Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Gipuzkoako enpresa eredu arrakastatsuan sakontzea da gakoa"

"Gipuzkoako enpresa eredu arrakastatsuan sakontzea da gakoa"

Astigarragara egindako bisitan diputatu nagusiak nabarmendu du bertako enpresen eta ehun-ekonomikoaren dibertsifikazio eta berrikuntza maila

Erakunde bisita

Astigarragara erakunde bisita egin du gaur Gipuzkoako diputatu nagusiak, herriak etorkizunera begira dituen egitasmo eta desafio nagusiak ezagutu eta partekatzeko. Bertako alkatearekin, Zorione Etxezarragarekin, bilera egin ondoren, Stua enpresaren instalazio berriak ezagutu ditu eta gizarte zerbitzuen berri izan du bertako zaharren egoitzara eta babestutako etxebizitzetara egindako bisitaren bitartez.

“Gipuzkoako ekonomia indarberritu egin da azken urteotan, oraindik mundu mailako kezka eta zalantzek hor jarraitzen badute ere. Hobekuntza horren gakoa enpresek beraiek egindako apustuak dira, gure lurraldean eredu jakin bat dutenak: lehiakorrak, berritzaileak, nazioartekotuak eta sozialki arduratsuak. Eredu arrakastatsu horretan sakonduz bakarrik segiko dugu gure ekonomia indartzen eta kalitatezko enplegua sortzen. Horixe da giltzarria”, adierazi du Olanok.

Eredu horretan kokatu du, hain zuzen ere, Bidebitarte poligonoan kokatutako Stua altzari fabrika. Ekonomia krisialdian ere lanpostuak sortu zituen familia-enpresa honek eta, berrikuntza eta kalitatearen aldeko apustu argi bati esker, Astigarragan planta berri bat martxan jarri dute berriki –9.000 metro karratuko plantan dihardute orain–. Planta berria eraikitzeko 4 milioiko inbertsioa egin zuten eta, fabrikaziorako guneaz parte, errobot bidez antolatutako biltegi bat ere badu.

1983an sortu zuen Stua Jesus Gascak eta, gaur egun, Jon semearekin elkarlanean, produkzioaren %85 atzerrian merkaturatzen dute, batik bat AEB, Alemania eta Erresuma Batuan. 2009an Diseinu Sari Nazionala jaso zuen eta Astigarragan egindako altzariak munduko gune ezagunetan aurkitu daitezke, New Yorkeko Guggenheim museoan eta  Google-en Kaliforniako egoitzan, kasu.

Stua bezalako enpresa txiki eta ertain “arrakastatsuek” osatzen dute Gipuzkoako industriaren “muina”, diputatu nagusiaren esanetan. “Pertsonen talentua eta sormena oinarri hartuta kalitatezko produktuak sortu eta merkatu oso lehiakorretan erreferentzialtasuna lortzeko gaitasuna dute”, xehetu du Olanok.

Sagardogintza, ekonomia eta enpleguak sortzeko
Diputatu nagusiak, baita ere, nabarmendu nahi izan du tokiko ekonomia ehunaren “berrikuntza eta dibertsifikazio maila”. Izan ere, industriagune garrantzitsuez gain, une honetan lehen sektorean ere “lanpostuak eta aktibitatea bultzatzeko gaitasun nabarmena” duen “sagardogintzaren bihotzean” kokatzen da Astigarraga.

“Ekonomia sendo eta dibertsifikatu honi esker Gipuzkoan baditugu zerbitzu sozial aurreratu batzuk eta, ondorioz, gizarte kohesionatu bat”, gaineratu du.

Ongizate zerbitzuetan ere Astigarragak egiten duen ahalegina bertatik bertara ezagutu ahal izan du diputatu nagusiak. Izan ere, Stua enpresara egindako bisitaren ondoren, herriko Eguneko Zentroko instalazioak eta etxebizitza babestuak bisitatu dituzte.

Bizi-kalitatea oinarri
Astigarragako alkate Zorione Etxezarragak nabarmendu duenez, bailaran Astigarraga “erreferente bat” bilakatu da, “bizi-kalitatean oinarritutako herri-eredu” baten bitartez. Horretarako, “herriaren nortasuna zaintzeaz gain”, bere “etorkizuna bermatuko duen hirigintza jasangarria” ahalbidetu da: alde batetik, inguru naturala zainduz –Santiagomendi eta Urumea balioan jarri dira– eta etxebizitza berriak bideratzerakoan espazio berdeak eta beharrezko zerbitzuak bermatuz.

Herriak bizi duen bilakaerak “bizitzeko gune erakargarri” egin du Astigarraga, baita ere Donostiako familia gazteentzat, “herritar zaurgarrienei eman beharreko arreta” ahaztu gabe: “gizarte zerbitzu eraginkorrak funtsezkoak dira familientzat, izan haurrentzat izan helduenentzat”. “Bizitzeko kalitatezko gune izateaz gain, Astigarragan industrialdeak indartsu daude, erreferenteak diren enpresak dauzkagu. Enpresekin batera lanean ari gara, adibidez, Bidebitarteko enpresen elkartea sortzen laguntzen ari da udala,  industri-guneari behar duen bultzada emateko”, gaineratu du Etxezarragak.

“Erronka da orain, herriak daukan bizi kalitateari eustea: astigartarron zerbitzuak eta mugikortasun aukerak indartu –laster aldiriko tren zerbitzua ere izango du herriak– eta horrek diru iturri zaigun industria indartu eta jarduera berriak erakarri”, laburbildu du Astigarragako alkateak.

  

4306