"Gipuzkoan abian jarri den gobernantza eredu berriak ez du atzera bueltarik"
"Gipuzkoan abian jarri den gobernantza eredu berriak ez du atzera bueltarik"
Etorkizuna Eraikiz ekimenak orain arte egindako bidearen garrantzia azpimarratu du Markel Olanok, eta lurraldearen etorkizuna gipuzkoar guztion artean eraikitzen jarraitzearen aldeko apustua egin du
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok lurraldearen etorkizuna gipuzkoar guztion artean eraikitzea bilatzen duen Erorkizuna Eraikiz foru ekimenak orain arte egindako bidearen garrantzia azpimarratu du, eta «sustatu duen gobernantza eredu berriak ez duela atzera bueltarik» adierazi du. «Administrazio publikoaren eta gizartearen arteko lankidetzatik abiatuta oraingo eta etorkizuneko politika publikoak eraikitzeko bidea egiten ari gara. Hobetzeko tarte handia geratzen bazaigu ere, gobernantza eredu berri honek ez du atzera bueltarik Gipuzkoan», esan du Olanok. Bestalde, gobernantza eredu honetan sakontzearen aldeko apustua egin du, herritarrek politikarekiko sentitzen duten atxikimendu falta gainditzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen EHUko udako ikastaro baten inaugurazio ekitaldian parte hartu du foru arduradunak –Gipuzkoa. Saiakuntza Politikoa: Etorkizuna Eraikiz–, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkarekin batera, bertan bildu diren ia 200 lagunen aurrean. Jardunaldian nazioarteko ospea duten hainbat adituk parte hartu dute, eta politika publikoen egoeraren inguruko esperientzia eta hausnarketa aurreratuenak ekarri dituzte Gipuzkoara. Parte hartzaileen artean egon dira John Bryson, Minnessotako Unibertsitateko Hubert H. Humphrey Harreman Publikoetako Eskolako Planifikazioko eta Gai Publikoetako katedraduna, zeinak azaldu baitu nola laguntzen dion balio publikoak entzute sozialari, eta Karen Sanders, St Mary Unibertsitateko katedraduna, zeinak azpimarratu baituen gizarteari entzuteak duen garrantzia, populismoei aurre egiteko.
Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, Etorkizuna Eraikiz foru programak orain arte lortu duenaren aldarrikapena egin du, eta dinamika honen lorpen nagusiak azpimarratu ditu. «Lehenik eta behin, foru erakundea garatzen ari den agenda politiko berria. Horri esker, Gipuzkoa iraganeko eztabaidak gainditzen ari da, etengabe aldatzen ari den XXI. mendeko gizarteak planteatzen dizkigun erronkei bete-betean heltzeko», azaldu du. Oinarri horren gainean, Gipuzkoa etorkizuneko sektoreen aldeko apustua egiten ari da: zibersegurtasuna edo zahartze osasuntsua, esate baterako. Gainera, benetako enpresa inguruneetan esperimentatzen ari da, kontziliazioa edo langileek enpresetan parte hartzea bezalako arloetan.
«Egiten ari garena oso garrantzitsua da, baina oso garrantzitsua da, baita ere, hori nola egiten ari garen; esperimentazio kolektiboa eta herritarrekiko sorkuntza funtsezkoak dira agenda berri honetan, eta horri esker gizarte antolatuarekin komunikatzeko eta elkarrekin lan egiteko espazio berriak sortzen dira. Hori da guk defendatzen dugun gobernantza ereduaren oinarria», azaldu du diputatu nagusiak. Iragarri duenaren arabera, 20.000 gipuzkoar inguruk parte hartu dute jada Etorkizuna Eraikizen esparruan garatu diren jardueretakoren barean, eta 4.000 pertsonek zuzenean parte hartu dute esperientzia piloturen batean.
