“Gipuzkoak urrats sendoak eman ditu azken urtean alor ekonomikoan eta sozialean; orain, pertsona guztien ongizate integrala babesteko ekimen berritzaileen unea da”
“Gipuzkoak urrats sendoak eman ditu azken urtean alor ekonomikoan eta sozialean; orain, pertsona guztien ongizate integrala babesteko ekimen berritzaileen unea da”
“Gipuzkoak urrats sendoak eman ditu azken urtean alor ekonomikoan eta sozialean; orain, pertsona guztien ongizate integrala babesteko ekimen berritzaileen unea da”
Legealdiaren lehen urtea "oso emankorra" izaten ari dela iritzi dio foru gobernuak; orain, zaintza ereduaren eraldatzea bizkortzea, gizarte zerbitzuen indartzea, berrikuntza eta iraunkortasuna bultzatzea izango ditu jomuga nagusi
Eider Mendoza Larrañaga Gipuzkoako diputatu nagusia eta Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea bat etorri dira foru gobernuaren urtebeteko ekintzaren balorazio positiboa egiteko garaian eta esan dute Gipuzkoak "pauso sendoz" egin duela aurrera azken urte honetan, bai arlo sozialean, baita ekonomikoan ere. Gaineratu dutenez, datozen hilabeteetan zainketen eraldaketa bizkortzea, babes sozialeko zerbitzuak indartzea, ekintzailetasuna, berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatzea izango ditu jomuga nagusi foru gobernuak.
"Pertsona guztien ongizate integrala babesteko, proiektu berritzaileak aktibatzeko unea da, azaleratzen ari diren errealitate emergenteei erantzuna emanez, hala nola nahi gabeko bakardadeari, osasun mentalari edo zenbat sektoretan nahiz elkartegintzan beharrezkoa den belaunaldien arteko erreleboari, besteak beste", aurreratu du. Felix Urkolaren, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berriari benera jartzeko ekitaldiaren ondoren eskaini dute prentsaurrekoa Mendozak eta Asensiok.
Mendozak gogorarazi duenez, foru gobernuak "akordio garrantzitsuak" lortu ditu oposizioko talde guztiekin fiskalitatearen, ekintzailetasunaren eta ekoizpen zinematografikoaren arloetan, besteak beste. Horrez gain, kudeaketa instituzionalaren bitartez "aurrerapen esanguratsuak" lortu dira politika sozialen eta sustapen ekonomikoaren esparruan. Gogorarazi duenez, bereizgarri duen gizarte-kohesioari eusten ari da Gipuzkoa, gizarte-desberdintasunak mugatuz –GINI indizearen azken neurketak 23 puntuko zifra utzi du Gipuzkoan–, eta ekonomiak eta enpleguak gogor eusten diote ziurgabetasun globalari, lurraldeak "lehen aldiz 340.000 landunen kopurua" gainditu duela erakusten duen bezala.
Diputatu nagusi izateko hautagaitza aurkeztean, Mendozak "epe luzeko begiradarekin" gobernatuko zuela agindu zuen, "aurrerakoia alor sozialean, berritzailea ekonomian eta gertukoa gauzak egiteko moduan". "Aro berri honetan, lehenengo minututik herritarrengana hurbildu gara, baita lurraldeko sare sozial eta ekonomikoarengana ere", gogorarazi du.
Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak foru gobernuaren muinean dagoen “desberdinen arteko akordioan” jarri du azpimarra. “Aniztasuna, aukera berdintasuna eta justiziala soziala oinarri hartuta, gizarte pluralari erantzuteko eta herritarren beharrei konponbideak bilatzeko, arazoak gainditzeko eta erronkei aurre egiteko akordioa duen gobernu bat gara. Aniztasuna, Gipuzkoa plurala delako. Berdintasuna, desberdinak izanik, guztiok bait ditugu eskubide berdinak. Justizia soziala pertsona ahulenak babesteko, inor atzean utzi gabe”, berretsi du.
Era berean, foru gobernuak “aurrera egiteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko” plana abian duela gogorarazi du Asensiok. “Gipuzkoa etorkizuneko ekonomia-sektoreetan kokatzeko, enplegu justua eta kalitatezkoa sortzen jarraitzeko erronka dugulako. Eta
zaintzaren abangoardian egoteko eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekologikoaren erronkari aurre egiteko beharrezko azpiegiturak izatea”, azaldu du.
Urrats sendoak
"Gipuzkoako etorkizun ekonomiko eta soziala garatzeko erreferentziazko zentro nagusiak martxan edo gauzatze-prozesuan daude, baita sektore ekonomiko berrietara zuzendutako estrategiak ere", gaineratu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, Mugikortasun Berriko MUBIL zentroaren eraikuntzak bere azken txanpari aurre egiten diola eta superordenagailu kuantikoa hartuko duen eraikinaren obrak erritmo onean doazela zehaztu ondoren. Era berean, adierazi du oso garrantzitsua dela 2024-2027 Plan Estrategiko berritzaile bat martxan edukitzea eta Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako berrikuntza politikoko eta gobernantza kolaboratiboko estrategia, berrabiarazi izana, legegintzaldi honetan erakundeen eta Gipuzkoako gizartearen arteko lankidetzan "jauzi bat ematea" bilatzen duena.
Gizarte-politiken alorrean, adierazi duenez, foru gobernuaren kudeaketak "aurrerapen garrantzitsuak" eragin ditu zaintza eredu berria lurralde osora hedatzeko lanean –arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotua eskaintzen du–, Adinberriko (Pasaia) egoitza berritzailearen eraikuntzaren bultzadak erakusten duen bezala, baita Arbeseko (Irun) eta Elgoibarko obren hasierari argi berdea emateak ere. "Ahaztu gabe Arrasaten, Urnietan edota Zarautzen eguneko zentro eta gune berritzaileak ireki ditugula adineko pertsonak eta mendeko pertsonak gero eta hobeto zaintzeko", adierazi du.
3004