Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Gipuzkoako errepide sarea lurraldeko orekaren adierazgarri da”

“Gipuzkoako errepide sarea lurraldeko orekaren adierazgarri da”

Gidariek oso ondo baloratzen dute Gipuzkoako errepide sarea eta ahulgune batzuk egon arren, Aldundia lanean ari da horiek konpontzeko

2016/10/21

Gipuzkoako gidariei, errepideen egoerari buruzko inkesta egin berri die Diputazioak eta gaur aurkeztu ditu emaitzak Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. “Gipuzkoako errepide sarea ondo baloratzen dute gidariek eta gure proiektu estrategikoekin bat egiten dute, horren adibide, Antzuola-Bergara amaitzeko beharraz ohartarazten dutela”. Alderdi sendoenak bezala garbitasuna, seinaleztapena eta ingurumenarekiko eragina nabarmentzen dute. Hala ere, badaude ahulgune batzuk eta Foru Aldundia lanean ari da horiek konpontzeko.

Orokorrean, nota onarekin gainditzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak bere errepide sareari buruzko galdeketa. Kontuan hartu diren adierazleak garbitasuna, segurtasuna, ingurumenarekiko eragina, seinaleztapena, errepidearen zorua eta errepideko lanak izan dira.  Guztietan lortzen da aprobatua eta nota onarekin, gehienetan. Garbitasuna da, 8,71 batekin, inkestan bildutako adierazle guztietatik nabarmenduena. Bide bazterretan zikinkeriarik ez egotea eta sastrakak eta adarrak moztuta egotea hiritarrek asko baloratzen dituzten alorrak dira. 

Inkesta lau eremutan egin da: Donostialdea, Bidasoa-Oiartzun, Oria eta Deba-Urolan.  Galdera guztien erantzunak gurutzatu ondoren antzeko balorazioak ematen dira zonalde guztietan. Lurralde orekaren adierazgarri ikusten du galdeketa honen emaitza Oiarbidek: “Errepide sare orekatua daukagula eta Gipuzkoa osoari zerbitzu egokia ematen diogula adierazten du inkesta honek” azpimarratu du. “Gure proiektu nagusiak estrategikotzat ikusten dituzte, baita ere, gipuzkoarrek” gehitu du.

Dena den, badira hobetu beharrekoak, adibidez, errepideetako argiztapena edo zoruaren egoera. “Egia da errepideek inbertsioak behar dituztela, eta horren jakitun, legealdi hasieran programa berri bat sortu genuen horretarako. Azken urteetan hutsune bat zegoen errepide-zoruaren errehabilitazioan. Horregatik, ohiko zuloak konpontzeko eta abarretarako dagoen aurrekontuari, programa berri bat gehitu genion. Eta horri esker, aurten, 60 kilometro berritu ditugu eta 6 milioi euroko aparteko inbertsioa egin dugu.  Beraz, bat datoz gure lehentasunak eta gidarien eskaerak” esan du Aintzane Oiarbide diputatuak. 

Errepide zorua konpontzeko lanek errail mozketa ekartzen dute beraiekin eta batzuetan errepidearen norabide osoa moztu behar izaten da. “Horrelako  lanak egiterakoan, eta batez ere trafiko handiko errepideetan egiten direnean, ezin dira ekidin trafiko eraginak. Aurretik planeatzen dira lanak eta beti saiatzen gara ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Baina batzuetan saihestezina da. Errepideetako zorua hobetu nahi badugu, eta hori nabarmentzen da inkestan, auto-pilaketak jasan beharko ditugu”, nabarmendu Bide Azpiegitura diputatuak.

"aurten, 60 kilometro berritu ditugu eta 6 milioi euroko aparteko inbertsioa egin dugu.  Beraz, bat datoz gure lehentasunak eta gidarien eskaerak”

Aipagarria da, baita ere, ABIATUK, autobideetarako deskontu sistemak, jasotzen duen balorazio ona. Gidarien %37 inguruk soilik eduki arren horien satisfazio maila altua da eta 8,06ko nota ematen diote. Aldundia lanean ari da gailu honen erabilera zabaldu dadin.

  

1860