“Herri txikiek etorkizuna izango badute, erakundeok bultzatu behar ditugu zerbitzu eta kalitatezko bizi-baldintzak edukitzea”
“Herri txikiek etorkizuna izango badute, erakundeok bultzatu behar ditugu zerbitzu eta kalitatezko bizi-baldintzak edukitzea”
“Herri txikiek etorkizuna izango badute, erakundeok bultzatu behar ditugu zerbitzu eta kalitatezko bizi-baldintzak edukitzea”
Diputatu nagusiak, Markel Olanok, Zerainen burutzen ari den ‘Etorkizuneko Herri Txikiak’ nazioarteko kongresuko irekiera ekitaldian hartu du parte
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du gaur erakunde publikoek herri txikien aldeko apustuan sakondu behar dutela. “Herri txikiek etorkizuna izango badute, erakunde publikook bultzatu behar dugu zerbitzu eta kalitatezko bizi-baldintzak edukitzea”, esan du. Diputatu nagusiaren ustetan, ordea, etorkizunera begira jarriz gero ez da nahikoa izango zerbitzuak bermatzea, baizik eta esparru publikotik biharko erronkei erantzuteko lanketa martxan jarri behar da. “Horretan ari gara Foru Aldundian Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez”, azaldu du.
Olanok egunotan Zerainen burutzen ari den Etorkizuneko Herri Txikiak nazioarteko kongresuaren irekiera ekitaldian hartu du parte, Loli Gonzalez ZerainLab-eko lehendakari eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariarekin batera. Topaketak landa eremuko herri txikien etorkizunaz hausnartu eta elkarrekin esperientziak partekatzea du xede, eta Euskal Herria, Asturias, Irlanda eta Suitzako herri txikietako ordezkariak ari dira parte hartzen. Egitasmoaren ikuspegia auzolanaren eta komunitate bizitzaren tradiziotik herri txikiek egun dituzten erronkentzako erantzunak aztertzea da.
Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, Zeraineko kongresua bezalako ekimenak txalotu ditu, “hemen planteatzen dena ere etorkizuna eraikitzeko modua baita”. “Egitasmo honen helburua gizarte zibileko taldeek, erakunde publikoen eta bestelako enpresen laguntzaz, elkarlanean eta elkarrekin herri txikien etorkizunaz hausnartzea eta eraikitzea da”, adierazi du Olanok, azpimarratuz guztion ardura dela “Gipuzkoa eta Euskal Herri hobea eraikitzea”.
Lurraldeari buruz, diputatu nagusiak nabarmendu du egun 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten 48 herri daudela, hau da, populazioaren %5 inguru. Udalerri hauek, ordea, lurraldearen %60 baino gehiago kudeatzen dute, eta hori dela eta berebiziko garrantzia dutela adierazi du. “Herri txikiei lotutako jarduera ekonomikoek, gure artzain, baserritar eta nekazariak esaterako, dira larre, paisaia, baso eta abarren kudeatzaile onenak”, esan du foru arduradunak.
Honetaz gain, Olanok azpimarratu du herri txikiek identitatearen ikuspegitik egiten duten ekarpena. “Herri txikietan, landa eremuetan, baserri giroetan, gipuzkoarron eta euskaldunon izaeraren oinarri asko daude: auzolana, elkarren ardura, komunitatea, esfortzua, euskal kultura… Mendetan zehar garatutako kultura eta balio horien gordeleku ez-ezik, garatzeko eta egungo beharrei egokitzeko lekua ere behar dute herri txikiek”, azaldu du. Gainera, gogoratu du euskararen arnasgune nagusiak ere landa eremuetan daudela eta, horregatik, adierazi du euskalgintzaren ikuspuntutik ere berebiziko garrantzia dutela.
Zentzu honetan, azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak bereziki herri txikiei zuzendutako programa jarri duela abian legealdi honetan, Landagipuzkoa+, urtean hiru milioi euroko zuzkidura izango duena. Egitasmoaren helburua, azaldu du Olanok, landa ingurunetako udalerrietan zerbitzu eta bizi-aukera berdinak bermatzea da, bereziki hiru esparrutan eraginez: baserri bideak hobetu, sare elektrikoa berritu eta zuntz optikoa hedatzea. “Herri txikien oraina eta etorkizuna lantzea ditugu xede Foru Aldundian, eta horretarako jarduera ekonomikoa sustatzeko bideak irekitzen ari gara”, azaldu du.
2268