“MUBILek funtsezko papera jokatzen du, Gipuzkoa berdeago, digitalago eta lehiakorragoa eraikitzeko”
“MUBILek funtsezko papera jokatzen du, Gipuzkoa berdeago, digitalago eta lehiakorragoa eraikitzeko”
Markel Olano diputatu nagusiak eta Raül Blanco Industria eta ETEetako idazkari nagusiak zentroak Tolosan dituen instalazioak bisitatu dituzte.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Raül Blanco Industria eta ETEetako idazkari nagusiak MUBIL, Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Zentroak Tolosan dituen instalazioak bisitatu dituzte gaur. Bisitan parte hartu dute, baita ere, Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; Ane Insausti MUBIL Fundazioko zuzendariak; Javier Rodriguez, CIDETECeko zuzendari nagusiak; eta Guillermo Echenique, Espainiko Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordeak. Bisita honetan, Olanok esan du MUBIL proiektu eraldatzailea dela, eta Gipuzkoako "etorkizuneko apustu nagusietako bat".
Ildo horretatik, Olanok berretsi du MUBIL proiektua erabat gorpuztuta dagoela, eta biharko Gipuzkoako ekonomia eraikitzeko apustu nagusietako bat dela. Era berean, Europar Batasunak pandemia gainditzeko ezarritako jarraibideekin "guztiz bat" datorrela azpimarratu du, eta Euskadi Next planean horrela jaso dela gogoratuz. "MUBILek Europako funtsak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen ditu, eta Gipuzkoa berdeagoa, digitalagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko prozesuan funtsezko papera jokatzen du", nabarmendu du Olanok.
Bestalde, Blancok "automobilgintzak Espainian duen pisu handia" goraipatu du. “Europako bigarren fabrikatzailea gara, eta, horregatik, industriak garai berrietara egokitu behar du, eta Gobernuaren laguntza du horretarako. Lehenengo Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa (gaztelaniaz PERTE) automobilgintza izango da. Europako funtsen laguntzarekin industria hori eraldatuko dugu jasangarriagoa eta digitalagoa egiteko, eta aldi berean lurralde-kohesioa sustatuko duena".
Zehazki, Tolosako zentroa Mugikortasun Berriko Poloa sortzeko prozesuaren lehen harria da eta, honen erakusle, martxan jartzeko 5,5 milioiko laguntza jaso zuen Espainiako Gobernuaren partetik. Hain zuzen ere, Euskadi Next Programan jasotako PERTEetako bat da, eta Europako funtsetatik 86,5 milioi euro mugiaraztea du helburu. Lortuz gero, 156 milioi euroko inbertsioa aurreikusten MUBILen proiektuak. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, proiektua Etorkizuna Eraikizen esparruan sortu zen, eta, beraz, esperimentazioa eta elkarlaneko gobernantza haren ezaugarri nagusietako bi dira; era berean, Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan dago.
Usabal eta Eskuzaitzeta
MUBILek Tolosan duen egoitzak 2.300 metro karratu inguru ditu: beheko solairuan sarrera dago eta 90 metro karratuko showroom bat, non Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Zentroaren zergatia, helburua, aparteko balioaren proposamena eta bilakaera jasotzen diren. Lehen solairuak 500 metro karratu ditu eta bertan bulegoak, prestakuntza-gela eta laborategia erabiltzen ari diren enpresentzako gune bat daude. Laborategi hori bigarren solairuan dago, eta 1.400 metro karratu inguru hartzen ditu. Energia biltegiratzeko laborategi aurreratua da, eta CIDETECek kudeatzen du.
Bere irismena are gehiago handituko du MUBILek, Eskuzaitzetan kokatuko den Mugikortasun Berriko Poloaren sorrerarekin. Bertan egongo da zentroaren behin betiko egoitza. Gaur egun, proiektua idazten ari dira, eta datozen hilabeteetan amaituko da lan hau. Bertan, arestian deskribatutako laborategiaz gain, power train eta potentzia-elektronikarekin lotutako teknologia testatzeko beste espazio batzuk kokatuko dira, mugikortasunaren esparruan bizitzen ari garen eraldaketaren funtsezko osagaiak biak ere. Halaber, 30.000 metro karratu gorde dira mugikortasun berriarekin zerikusia duten eta zentroaren inguruan garatu daitezkeen beste ekimen batzuetarako.
2484