Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Gipuzkoak apustu argia egingo du adimen urritasuna duten pertsonei bizi-kalitate hobea eskeintzeko”

“Gipuzkoak apustu argia egingo du adimen urritasuna duten pertsonei bizi-kalitate hobea eskeintzeko”

Uliazpiko gobernu kontseiluan izan da Peña diputatua; J.L. Basoko Uliazpiko sortzaileari omenaldia egin diote bertan

Gizarte Politikako Diputatua, Maite Peña, izan da Uliazpi Fundazioko gobernu batzordeko buru. Fundazioa  adimen urritasuna  duten pertsonei eta euren familiartekoei arreta eskaintzen dien erakunde publikoa da eta fundazioak Hondarribin duen Zubietako egoitzan egin dute gaurko  gobernu batzordea. Gaur bileran onartutako neurrien artean, 2.016-2.019 eperako plan estrategikoa dago; datozen urteetan Uliazpik eman behar dituen urratsak jasotzen ditu plan honek eta baita  hainbat helburu zehatz ere: tartean adimen-urritasuna duten adineko pertsonei eskaintzen zaien zerbitzuetan erreferente izatea, adin txikiko eta gazteei arreta egiteko eremua birdifinitzea edota erabiltzaile zein familien bizi kalitatea hobetzea.  Peña diputatuak berretsi du Gipuzkoan ahalegin handia egiten dela pertsona talde honi arretarik egokiena eskaintzeko: “Urte luzetako apustua izan da eta horri eusten diogu; adimen urritasuna duten pertsonei arretarik onena eskaini nahi diegu. Harro egoteko arreta eredua daukagu Gipuzkoan eta egungo errealitateak erakusten du hainbat hamarkadetan egindako lana  norabide egokian egin dugula eta bide horretan segi behar dugula lanean”, azaldu du  Gizarte Politikako diputatuak.

Gobernu batzordean, Jose Luis Basoko, Uliazpiko sortzaile izandakoari omenaldi xumea egin diote laster erretiroa hartuko duelako. “Basokok Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonen  eta euren familien bizi kalitatea hobetzeko lan ikaragarria egin du”, azpimarratu du Diputatuak eta aitortu du, “ez Uliazpi  eta ez  Atzegi, ez liratekeela gaur direna izango Jose Luis Basokoren eskuhartzerik izan ez balitz”.

Peña Diputatuarekin batera, batzordean izan dira baita Foru Aldundiko erakunde publikoen zuzendaria, Elena Basagoitia eta Txaro Rodrigo, Aldundiko mendekotasun zuzendaria ere, Uliazpi fundazioko egungo gerentea, Arantza Aguiriano edo aurrerantzean Atzegin Basokoren ordezko izango den Mitxel Lacunza.

Gobernu batzordea baliatu dute baita Uliazpi fundazioak Hondarribin duen Zubieta eraikina bertatik bertara ezagutzeko; bertan bizi dira adimen urritasuna duten ia ehun lagun.

  

2028