“Konexioak hobetzeak oinezkoen eta gidarien segurtasunean eragiten dute”
“Konexioak hobetzeak oinezkoen eta gidarien segurtasunean eragiten dute”
Aintzane Oiarbide diputatuak Aretxabaletan eta Leintz-Gatzagan berritu diren erdiko lotunea eta autobus geraleku berria bisitatu ditu.
Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide Debagoiena bailaran ibili da gaur goizean, Aretxabaleta eta Leintz-Gatzagan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen obra batzuen emaitzak ikusten. Lehendabiziko geldialdia Aretxabaletan izan da eta bertan, Unai Elkoro alkatearekin lagunduta, GI-627 errepideak Aretxabaletan duen erdiko lotune berritua ikusi dute. “Lotune hau, herriko sarrera-irteera erabiliena da, bertatik Eroski, Ikastola, Urkulu eta Basabe poligonora joan daitekeelako, besteak beste”, azaldu du Oiarbidek . “Bost adarretako elkargunea antolatu eta hobetu dugu, segurtasun handiagoa eman diogu eta mugimenduak nabarmen erraztu dira. Biribilgune berriak autobusen eta bertatik igarotzeko zailtasunak dituzten beste ibilgailu astunen zirkulazioa erraztu du ", azpimarratu du diputatuak.
Jarduerak hartu dituzten lurzoruetan esku hartzeko bete behar diren izapideek (kasu honetan, industria-jarduerak, kutsagarriak izan daitezkeenak) biribilgune hau egiteko prozesu osoa luzatu dutela ere azaldu du Aintzane Oiarbidek eta proiektua gauzatzea atzeratu bada ere gustura agertu da azken emaitzarekin.
Biribilgunea handitzeko beharrezko espazioa AZBE – ASSA ABLOY ko eraikineko bulegoak eraistetik etorri da. Biribilgunearen handitzea Basabe eta Urkulu aldera doan biderantz egin da eta honen ondorioz bide honen malda handitu beharra egon da %9 tik %12-13ra hasierako tartean. Lanak irailaren 25an hasi ziren eta 10 asteko epea eta ia 200.000 euroko aurrekontua izan dute.
Goizeko bigarren geldiunea Leintz-Gatzagan izan da. Bertan, Eugenio Otxoa alkatearekin batera, herriaren goiko aldean, Eskoriatzako norantzan autobusa gelditzeko egokitu den zabalgune berria bisitatu du. Geltoki berria Gasteiz aldera zegoen autobus geralekuaren parean egokitu da. Orain artean GI-3310 errepidea Leintza-Gatzagako hirigunea zeharkatzen duen tartean, semaforo bitartez erregulatutako paso alternoa zegoen.
“Eskoriatza alderako noranzkoan zegoen autobus geralekuak, ordea, ez zeukan autobusa gelditzeko lekurik eta oinezkoek ere arazoak zituzten bertaraino iristeko”, azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak. “Leku horretan hobekuntza egiteko tarterik ez zegoenez, autobus geltokia herriaren goiko aldera mugitzea erabaki da, Gasteizko norazkoan dagoenaren parera. Modu horretan, lehen gertatzen ziren zenbait egoera arriskutsu saihestuko dira eta oinezkoek segurtasunean nabarmen irabazi dute”.
Egokitzen lanen baitan, autobusa gelditzeko badia bat egokitu da. Paso alternoa tartean gelditu denez, autobus gidariari semaforoa ze norabidetan zabalik dagoen jakiteko, semaforo gehigarri bat jarri zaio. Gunea argiztatu ere egin da eta udalak erabiltzaileentzako markesina jarri du.
Leintz-Gatzagan egokitu den autobus geralekuaren lanak hilabeteko epean amaitu dira eta 42.167 euroko aurrekontua izan dute.
1721