“Gobernatzeko modu berri bat errotzen ari da Gipuzkoan, Etorkizuna Eraikiz egitasmoari esker”
“Gobernatzeko modu berri bat errotzen ari da Gipuzkoan, Etorkizuna Eraikiz egitasmoari esker”
Diputatu nagusiak nazioarteko kongresua ireki du Donostiako Kursaalen; munduko hainbat esperientzia aurreraturekin kontrastea eginez, lurraldeko lankidetzazko gobernantza eredua sendotzeko balioko du topaketa honek.
Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, “erabakitasun politiko handienarekin” gizartearen eta erakundeen arteko lankidetza espazioak bultzatzen jarraitzearen alde egin du gaur, bi errealitateen arteko “aldentzea” gainditzeko eta gure garaiko erronkei erantzun “eraginkorrak” emateko. “Etorkizuna Eraikizen bidez, gobernatzeko modu berri bat errotzen ari da lurraldean. Eztabaida suntsitzaileek eta epe motzeko begiradak ekintza politikoa baldintzatzen dutela dirudien garai honetan, gure gizartea kontrako norabidean egiten ari da aurrera: gure arazoei eta erronkei eraginkortasunez aurre egiteko erantzun kolektiboko prozesuak adostuz”, baloratu du, gaur goizean Donostiako Kursaalen hasi den Etorkizuna Eraikiz nazioarteko kongresuaren irekierako hitzaldian.
Aldundiaren lankidetzazko gobernantza programa aztertzeko bildutako hainbat diziplinatako adituen aurrean, herritarren eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako “eredu parte-hartzaile eta kolaboratiboak” adosteko beharra aldarrikatu du Olanok. Norabide horretan aurrera egiten ez bada, bere ustez, ondorioak "larriak" izan daitezke, hala nola, populismo xenofoboa, autoritarismoa eta demokrazia kaltetu nahi duten korronteen hedatzea gure gizartearen baitan. “Gure garaiko eztabaida nagusia da: lankidetzan oinarritutako demokrazia ala autoritarismoa. Herritarrekin zubiak berreraiki behar ditugu”, azpimarratu du.
Diputatu nagusiak gaineratu duenez, euskal erakundeak “aitzindariak eta berritzaileak” izan daitezke elkarlaneko gobernantzaren alorrean, ekonomia lehiakorraren eta puntako gizarte-politiken garapenean izan diren bezala. "Ez da gure herrian bakarrik pentsatuz egiten dugun ekarpena. Europaren eraldaketa jokoan dagoen une honetan, erabakitasunez lagundu nahi dugu etorkizun sozial, berde eta lehiakorra eraikitzen, Europaren arima demokratikoa indartzen, eta, aldi berean, gure alea jartzen dugu Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko bidean”, gehitu du.
“Gipuzkoaren etorkizuna amestu eta eraikitzea”
Diputatu nagusiak gogoeta egin duenez, gizarte gisa ditugun erronken tamaina ikusita, erakundeek “ezer gutxi egin dezakete gizartearen babesik gabe, ehun sozial eta ekonomikoaren parte-hartzerik gabe”. Arrazoi horrexegatik sortu zuen foru-gobernuak Etorkizuna Eraikiz, 2016an, politika instituzionalaren eta gizartearen arteko “aldentzea” gainditu asmoz. Bost urte geroago, Etorkizuna Eraikizek bizitasun handia du, ez du atzera bueltarik eta Aldundiaren eta herritarren arteko harremanak eraldatu dituela esan dezakegu, huts egiteko beldurrik gabe”, baieztatu du.
Horren lekuko, Olanok gogorarazi du 125 herritarren proiektu babestu direla, 200 elkarte sozial eta ekonomiko baino gehiagoren parte-hartzearekin; 32 proiektu esperimental, zaintzaren, berdintasunaren eta lehiakortasun ekonomikoaren alorretan, besteak beste; eta erreferentziazko bederatzi zentro eta proiektu, gure gizartearen erronka handiei aurre egiteko. Hala ere, Etorkizuna Eraikizen parte hartzen duten pertsona guztiak gonbidatu ditu “ez konformatzera”, “etorkizun hobe baten alde, gizarte justuago eta demokratikoago baten alde are gehiago elkarlanean” jarraitzera, “guztion artean Gipuzkoaren etorkizuna amestu eta eraiki” ahal izateko.
Irekierako hitzaldia
Diputatu nagusiak kongresuaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuarekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera. Beren hitzaldien ondoren, inaugurazio-hitzaldia CEPS (Centre for European Policy Studies) erakundeko ikerketako zuzendari eta Politika Ekonomikoko Unitateko buruak, Cinzia Alcidik, eman du.