Hala ere, diputatu nagusiak triunfalismoari ihes egin behar zaiola eta «hobetzen jarraitu» behar dela azpimarratu du. Gogorarazi du, halaber, esperimentazio aktiboa dela Etorkizuna Eraikizen zutabeetako bat: «Saiatu eta erratu, asmatu arte. Hutsegiteetatik ere ikasten delako». Horri dagokionez, adierazi du udako ikastaroa «bereziki interesgarria» dela, «Etorkizuna Eraikizen esperientzia lehen mailako adituekin kontrastatzeko aukera ematen digulako». «Horregatik, hizlari guztiei gonbita luzatu nahi dizuet, nolabait ere, koloreak gorritu diezazkiguzuen, ikasten jarraitzeko, eta Gipuzkoan aktibatzen ari garen kolaboraziozko gobernu eredu hau hobetzen jarraitzeko», esan du amaitzeko.
Ondasun komuna eta populismoak
John M. Brysonek, Minnessotako Unibertsitateko Hubert H. Humphrey Harreman Publikoetako Eskolako Planifikazioko eta Gai Publikoetako katedradunak, balio publikoa sortzeko nahiz erakunde eta herritarren arteko konfidantza berreskuratzeko gobernantza kolaboratiboak egin dezakeen ekarpena izan du aztergai. Bere ustez, gobernantza eredu aldaketak gidaritza politiko zurrunetatik aldentzea eskatzen du. “Lidergoa modu zabalagoan ikusi behar dugu: lider on batek batzuetan norabidea ezarri behar du, baina beste batzuetan gizarteak eskatzen dion norabideari jarraitu behar dio”, gogoeta egin du aditu estatubatuarrak. Bide horretan, Brysonen esanetan, lider politikoen ardura da “herritarren konpromisoa eta elkarrizketa” bideratzea, balio publikoaren sorkuntzan partaide izan daitezen, gizartearen “arazoak eta desafioak identifikatu eta bultzada publikoa ematea” eta “neurri politiko berritzaile, egingarri eta sendoak garatzea”.
“Ondasun komuna lortzeko bide eraginkorra dira gobernantza eta lidergo kolaboratiboa, hobekuntza dakarrelako erabakietan, lidergoan eta hiritargoan. Gainera, kontu ematea areagotu egiten da, baita konfidantza eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko gaitasuna ere”, azaldu du. Brysonen iritziz, izan ere, “egia publikoa deskubritu egin behar da, ez da zerutik erortzen” eta horregatik da hain garrantzitsua gizarte deliberazioa bultzatzea “gizarte osoarentzeko onura” sortu ahal izateko.
Bestalde, “populismoa eta establishment-arekiko mesfindatza” nagusi diren garai hauetan, gizarteari modu eraginkor batean entzuteko zailtasunak aztertu ditu Karen Sandersek, Londresko St. Mary Unibertsitateko katedradunak. “Ideologia bat baino, estilo politiko” bat da populismoa Sandersen esanetan, “diskurtsoa oinarri gisa eduki beharrean, errealitate antzeztu gisa ikusten duelako politika, herritarrenganako komunikazioa estetikan eta emozietan oinarrituz”. “Populistak normalean ‘gu eta haiek’ dialektikan kokatzen dira, eta ‘haiek’ normalean eliteak edo kanpotarrak izaten dira. Arazoen errudun diren etsaiak behar ditu populismoak”, osatu du.
“Estilo horrek gauza txar asmo ditu demokraziarako, baina irakaspen batzuk ere uzten dizkigu gizartearekiko komunikazioa eraginkorra izatea nahi badugu. Benetan herritarrekin elkarrizketa hori sortu nahi badugu, beharrezkoa da sinesgarritasuna izatea eta lotura emozionala sortzea, batetik, eta eroso ez diren egiak entzun eta erantzutea”, gomendatu du Sandersek. Amaitzeko, irakasle britainiarrak beharrezko jo du “herritarrei ingurune honetaz jabetzeko tresnak eskaintzea”; “eskoletan erakutsi behar genieke gazteei nola manipulatu ditzaketen gure emozioak eta ona litzateke gai honi arreta gehiago jartzea alor publikotik”, laburbildu du.
2436