Breadcrumb

Asset Publisher

Back «Martxoan GI-632 errepideko lanak amaitzean, Antzuolako bizilagunek ongizate eta segurtasun handiagoa izango dituzte»

«Martxoan GI-632 errepideko lanak amaitzean, Antzuolako bizilagunek ongizate eta segurtasun handiagoa izango dituzte»

Aintzane Oiarbidek antzuolarrekin partekatu ditu, bilera ireki batean, autobia berriaren egungo egoera eta ekarriko dituen abantailak

2019/01/31

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide Antzuolan izan da gaur arratsaldean GI-632 errepideko lanen egoeraren berri emateko. Olaran Kultur Etxean egin duten ekitaldian, Oiarbidek bilera irekia egin du herritarrekin, Antzuola-Bergara bide zatiari buruzko azken berrikuntzak ezagutarazteko eta etorkizun hurbilean autobia berriak ekarriko dituen abantailen berri emateko. Topaketan Antzuolako 50 herritar baino gehiagok hartu dute parte, baita kaltetuak izan diren hainbat baserrietako jabeak ere. Horiekin guztiekin harremanetan egon da Bide Azpiegituretako Departamentua, bakoitzari irtenbidea emateko. «Lan prozesu luze baten ondoren, eta zailtasun eta eguraldi txarrak eragindako arazoak gainditu arren, bete egin dugu legealdiaren hasieran Antzuolari eman genion hitza, eta lanak martxoaren amaieran amaituko dira», nabarmendu du foru diputatuak.

Antzuolako bizilagunek zuzenean ezagutu ahal izan dute autobia egin aurreko eta ondoko egoera, eta bide zati horrek martxotik aurrera ekarriko dizkien abantailak. Aintzane Oiarbidek aurkeztu du Antzuola-Bergara bide zatiko proiektuaren ikuspegi orokorra, Errepideetako zuzendari nagusi Silvia Perez lagun zuela; «eragin sozial eta ekonomiko positiboa izango duen errepide berri bat» dela adierazi du diputatuak. «Proiektua idazten hasi ginen unetik bertatik gogoan izan genuen aurreko legealdiaren kudeaketan izandako arazoei irtenbidea ematea, azpimarra jarriz sendoagoa zen ikerketa geologikoa batean, proiektu honekin ongizatea eta segurtasuna bermatzeko eta lan hauek, Gipuzkoako biribilgunearekin batera, ahalik eta azkarren amaitzeko», gaineratu du Oiarbidek.

Bilera irekira bertaratu direnak bat etorri dira obra honen garrantziaren inguruan, bide zati hori garrantzitsua baita ez soilik Antzuolako herritarrentzat, baita Bergara eta Debagoiena, Urola Garaia eta Goierri osoko biztanleentzat, eta egunero errepide horretatik igarotzen diren guztientzat ere. Lanak amaitutakoan, kamioiak portutik eta egungo errepidetik igarotzea debekatuko da (helmuga hura izan ezean), eta horrek trafikoa % 90 inguruan murriztuko du Antzuolaren erdigunean; «datu esanguratsua da, nabarmen eta are gehiago hobetuko baitu antzuolarren bizi kalitatea», adierazi du foru diputatuak. Hori dela eta, GI-2632 errepidearen inguruan (gaur egun GI-632 errepidea denak GI-2632 izena hartuko du aurrerantzean), zarata «nabarmen» murriztuko da bizilagunentzat «lehengo egunetik».  Kamioiak debekatzeak trafikoa murriztea ekarriko du eta, beraz, ibilgailuek sortzen duten zarata gutxitu egingo da, horiek Antzuolako herrigunetik aldenduago eta garaiera handiagoan eraiki den errepide berritik zirkulatuko dutelako.

Parte-hartzea eta eztabaida biziak izan dira bilerak iraun duen artean, eta bertaratuek aukera izan dute bizilagunen artean kezka sortu duten zenbait gairen inguruan azalpenak jasotzeko. Proiektuaren inguruko xehetasunak ere eman ditu Oiarbidek, eta adierazi du proiektua idatzi zela «korridorearen lursailaren azterketa geoteknikoari arreta berezia jarriz eta egoera bakoitzerako euste neurri espezifiko bat diseinatuz; uneoro bermatu da segurtasuna».

Bileran azken hilabeteetan egin diren obren nondik norakoak aletu dira: bidegorria eraiki da eta hainbat hobekuntza egin dira, esaterako, GI-632 errepideko egungo trazatua, Antzuola Kirol Elkarteak eskaturiko futbol zelaiko instalazioetan hobekuntzak, kaltetutako baserri bideak eta Estalako, Matz-Errekako eta Uzarragako irristatze historikoak egonkortzea. “Lan hauek aukera eman dute irristatze historiko horiei irtenbidea emateko, futbol zelaian, baserrietan eta enpresetan euste arazoak eragiten zituztenak, hain zuzen. Proiektu honetan zehaztutako irtenbidea izan da lan honen arrakastetako bat”, zehaztu du Bide Azpiegituretako diputatuak. Aintzane Oiarbidek gaineratu duenez, «martxotik aurrera ibilgailuak errepide berria erabiltzen hasiko dira, baina, halere, aurrerantzean hobekuntzak egiten jarraituko ditugu portuko errepidean eta egungo bide zatian, GI-2632 izena hartuko duena. 1.200.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko dugu horretara eta lanak 2019ko uztailean hastea aurreikusten da».

  

1967