Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Oinarri teknologiko duten start up-ak apustu ziurra dira etorkizuneko ekonomia sortzeko”

“Oinarri teknologiko duten start up-ak apustu ziurra dira etorkizuneko ekonomia sortzeko”

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, Grapehenearen egoitza berrian izan da, eta bertatik bertara ezagutu du aurtengo udazkenean abian jarriko den instalazio pilotua

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano Miramonen izan da gaur, eta Graphenearen egoitza berria martxan jartzeko lanak ezagutu ditu, instalazio berri horrek mundu mailako lidergoa mantentzen lagunduko baitio enpresa donostiar honi. Diputatu nagusiarekin batera, bisita instituzional honetan parte hartu dute Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk eta Gobernantzako diputatu Imanol Lasak. CIC Nanoguneren ikerketa jardueraren ondorioz 2010ean sortu zen enpresa honek esku artean dituen proiektu nagusiak ezagutzeko aukera izan dute.

Grapheneako zuzendari nagusiak, Jesus de la Fuente, 600 metro karratuko azalera duen egoitza berria erakutsi dio diputatu nagusiari. Une honetan, egoitza berria instalazioak eta laborategiak muntatu eta abian jartzeko fasean dago. Miramongo Parke Teknologikoan dago, eta bertan punta-puntako instalazioak ezarriko dira, hala nola areto zuri bat, zeinak hartuko baitu Graphenearen ikerketa jardunaren zati bat.

Grafenoa nanomaterial bat da, karbono atomoen geruza bakar batek eratzen duena. Aparteko propietate optiko, elektriko, termiko eta mekanikoak ditu, eta horregatik material oso eraginkorra da energia biltegiratzeko eta sortzeko teknologia berriak garatzeko. Gaur egun, Grapheneak 400 bezero baino gehiago ditu, 50 herrialdetan banatuta, eta milioi bat euro inguru fakturatzen du, munduko merkatuaren % 10 hain zuzen.

Planta pilotu hau, BIC Gipuzkoako haztegian kokatuta, 2017 amaierarako egongo da martxan, eta horri esker Graphenearen gaitasuna 20 bider handiagoa izango da, grafenoaren fabrikazioan munduko liderra izaten jarraitzeko. 2,2 milioi euroko inbertsioa egin da instalazio berrietan, Horizon 2020 programa europarretik 1,6 milioi euroko laguntza jaso du. Bestalde, Grapheneak filial komertzial bat ere badu Bostonen, Estatu Batuetan aurkitu baitu grafeno eskari handieneko merkatua.

Markel Olano diputatu nagusiak “Graphenea bezalako enpresen bikaintasuna eta potentziala” azpimarratu ditu, “lehen mailako ikerketari eta kalitate goreneko produktuari esker” pixkanaka “exijentzia handieneko merkatuetan” sartzea lortu dutelako. “Beti diogu, Zientzia eta Teknologiako Sare oso aurreratua dugula Gipuzkoan, eta sare horrek ezagutza sortu eta sare ekonomikora transferitzen du. Baina ikerketa eta berrikuntzako zentroek badute funtsezko beste zeregin bat: jarduera ekonomiko berria sortzea”, adierazi du. Ondoren, gogorarazi du Graphenea “erreferentzia dela” zentzu horretan, CIC Nanoguneren ikerketa jardunetik sortu baitzen.

“Gipuzkoak balio teknologiko handiko enpresa berrien alde egiten duen apustuaren adibide garbia da hau. Izan ere, enpresa horiek denbora behar dute umotu eta loratzeko, baina apustu ziurra dira etorkizuneko ekonomia sortzeko” berretsi du Olanok. Zentzu horretan, Gipuzkoan dagoen “ekintzailetza ekosistema” lantzen eta sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, “ezagutza eragileen eta berrikuntza zentroen arteko konexioa” indartuz, oinarri teknologikoa duten enpresa proiektu berriak sortzeko.

Gainera, diputatu nagusiak zoriondu egin du Jesus de la Fuente, Forbes aldizkariak industriaren arloko 100 pertsona sortzaileenen artean izendatu baitu.  Amaitzeko, diputatu nagusiak esan du: “Graphenea bezalako enpresek talentua erakarri eta sortzen dute, ezagutza zabaldu eta sekulako balioa duten enpresa proiektuen oinarri diren pertsonak egiten dituzte”.

  

1660