lehiakortasuna bermatzea»

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok aitortu eta txalotu egin ditu MONDRAGONek COVID-19aren krisiari aurre egiteko garaian erakusten ari den «egokitzeko gaitasuna» eta «konpromiso soziala».

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Iñigo Ucín MONDRAGONeko presidenteak lan bilera egin dute gaur goizean, COVID-19ak sortutako krisi ekonomikoaren bilakaera eta Gipuzkoan industria jarduera indartzeko garatzen ari diren ekimenak aztertu asmoz. Bileraren ondoren, diputatu nagusiak “ezinbestekotzat” jo du Gipuzkoan “enplegua ahalik eta gehien babestea” eta “etorkizuneko lehiakortasuna garatzea” industriarentzat. Lorpen horren adibide gisa aipatu du kooperatiba taldea, COVID-19ak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan “egokitzeko gaitasuna” eta “gizarte konpromisoa” dituelako.

Olano eta Ucinekin batera, bileran parte hartu dute Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Jabier Larrañagak, eta MONDRAGONeko Berrikuntzako zuzendariak, Juan Andrés Joaristik. Besteak beste, industria jardueraren egoeraren eta epe laburreko bilakaeraren inguruko analisiak partekatu dituzte, bai eta EBko Next Generation funtsek Gipuzkoako eraldaketa ekonomiko eta sozialean izan behar duten paperaren ingurukoak ere. "Bilera hau bi erakundeen etengabeko komunikazioaren eta lankidetzaren testuinguruan kokatzen da, eta egoerari buruzko ikuspuntuak partekatzeko balio izan du, baita negozioen garapena eta iraunkortasuna bultzatzeko diagnostiko eta irtenbide praktikoak partekatzeko ere", azaldu du Ucinek.

Diputatu nagusiak, bestalde, nabarmendu du “MONDRAGON, bere balio kooperatiboak eta gure gizartearen giza garapenerako, garapen sozialerako eta ekonomikorako ezarritako oinarriak, Gipuzkoako eta Euskadiko aktibo garrantzitsuenetako bat” direla. “Era berean, COVID-19aren krisiari aurre egiteko orduan oinarri garrantzitsu bat izan da MONDRAGON taldea; pandemiaren ondorioak arintzeko orduan ekarpen itzela egin du, ez soilik arlo ekonomikoan, baita arlo sozio-sanitarioan ere. Aitortu behar dugun zerbait da, eta erakusten digu oso garrantzitsua dela industria sare sendo eta dinamikoa izatea, gizarte gisa edozein erronkari edo krisiri aurre egin ahal izateko», baloratu du diputatu nagusiak.

Txertoek “itxaropenaren leihoa” irekitzen dutela dirudien une honetan, Olanok adierazi du  “eredugarriak” izaten ari direla kooperatibek erakutsi duten “agertoki berrira egokitzeko gaitasuna”· eta “taldea osatzen duten pertsonekin eta Gipuzkoako gizarte osoarekin” duten konpromisoa, are gehiago gaur egungoa bezain egoera “zail” batean. “Testuinguru horretan, Gipuzkoarentzat ezinbestekoa da enplegua ahalik eta gehien babestea eta gure industriaren etorkizuneko lehiakortasuna bermatzea. Jarraitu beharreko bidea erakutsi digu MONDRAGONek”, amaitu du.

Enpresei babesa

Diputatu nagusiak gogorarazi du Ekonomia Sustapeneko departamentuaren 2021eko aurrekontuak % 39ko igoera izango duela, 115 milioiko guztizko zuzkidurarekin, eta ekonomia suspertzea izango dela lan eremu nagusia. Nabarmendu duenez, “gure ekoizpen jarduera mantentzea eta indartzea” da gakoa, “enplegua babesteko” eta krisiaren ondorioz “desberdintasunak areagotzea” saihesteko. “Gainera, bultzada berri bat eman behar diogu lurraldearen etorkizuneko ekonomiari eta gure enpresak egiten ari diren apustuak babestu behar ditugu”, adierazi du Olanok, ildo horretan kokatu baititu Gipuzkoako proiektu estrategikoak eta Gipuzkoak Europako funtsak lortzeko aurkeztutako ekimen guztiak.
  

2942