Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Gizarte desberdintasunei aurre egitea” xede duten gizarteratzearen arloko jardunbide egokiak partekatu ditu Gipuzkoak

“Gizarte desberdintasunei aurre egitea” xede duten gizarteratzearen arloko jardunbide egokiak partekatu ditu Gipuzkoak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hirugarren sektoreko erakundeek gizarte inklusioko esku hartzeen jardunbide egokiak partekatu dituzte, eta horien inguruko gogoeta egin dute

Gaur, urriak 29, gizarteratzearen arretarako jardunbide egokiei buruzko jardunaldien hirugarren edizioa egin da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, SIISekin lankidetzan, antolatutako topaketaren helburua da Gipuzkoako gizarte-bazterketari aurre egiteko esperientzien oraina eta etorkizuna partekatzea, eta horri buruz hausnartzea, arreta jarriz “gizarte politiken berrikuntzan eta arreta-eredu desberdinetan”. Hala laburbildu du Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak, jardunaldiari hasiera emateaz arduratu denak, eta azpimarratu duenez, testuinguru gero eta konplexuago eta heterogeneoago batean, “Gipuzkoak baditu gizarte-bazterkeriari aurre egiteko behar diren osagaiak; horregatik partekatzen ditugu jardunbide egokiak, ateratako ikaskuntzak sozializatzeko eta desberdintasun sozialei aurre egiten jarraitzeko”.

          Topaketa, 2018an eta 2019an hasitako lanari jarraipena ematen diona, Kursaalen egin da, eta gizarteratzean esku hartzen duten 140 profesional baino gehiago bildu dira, bai aurrez aurre, bai online. Maite Peñak, ongietorria eman eta erakunde guztiei beren lana eskertu ondoren, azpimarratu du jardunaldi hau oso oinarri garrantzitsua dela esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, baita sinergia berriak sortzeko ere. “Gizarteratzeak funtsezko lekua du gure agendan, eta, horregatik, lanean jarraitu behar dugu gizarte gero eta inklusiboagoa ehuntzeko, desberdintasuna aberastasunaren erakusle gisa onartuz” gaineratu du diputatuak.

          Jardunaldiak Euskalitek antolatutako kudeaketa aurreratuaren Europako astearen barruan kokatzen dira, eta 2018tik 50 esperientzia inguru ikusarazi dira, gizarteratzearen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretaren eremuan egindako lanaren emaitza gisa. “Politika publikoak berrorientatzeko premiari buruzko adostasun zabala dagoen testuinguruan bizi gara. Horregatik dira hain baliotsuak jardunaldi hauek, arreta emateko eta kudeatzeko modu berriak erakusten dituztelako, bazterkeria-egoeran dauden pertsonen arretaren berrikuntzan eta hobekuntzan aurrera egiteko tresna gisa, partekatutako ikuspegi batetik eta lankidetzazko gobernantza batetik: begirada inklusiboa da, lurraldeko hirugarren sektore sozialarekin partekatzen duguna”.

Horregatik, diputatuak gaineratu duenez, jardunaldi hauek balio dute, baita ere, gizarte-erakundeek gizarte-bazterkeriaren arretaren alde egunero egiten duten lana aitortzeko. “COVID-19aren garaian, gizarte politikek inpaktu handiak izan dituzte, aurrekaririk gabeko osasun krisi bati erantzun behar izan baitiote. Gizarte-hauskortasuna eta -kalteberatasuna inoiz baino agerikoagoak dira, eta erantzun azkarrak eta eraginkorrak behar dira gizarte-bazterkeria maila handiagoetara ez iristeko”. Horregatik, Peñak adierazi du COVID-19aren pandemiatik ateratako ikaskuntzak baliagarriak izango direla etorkizuneko gizarte politikak eraikitzen jarraitzeko.

Jardunbide egokiak

Lehen edizioan, 2018an, gizarte arloan esku hartzeko hainbat erakunderen barne kudeaketari buruzko jardunaldiak egin ziren. 2019an, hainbat baliabide eta programetan parte hartzen duten pertsonekin esku hartzera bideratu ziren jardunaldiak. Esperientziak eta ezagutzak partekatzeko balio izan zuten, eta pertsonen beharretara hobeto egokitzen diren esku-hartzeak egiten lagunduko duten sinergiak sortu ziren.

          2021ean, jardunaldien ardatza gizarte politiken berrikuntza eta arreta-ereduak dira. Horretarako, ponentzia batekin hasi da topaketa, Bartzelonako Sant Joan de Deuko zuzendari Salvador Maneuren eta zuzendariorde Javier Prietoren eskutik. Esku-hartze sozialeko jardunbide egokien gakoak eta erronkak berrikusi dituzte, ikuspegi praktikotik abiatuta.

          Diputatuak azaldu duenez, ponentzia hori Donostiako San Juan de Diosekin sinatutako lankidetza-protokoloaren barruan kokatzen da. Bertan, Aldundia proiektu berritzaile bat lantzen ari da gizarte-bazterketako egoeran dauden eta premia soziosanitarioak dituzten pertsonei arreta emateko. Lan horren emaitza gisa, Donostian egoitza- eta komunitate-arretarako zentro integral bat jarriko da abian. “Bi erakundeen arteko lankidetza oso aberasgarria da, eta arreta berritzaile eta berezi batean aurrera egiteko aukera ematen digu bi aldeei”.

Ponentzia horren ondoren, jardunaldia hiru mahai-ingururekin osatu da. Bertan, Aldundiko bertako profesionalek, hirugarren sektoreko hainbat erakundetako ordezkari eta profesionalekin batera, kudeaketa-modu berriak eztabaidatu eta sakondu dituzte, zerbitzuen koordinazioari eta integrazioari dagokienez, inklusioaren arretarako zeharkakotasunari dagokionez, eta gizarte-bazterketari dimentsio anitzetatik heltzeko ezagutza ikertu eta sortzeari dagokionez. Horretarako, EDE Fundazioko, Eusko Ikaskuntzako, Matia Fundazioko eta AHIZE-AEKko profesionalak egon dira bertan.

  

2587