Gure gizarteak dituen etorkizuneko erronken aurrean, Asensiok azpimarratu du “beharrezkoa” dela ahulenak defendatzea eta Ongizate Estatuan “atzerapausoak saihestea”, Europa eta Gipuzkoa “handi” egin dituzten balioak eta printzipioak baitira. “Herritarren agenda eraiki behar dugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hala nola zahartzea, formazioa, iraunkortasuna eta berdintasuna, gure lurraldea desberdintasun gutxien duen gizarteetako bat izaten jarrai dezan”, adierazi du.
Era berean, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak “trantsizio ekologikoa bizkortzeko” premiaz ohartarazi du eta, horretarako “ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren bidez gure industria sarearen eta jarduera ekonomikoaren eraldaketa eta deskarbonizazioa” bultzatzearen alde azaldu da.
Donostiako alkateak “herritarren protagonismoa” aldarrikatu du gure gizarteak etorkizunean pentsatuz hartu behar dituen erabakiak hartzeko garaian, “gure hiria eta gure lurraldea izango dena gipuzkoarrek eta donostiarrek erabakitzen dutena izango baita”. “Nahi dugun hiria eraikitzeko erronka jartzen dugunean, ez gara ari erakundeok nahi dugunaz, hiria osatzen dugun pertsonok nahi dugunaz baizik. Erakundeok zeregin garrantzitsua dugu, baina gure lana pertsonen beharrei eta lehentasunei bidea ematea da, sareak sortzea eta lehentasun horiek gauzatu daitezen eragitea”, gehitu du.
Alzidik, bestalde, pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa eta soziala erraztera bideratutako “erantzun politikoari” eusteko deia egin du. “Ekonomiaren, enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen esparruan garatutako politika publikoei esker, Europa bizkorrago ari da suspertzen. Etorkizunari begiratuz gero, erronka nagusiak hauek dira: gazteentzat enplegua eta egungo lanpostuei eustea, gure politika sozialen iraunkortasuna eta ekonomia berde baten garapena”, zerrendatu ditu.
Gogorarazi duenez, egungo krisiaren sakonera dela eta, Europar Batasunak baliabide zabalak jarri ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko. “Denbora gutxi dugu bizi ditugun aldaketen aurrean erantzuteko, gure gizartea prestatu behar dugu horretarako. Erakundeek baliabide horiek baliatzeko izango duten kalitatea eta gaitasuna izango da arrakastaren eta porrotaren arteko aldea”, adierazi du Alzidik, zeinek azpimarratu duen “politika publikoen garapenean gizartea partaide egiteko beharra”.
Alcidiren parte-hartzearen ondoren, Etorkizuna Eraikiz sakonean aztertzeko saio paraleloak osatu dira aipatutako lau panelen bidez: Gobernantza, Ongizate Estatuaren etorkizuna, Ekonomia Garapen Iraunkorra eta Trantsizio Ekologikoa. Lan-dinamika horrek garrantzi handia du Kongresuan; izan ere, topaketa honen helburua Etorkizuna Eraikiz proiektua nazioarteko adituen argitan ikertzea da. Izan ere, proiektu horren bidez, lurraldea bere etorkizuneko erronkei antzematen eta erantzuten ari da, elkarlanean, herritarrak eta eragile ekonomiko eta sozialak lankidetzaren bidetik mugiaraziz.
600 pertsona baino gehiagok, lau paneletan banatuta, eman dute izena gaur eta bihar Kursaalen egingo den kongresuan. Besteak beste, Harvardeko Unibertsitateko, Oxfordeko Unibertsitateko, New York Universityko, George Washington Unibertsitateko, Juan Carlos Erregea Unibertsitateko edo Bartzelonako Unibertsitateko adituek eta politologoek hartuko dute parte bertan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak, UPV/EHUk eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dute Etorkizuna Eraikiz kongresua. Erakunde akademiko horietako ordezkariek ere parte hartu dute kongresuaren irekieran. Erakunde publiko eta pribatuetako adituak eta analistak, unibertsitateko irakasleak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, enpresak, hirugarren sektoreko erakundeak, eremu publikoko profesionalak, kultura-sektoreko kideak eta ikasleak ere elkartuko dira egunotan Kursaalen.
Kongresuaren beste helburu nagusietako bat maila globaleko gobernantza kolaboratiboko esperientzia aurreratuenak ezagutzea eta horiekin konektatzea da, eta, aldi berean, Gipuzkoan egiten ari den lan guztiaren potentziala ezagutaraztea.
2625