Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Gipuzkoan turismoa berreskuratzea ez da kasualitatea, baizik eta ondo egindako lanaren emaitza”

“Gipuzkoan turismoa berreskuratzea ez da kasualitatea, baizik eta ondo egindako lanaren emaitza”

Jabier Larrañagak, gaur izandako kongresuan, goraipatu egin du “sektoreko eragileek egindako ahalegina sektorearen lehiakortasunari eusteko”.

2021/11/04

Gipuzkoako turismo sektorearekin lotutako 250 profesional eta eragilek parte hartu dute gaur ‘Turismoaren Erronkak Gipuzkoan’ izeneko kongresuan, Foru Aldundiak antolatu duena, Hondarribiko Itsas Etxeko auditoriumean. Ospe handiko adituek beren ikuspegia partekatu dute sektoreak gaur egungo testuinguruan dituen erronkei eta eraldaketei buruz, eskualdeko agentzietako eta turismo bulegoetako ordezkariekin, elkarteetako ordezkariekin, profesionalekin eta enpresekin, baita turismoarekin lotutako ikasketetako ikasleekin ere (Deustu, Cebanc, Zubiri Manteo…). Ponentzien eta elkarrizketen bitartez, etorkizuneko gakoak landu dira, hala nola negozio ereduak, bidaia-ohiturak, jasangarritasuna, eta digitalizazioa, helburutzat hartuta Gipuzkoak estatuko eta nazioarteko turismo industriaren barruan erreferentziazko helmuga gisa duen posizioa indartzea.

Irekiera instituzionalean, non parte hartu duten Hondarribiko alkateak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, azkeneko horrek hau nabarmendu du: “Gipuzkoan turismo sektorea berreskuratzea ez da kasualitatea, baizik eta ondo egindako lanaren emaitza: alde batetik, dago urtetan egindako apustua kalitatezko turismo eredu bat sendotzearen alde, gure erakargarrietan oinarritua –kultura, paisaia, eta natura–; eta bestetik, dago sektoreak pandemian zehar egindako ahalegina bere lehiakortasunari eusteko, eta oso egoera kaltegarri baten aurrean prestatzen jarraitzeko”. Larrañagak goraipatu egin du Gipuzkoako turismo eragileen lana, “izan ere, jakin dute beren onena ematen, eta lortu dute, COVID-19ak hasieran asko baldintzatutako uda honetan, erregistro bikainekin amaitzea, 2019koen parekoak izan baitira ia-ia”.

Adierazi duenez, “lurralde industrial bat gara, batez ere”, baina “pandemiaren ondorioz, hobeto dakigu orain zein garrantzitsua den turismo sektore lehiakor bat ere edukitzea ekonomia sendo eta dibertsifikatu baten barruan”. Gogora ekarri du jarduera horrek BPGaren % 7,6 sortzen duela eta “ia 34.000 lanpostu Gipuzkoan”, eta, gainera, beste jarduera batzuk bultzatzen dituela, hala nola merkataritza, ostalaritza eta garraioa. Horregatik, iragarri du Foru Aldundiak jarraituko duela hainbat jarduketa garatzen “sektorea indartzeko pandemia-ondoko agertokian, bertan bultzatuz berrikuntza eta eraldaketa digitala, eta hainbat erronkari erantzuteko, hala nola desestazionalizazioa eta lurralde oreka, enplegua eta aberastasuna sortuz eskualde guztietan eta urte osoan zehar. Gure jomugak izan behar du munduko erreferente bihurtzea bikaintasun turistikoan”.

