“Gizarte desberdintasunen aurkako ahaleginean are eta indar gehiago jarriko du Foru Aldundiak”
“Gizarte desberdintasunen aurkako ahaleginean are eta indar gehiago jarriko du Foru Aldundiak”
Ekonomia Suspertzeko eta Biziberritzeko plan berri bat iragarri du gaur diputatu nagusiak BBNNetan eta COVID-19aren testuinguruan langabeziari eta bazterkeriari aurre egiteko Elkar Ekin Lanean programa indartzeko konpromisoa hartu du.
Legealdiko lehen urtearen balantzea egin eta COVID-19aren pandemiak Gipuzkoan utzitako ondorioei aurre egiteko neurrien berri eman du gaur goizean Markel Olano diputatu nagusiak Batzar Nagusietan, politika orokorreko urteroko batzarrean. Batetik, batzarkideen aurrean Aldundiaren “lehentasun nagusia” berretsi du diputatu nagusiak, hau da, “herritarren osasuna, ongizatea eta bizitzak” zaintzea, bereziki “zaurgarrienak” diren adineko pertsonak babestuz. Bestetik, gizarte desberdintasunaren aurkako a ahaleginean “are eta indar gehiagorekin” eragiteko konpromisoa hartu du; Ekonomia Suspertzeko eta Biziberritzeko Plan berri bat iragarri du eta, horrez gain, langabeziari eta bazterkeriari aurre egiteko Elkar Ekin Lanean programa indartuko duela aurreratu du.
“COVID-19a eta haren ondorioak pairatu dituzten guztiak”, gogoan hartu ditu Markel Olanok bere hitzaldiaren hasieran, eta foru gobernuaren “laguntza, elkartasuna eta hurbiltasuna” adierazi die gaixotasunak gurean utzitako hildako eta haien senitartekoei. Ondoren, Gipuzkoan “pandemiaren ondorio larriak” arintzeko “onena” eman dutenak aipatu ditu, “osasun langileak, gure adinekoak zaintzen dituztenak eta itxialdian geundela egunero oinarrizko zerbitzuak ematera irten” direnak, besteak beste. “Gipuzkoa, oro har, pertsonen komunitate gisa, asmatzen ari da behar bezala jokatzen. Gizartearen gehiengoak modu arduratsuan jokatu du”, balioa eman dio.
Pertsona eta enpresengandik gertu
Datozen hilabeteei begira jarrita, egoera “gaiztoa” aurreikusi du diputatu nagusiak, osasun krisialdiaz gain, adierazle ekonomiko guztiek ondorio “oso gogorrak” itxaroten baitituzte. “Egoera hau gainditzeko nire konpromiso osoa erakutsi nahi dut, bai eta nire gobernu talde guztiarena. Egoera gogorrenak pairatzen ari direnengandik gertu egongo gara eta lurraldea arlo sozialean zein ekonomikoan berraktibatzeko ahalegin guztiak egingo ditugu”, aurreratu du Olanok.
Ideia hori abiapuntu gisa hartuta, diputatu nagusiak azpimarratu Aldundiaren jardunean “erabateko lehentasuna” izango dutela “gizarte kohesioak eta desberdintasunen aurkako borrokak”. Gehitu duenez, COVID-19aren testuinguruan “are eta indar” handiagoz eragingo du foru gobernuak, “gizarte babesaren, ongizateren eta bizikidetza” komunitarioaren mesedetan, beti ere.
Esfortzu horretan kokatu du Gipuzkoako foru ordezkari nagusiak “kalitatezko enplegua eta enplegu inklusiboa” bultzatzeko beharra, “arreta berezia” eskainiz bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei. Bere esanetan, pandemiak eragindako krisialdiaren ondorio sozioekonomikoak pairatu ditzakete, hala nola, enplegagarritasun maila ertain edo baxuko pertsonek zein lan prekarietate egoeran daudenek. Horregatik, “inoiz baino gehiago” langabeziari eta bazterkeriari aurre egiteko Elkar Ekin Lanean programa indartzeko garaia dela adierazi du eta halaxe egiteko konpromisoa hartu du “pandemiaren ondorio sozioekonomikoak jasaten” ari direnei erantzuna emateko. Aldundiak enplegagarritasun plan hori indartuko du 3 milioi euroko aparteko zuzkidurarekin. Elkar Ekin Lanean ekimenak dagoeneko lau urteko ibilbidea osatu du eta urte horietan guztietan dagoeneko 2.000 lagunen lan munduratzea lortu du. “Horrela, gainera, populismoaren eta xenofobiaren aurkako txertoa” izan dugu Gipuzkoan.
Desberdintasunen aurkako ahalegin horretan, diputatu nagusiak berretsi egin du “adinekoen arretarako eta zahartze aktiborako eredu berri baterantz aurrera egiteko apustua, etxeko arreta integralean oinarritua”, horretarako behar diren “zerbitzu, eredu eta teknologia” berriak garatuz. “Urteak daramatzagu Gipuzkoan eredu berri bat ezartzeko lanean”, gehitu du. Dagoeneko bide horretan egindako pausuak nabarmendu ditu Olanok bere hitzaldian, Adinberri estrategiaren aterkipean abiarazitako Etxean Bizi, OK etxean edo Gipuzkoa Care proiektu esperimentalak horren lekuko.
