“Gipuzkoak komunitate gisa aurre egin dio osasun krisialdiari"
“Gipuzkoak komunitate gisa aurre egin dio osasun krisialdiari"
Gureak Ikuztegiko instalazioak bisitatu ditu gaur diputatu nagusiak.
Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Gizarte Politikako diputatua, Maite Peña, Oiartzunen izan dira gaur, Gureak Ikuztegia garbitegi industriala bertatik bertara ezagutu asmoz. Bertan, bilera bat egin dute eta, ondoren, instalazioak bisitatu dituzte, zeinetan garbitu diren azken asteotan lurraldeko hainbat zaharren egoitzetako ehun-gaiak. COVID-19ari aurre egiteko Txoke Planaren testuinguruan Foru Aldundiak eta Gureak-ek sustatutako zerbitzu honi esker, alarma egoera hasi zenetik 14 egoitzatik ekarritako 7 tona arropa desinfektatu dituzte.
COVID-19a jasan duten pertsonen arroparen garbiketa kanpora ateratzeko aukera eskaini du Gureak Ikuztegiak. Izan ere, zerbitzu industrial honek baliabide automatizatuak eskaintzen ditu, desinfekzio prozesuan oihalekin kontaktua nabarmen gutxiagotuz. Guztira, apirilaren 1ean hasi eta maiatzaren 22ra arte, 14 egoitzak erabili du zerbitzu hau. 6.290 kilo ohe-jantzi eta egoiliarren 769 kilo arropa garbitu dituzte Oiartzunen.
Egoitza guztiek poltsa hidrosolubleak eta arropa bertan lagatzeko kaiolak dituzte eskuragai. Horrela, arropa bilketa egunero edo bi egunez behin egin ohi dute, zentro bakoitzaren eskaeren arabera. Tarte honetan guztian 3.261 poltsa disolbagarri banatu dituzte egoitzetan.
Gureak taldeko zuzendari nagusiarekin, Asier Vitoriarekin, bilera egin ostean –bertan izan dira, baita ere, dibisioko zuzendaria, Iñigo Apalategi, eta plantako zuzendaria, Iñigo Odriozola–, diputatu nagusiak esker ona azaldu dio Gureak Ikuztegiari, azken asteotan egindako “lan izugarriaren” bitartez erakutsitako “konpromisoa” dela eta. “Hala erakusten du instalazio berritzaile hauek birusa eusteko ahaleginari bideratu izanak, pertsona zaurgarrienen mesedetan”, osatu du. “Hirugarren sektore sozialeko erakunde eta eragileek eraginkortasunez eta eskuzabaltasunez erantzun dute, elkarlan estuan jardun dute osasun larrialdiari eta haren ondorioei aurre egiteko. COVID-19aren aurkako borrokan egindako ekarpena eskertu eta aitortu nahiko nuke, oraindik borroka hori amaitu ez bada ere”, balioa eman dio diputatu nagusiak.
Bestalde, Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiak eskerrak eman dizkie Gureak Ikuztegiko langileei: “Oiartzungo garbitegi industrialaren azpiegitura eta azken belaunaldiko makineria beharrezkoak izan dira garbiketa berezia egiteko, baina Gureak Ikuztegiko langileen konpromiso eta inplikaziorik gabe ezinezkoa izango zen. Aste gogorrak izan dira, eta denon erantzuna oso ona izan da”.
Egunero osasun zentroetatik eta egoitzetatik iritsitako 11.000 kilo material garbitzera bideratu du bere zerbitzua Oiartzungo lantegiak. Ahalegin horrek erakusten du, Olanoren iritziz, Gipuzkoak pandemiari aurre egiteko baliatu duen “izaera komunitarioa”. “Komunitate gisa aurre egiten ari gara osasun larrialdiari; aurrean ditugun desafio sozio-sanitario, sozial eta ekonomikoen atarian, lankidetza eta auzolan balio horiei eusteko garaia da”, azpimarratu du.
COVID-19aren ondorioz hildakoen senitartekoei “doluminak” helaraziz hasi ditu bere hitzak diputatu nagusiak. Ondoren, herritarrei –“gazteenei bereziki”– dei egin die, konfinamendu garaian erakutsitako “gizalegeari eta ardurari” eutsi diezaioten. “Oso garrantzitsua da distantzia soziala mantendu eta osasun arduradunen gomendioak betetzen jarraitzea. Hala egiten dugun heinean, pertsona zaurgarrienak babesten ari gara, bizitzak salbatzen”, adierazi du.
2055