“Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean; hori bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan”
“Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean; hori bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan”
“Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean; hori bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan”
Diputatu nagusiak Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkeztu du; datozen hiru urteetan, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatzea du xede.
Bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea helburu duen Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategia aurkeztu du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, lurraldeko ekonomia eta gizarteko hainbat ordezkariren aurrean. “Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan. Lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu”, adierazi du diputatu nagusiak.
Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez, “lan inklusiborako aukerak biderkatu” eta ahalegin horretan lurraldeko erakunde, enpresa eta eragile guztien parte-hartzea lortu asmoz. “COVID-19ak eragindako krisialdi sozialari aurre egiteko palanka izango da, batetik, eta epe ertainera begira, berriz, gizarte desberdintasunei mugak jartzeko tresna partekatua”, aurreratu du diputatu nagusiak, zeinak “pertsona orori kalitatezko enplegua, lan duina eta inklusiboa” bermatzeko erantzukizunaz hitz egin duen. “Lana da tresna nagusia bizitza duina bermatzeko, bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta bizitza proiektu bat berdintasunez garatu ahal izateko”, gehitu du.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, estrategia zabal eta partekatu honen bitartez, erakunde, garapen agentzia, enpresa eta eragileekin elkarlanean, datozen hiru urteetan, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldi berean, gaur egun lurraldean lanean diharduten gizarteratze enpresa kopurua bikoiztea nahi da eta, baita ere, 2.500 laguni formazioa eskaintzea eta 4.000 pertsonari laguntzea lan mundura iritsi arte egin beharreko ibilbidean.
Populismo xenofoboari “galgak”
Pandemia aurreko datuen arabera, lurraldean ia 37.000 lagun aurkitzen dira pobrezia larrian eta, gainera, egoera horretan kronifikatzeko arriskua hor dago. “Ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu, bidelagun izango duten tokiko babes sare koordinatu bat, lan merkatura iritsi arteko pauso guztiak ematen lagunduko diena, formaziotik hasi eta lan munduan txertatu arte, segimendu pertsonalizatu batekin”, azaldu du. Bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, kualifikazio baxua dutenak, langabezian kronifikatu diren pertsonak, 45 urte baino gehiagorekin langabezian daudenak nahiz biolentzia matxistaren biktimak kontuan izango ditu, bereziki, Elkar Ekin Lanean estrategiak.
Olanoren esanetan, Gipuzkoak “jauzi esanguratsu” bat egin dezake alor honetan eta, gainera, “behar-beharrezkoa” da helburu honi “determinazioz eta anbizioz” ekitea, kontuan izanda pandemia pertsona eta familia askoren egoera ekonomikoan izaten ari den eragina. Horregatik, apustu hori bere egitera dei egin ditu, gizarte alorreko elkarte eta eragileez gain, ekonomiaren eta industriaren alorreko enpresa eta elkarteak. “Zume indartsuak dauzkagu. Gizarte ekintzako sare dinamikoa, enpresa lehiakorrak eta erakunde konprometituak. Guztiok norabide berean bultza eginez gero, lortuko dugu gizarte desberdintasunei mugak jartzea gure gizartean”, aipatu du.
“Gainera, lanpostu kalitatezkoak eta inklusiboak sortzeko gai bagara, populismo xenofoboari ere galgak jartzen ariko gara. Gipuzkoan ez dute lekurik halako jarrerek, gizarte solidarioa gara eta ehun sozial hori aktibatu behar dugu kolektibo ahulenen alde egiteko eta, horrela, Gipuzkoa pertsonen komunitate gisa indartu dadin”, azaldu du Olanok.
Diputatu nagusiaz gain, gaurko aurkezpen jardunaldian parte hartu dute, baita ere, Alfonso Gurpeguik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak, eta Unai Anduezak, Proiektu Estrategikoetako foru zuzendariak. Sartu Taldeko zuzendari eta gizarteratzean aditu Fernando Consuegrak hitzaldia eskaini du, baita ere, eta 2020an diruz lagundutako hainbat inklusio proiektu ezagutzeko parada eduki dute parte-hartzaileek.
Diru-laguntza deialdi berria
Estrategiaren hedapenerako, datozen hiru urte hauetan 36,6 milioi bideratzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horietatik, datorren astean ia 3 milioiko diru-laguntza deialdia onartuko dela aurreratu du diputatu nagusiak. Deialdi garrantzitsu honek igoera nabarmena izango du (%250ekoa), beraz, 2020ko deialdian 1,2 milioiko zuzkidura izan baitzuen. Elkar Ekin Lanean estrategian lehentasunezko bezala jotako kolektiboei laguntzea izango du helburu deialdi honek, kontuan izanda gainera horien egoera larriagoa izan daitekeela gaur egun, COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz. Diruz lagunduko dira, beraz, gizarteratze ibilbide integratuak sustatzeko egitasmoak, enplegu eta formaziorako programak, gizarteratze enpresak sortzeko eta sendotzeko egitasmoak eta enplegu inklusiboa sustatzeko proiektu berritzaileak.
Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategiak hiru alorretan eragingo du, horiei lotutako sei helburu nagusi lortze aldera. Lehenik, Gipuzkoa lurralde inklusiboa izan dadin lanean diharduten erakunde eta eragileen sistema trinkotzeko ahalegina egingo du, lankidetzazko gobernantza eredu bat garatuz. Dagoeneko abian da estrategiaren zabalkundea gidatuko duen mahai instituzionala eta hurrengo pausoa izango da gizarte eta ekonomia alorreko eragileak batuko dituen mahaia osatzea.
Bigarrenik, enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa zabaltzeko aukerak indartzea izango du helburu Elkar Ekin Lanean Estrategiak. Horretarako, lanpostu berriak eratzeko esfortzuaz gain, inklusioaren ikuspegia landuko duten enpresa berrien sorrera sustatuko da, dagoeneko abian daudenen jarduera sendotzeaz gain. Hirugarrenik, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonek aukera berdintasunez lan munduan txertatzeko aukera izan dezaten eragingo du estrategia honek, Eusko Jaurlaritzarekin eta Lanbiderekin elkarlanean. Horretarako, gainera, herritar horiek ere beren garapen pertsonala eta profesionalerako aukerak izan ditzaten bermatuko du.
Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri konkretu ezarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Besteak beste, diru-laguntzak, gizarteratze enpresa berrien sorrera, informazio sistema adimenduna, inserzio sozio-laboraleko gune berezia bezalako egitasmoak sustatuko dira. Neurri horien guztien inpaktu gisa, hiru urtetan 4.000 lagunengana iristea aurreikusten da, 2.500 lagunen formazioa bideratu eta 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatu. Gainera, 2023rako lurraldean hamabost gizarteratze enpresa edukitzea ezarri dute xede.
3295