100 enpresa HUBean

Ildo horretatik, Iker Goiria Turismo zuzendariak jakinarazi du zein lan ildo aurreikusiak dituen foru erakundeak datorren urterako, sektorea sustatzeko, zeintzuen artean, hauek nabarmendu baititu: berariazko sustapen estrategiak, “lehentasunezko merkatuak finkatzeko” eta “beste merkatu interesgarri batzuk erakartzeko”; kanal digitalak bultzatzea; “bi mugarri handi”, hala nola Inaziotar Urtea eta Elkanoren Lehorreratzea; eta Adimen Turistikoko Sistema (ATS) plazaratzea, adimen artifiziala eta Big Data erabiltzen dituena. Aipamen berezia egin dio Gipuzkoa Turismoa HUB-ari, zeinari, dagoeneko, hainbat sektoretako 100 enpresa batu baitzaizkio: “Funtsezko zeregina izango du, konexioak sortzeko, eta turismoari lotutako enpresa-proiektu berrien gaikuntza eta garapena bizkortzeko”.

Inaugurazio hitzaldia World2meeteko CEO Gabriel Subiasek eman du. Iberostar taldeko bidaien dibisioa da, eta 175 herrialdetan baino gehiagotan egiten du lan. "Bidaiatzeko esperientziaz" hitz egin du. Subiasek adierazi duenez, "bizipen turistikoaren segmentazioa eta indibidualizazioa funtsezko faktorea da, eta tresna digital berriek aukera asko ematen dizkigute zentzu horretan, publikoa hobeto ezagutzeko aukera ematen digutelako. Bidaiatzen duen pertsonak bakarra sentitu nahi du, eta hori ezinezkoa da eskaintza zurrunetatik abiatuta". Bere ustez, sektore turistikoak "etengabeko berrasmaketa" eskatzen du, "esperientziekin eta nahiekin lan egiten dugulako, eta jendea ez delako monolitikoa".

Subiasek iraunkortasunaren garrantzia azpimarratu du, "ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala. Lehenengo biak ondo bideratuta dauzkagu, baina hirugarrenak oraindik badu zer hobetu. Gizarteak eredu turistiko hori onuragarria dela ikusi behar du, eta bere egin, bestela tirabirak sortzen dira". Zentzu horretan, Gipuzkoak "zume handiak ditu, hala nola, kultura, paisaia eta gastronomia. Eskaintza anitza duzue, landa-turismokoa, aktiboa, esperientziazkoa, baina zuen balio handia jendea da, bere izaera eta harreman zuzena, eta, beraz, gizarte-jasangarritasunaren helburu horrek are garrantzi handiagoa du".

Parte-hartzaile hauek ere izan ditu kongresuak: David Moralejo, nazioarteko Conde Nast Traveler aldizkariaren zuzendaria, zeinak 2022rako joera turistikoak aztertu baititu; Jaume Marín, Gironako Unibertsitateko aholkulari eta irakaslea, esperientzia turistikoen sorkuntzaz aritu dena, eta arratsaldean arlo horri buruzko lantegi bat eskainiko duena; Imanol Querejeta psikiatra, “Bidaiari berria" mintzagaiari buruz duen ikuspegia azaldu duena; eta Eva Ballarín, aholkulari independentea, turismo sektoreko komunikazio digitalari heldu diona.

Gastronomiak, erakargarri turistiko gisa, leku pribilegiatu bat izan du aurtengo edizioko egitarauan, eta mahai inguru bat izan da, non parte hartu duten Elena Arzakek, Asier Aleak (Basque Culinary Centerreko garapen globaleko zuzendaria) eta Mayre Modregok (Euro-toques). Gainera, Eneko Atxa Azurmendiko chefak eta Oihana Subijana Akelarre Hotelekoak, turista gisa duten esperientzia kontatu dute. Parte-hartzaileen taldea osatzeko, hauek izan dira: Naiara Malave (Begi-Bistan) eta Diego Susperregui (Feel Basque Country), tokiko turismo enpresen ordezkari gisa; eta Andoni Zubillaga (ACC Comunicación) eta Sonia Rumayor (Minube), komunikazioko espezialista gisa. Modu presentzialean bertaratu diren 250 lagunez gain, 70 lagunek jarraitu dute kongresua telematikoki, horretarako prestatutako streaming plataformaren bidez.

  

1836