“Nik Hondartzak” aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago lortu ditu astebetean
“Nik Hondartzak” aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago lortu ditu astebetean
Azken asteburu honetan 13.800 deskarga egin dira.
José Ignacio Asensio: “Nik Hondartzak erabiltzea bitarteko eraginkorra da gure hondartzez segurtasunez eta erantzukizunez gozatzeko. Garrantzitsua da hondartzen okupazioa kontsultatzea, asteburu honetakoak bezalako egoerak saihesteko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Aztirekin lankidetzan garatutako “Nik Hondartzak” lurraldeko hondartzen okupazio-maila kontsultatzeko aplikazioak, 30.821 deskarga izan ditu ekainaren 25ean abian jarri zenetik. Deskarga guztietatik, 14.528 Android-en egin dira, 12.688 webapp bidez eta 3.576 iOS gailuetan. Nabarmentzekoa da asteburu honetan deskargen kopurua handitu egin dela; izan ere, 13.800 deskarga egin dira, eta bi egunetan deskargen kopuru osoa bikoiztea lortu da.
Asteburu honetan, lurraldeko 7 hondartzaren aforoa osatu da, eta, ondorioz, itxi egin dira eta ilera luzeak sortu dira haietarako sarbideetan. Horrelako egoerarik gerta ez dadin, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak gogorarazi duenez, “garrantzitsua da hondartzetako okupazio-egoera “Nik Hondartzak” aplikazioaren bidez kontsultatzea hareatzetara joan aurretik; asteburu honetan bizi izan diren egoerak saihestu behar dira”. “Beharrezkoa da hondartzak arduraz erabiltzea eta ahalik eta zuhurtasunik handiena izatea, pandemia berriro agertzeko arriskua ahalik eta gehien mugatzeko. ‘Nik Hondartzak’ erabiltzea bitarteko eraginkorra da gure hondartzez segurtasunez eta erantzukizunez gozatzeko”, adierazi du Asensiok.
Gipuzkoako hondartzen aforoa eta okupazioa kontrolatzeko Foru Aldundiak udalen eta herritarren eskura jarri duen baliabide teknologiko honen helburua da, hareatzen erabilera COVID-19ak eragindako pandemiaren aurkako prebentzio-neurriekin bateragarri egitea.
Semaforoaren sistematikaren bidez, hondartzetako okupazio-mailaren berri emango du App-ak. Aplikazioa 15 minutuan behin eguneratuko da, hareatza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate-atalaseen arabera egoeraren berri emanez. Aforoa zehazteko, gomendatutako distantzia soziala eta hondartza bakoitzaren azalera hartu dira kontuan, eta erabiltzaile guztiek doan kontsultatu ahal izango dute hareatzen okupazio-maila hondartza horietara joan aurretik.
App-ak erakusten dituen okupazio-mailak eta aforo-mailak gutxi gorabeherakoak dira, eta udal-agintari eskudunek, irizpide horietan eta egoki iritzitako beste batzuetan oinarrituta, hondartzetarako sarbidea ireki edo itxi edo kasu bakoitzean egokiak diren gomendioak eman ahal izango dituzte. Lan hori errazteko, App-ak alerta-sistema bat du udal-arduradunentzat, eta aurrez jakinaraziko die ur-emaria, marea-igoera eta erabilera-baldintzen aldaketa.
Teknikoki, aplikazioa KOSTASYSTEM bideometria-sarean oinarritzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2017an Gipuzkoako kostaldean martxan jartzea erabaki zuen. Foru-bideometriaren sarea jarri zen, batetik, kostako hareatzak monitorizatu behar direlako, itsasertzak klima-aldaketarekiko duen kalteberatasunagatik (Gipuzkoa Klima 2050 Estrategia), eta, bestetik, hondartzen kudeaketa hobetzeko. Tresna honi esker, batetik, itsasertzaren babesa hobetu daiteke, eta, bestetik, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina prebenitzeko neurriak hartu; eta, gainera, hondartzak erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna eta ongizatea hobetu daitezke.
1429