Hain zuzen ere, diputatu nagusiak gogorarazi duenez, COVID-19ak utzitako errealitate berriaren aurrean, Foru Aldundiaren lehentasun nagusia adineko pertsonak “birusaren aurrean babestea” izan da azken hilabeteotan eta hala izaten jarraituko du. Horretarako, indarrean daude, besteak beste, 90 neurri batzen dituen gizarte zerbitzuetako talka planak, nahiz berariazko prebentzio eta zaintzarako talde espezializatuak, zeinak azken 10 asteetan egin dituen 15.000 prebentzio-PCR baino gehiago. Foru erakundearen arabera, pandemiari aurre egiteko neurriek 13 milioiko inbertsioa areagotuko dute gizarte politiketan. “Gure lurraldeak erantzun kolektiboa eman dio pandemiari, erronka lazgarri honi. Komunitate oso bat ari da lanean, hirugarren sektore batekin elkarlanean, etsai komun beraren aurka borrokatuz”, ezagutzera eman du, Gurutze Gorria, DYA, Aita Meni eta Gureak taldeak egindako ekarpen “erabakigarria” goraipatuz.
“Oso une gogorrak” enpresentzat
Determinazio “sozial” horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bigarren “lehentasun eremua” ekonomia aktibitatea berreskuratzea izango da, “industria sareari eutsiz” eta “pertsonak eta lanpostuak” babestuz. Horretarako, diputatu nagusiak azaldu duenez, beharrezkoa da “Gipuzkoako enpresa ereduaren aldeko apustua” mantentzea, epe ertainera eredu ekonomiko “inklusiboagoa, iraunkorragoa eta erresilienteagoa” eraikitzea helburu. “Gure enpresak oso une gogorrak bizitzen ari dira eta ikasturte hasiera zaila izaten ari da Gipuzkoako sare ekonomiko osoan”, gogorarazi du eta, ziurgabetasunen aurrean, “hiru konpromiso handi” aurreratu ditu.
Lehenik, Ekonomia Suspertzeko eta Biziberritzeko Plan berri bat iragarri du, urtea amaitu aurretik aurkeztuko duena. “Ekonomia sustapeneko neurriez gain, neurri fiskal berriak ere jasoko ditu” xehetu du. Bigarrenik, “pertsona zaurgarrienengandik eta zailtasun handienak dituzten enpresengandik hurbil” egongo dela ziurtatu du; “egoera txarra bizi duten enpresentzako laguntza indartu” egingo da, beraz. Azkenik, testuinguru aldakorraren jarraipen zehatza egin asmoz, “hilero egoera ekonomikoari buruzko azterlanak” plazaratuko dituela baieztatu du.
Izan ere, EAEn, azken aurreikuspenen arabera, Barne Produktu Gordina %10 jaitsiko da 2020an eta datorren urtean %8,9 haziko da. “Indarrak batu eta erabakitasunez ekin diezaiegun etorkizuna jokoan dugun eraldaketa prozesuei: digitalizazioa, eraginkortasuna, produktuen eta merkatuen dibertsifikazioa, etorkizun handieneko sektoreen aldeko apustua, kalitatezko enplegua, belaunaldien arteko erreleboa, errotzea, talentua sustatzea, kontziliazio erantzunkidea edo langileen parte hartzea”, gogoeta egin du Olanok.
Bestalde, diputatu nagusiak datozen hilabeteetako lehentasunen artean kokatu du, baita ere, “apustu berde eta digitalean” sakontzeko helburua, aukera “paregabea” eskaintzen diolako Gipuzkoari, bere iritziz, “ekonomia eta enpresak suspertzeko eta jarduera ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko”.
Amaitzeko, Gipuzkoan “gobernantza irekia eta kooperatiboa” sendotzen jarraitzeko erronka bere egin du diputatu nagusiak. Horretarako lurraldeak duen tresna nagusia Etorkizuna Eraikiz dela aipatu du eta, jakinarazi duenez, COVID-19ak eragindako krisialdiari erantzuteko europar funtsetako hautagai izateko hautagai gisa aurkeztu dizkio Aldundiak Jaurlaritzari Adinberri, Mubil, Ziur, Naturklima, LABe eta 2deo egitasmoak, guztiak ere Etorkizuna Eraikizen babespean garatuak. Zerrendatutako proiektu estrategikoez gain, ezagutzera eman duenez, Aldundiak beste 25 proiektu aurkeztu ditu funts horietarako hautagai gisa.
Egitasmo horiek guztiak gauzatzeko, diputatu nagusiak “elkarlana” eskaini dio gizarteari eta gainontzeko eragile nahiz erakundeei. “Komunitatea eta komunitatea. Gure errezeta zen pandemiaren aurretik eta orain ere hala da, inoiz baino gehiago, aurre egin beharreko erronka berriei aurre egiteko. Gipuzkoaren eredua indartuz egingo dugu hori”, laburbildu du diputatu nagusiak.
1919