Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Orain arte itxita zegoen bidea ireki dugu, eta garrantzitsua orain estropezurik egin gabe ibiltzea da”

“Orain arte itxita zegoen bidea ireki dugu, eta garrantzitsua orain estropezurik egin gabe ibiltzea da”

Gipuzkoa Batzar Nagusiek Zergen Foru Arau Orokorraren erreforma onartu dute, Ogasunarekin zorretan daudenen aldikako zerrendak argitaratzeko

2016/03/08

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ogasunarekin zorretan dauden zergadunen zerrendak aldika argitaratzeko Zergen Foru Arau Orokorra aldatzea ahalbidetzen duen Foru Arau proiektua onartu dute gaur. Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, emandako pausuaren garrantzia nabarmendu du, iruzur fiskalaren aurkako borrokan “fronte berria” irekitzen baitu. “Orain arte itxita zegoen bidea ireki dugu, eta garrantzitsua orain pausu seguruak eman eta estropezurik egin gabe ibiltzea da”, adierazi du.
Larrañagak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran hartu du hitza Foru Arau proiektu honen inguruan zehaztapenak emateko. Erreformak batzarkideen gehiengoaren oniritzia jaso du: EAJ/PNV, PSE eta PP alde agertu dira, EH Bilduk abstenitu egin da eta Podemos/Ahal Duguk aurka bozkatu du. Foru diputatuak nabarmendu duenez, erreformak berme juridiko guztiak ditu eta proportzionaltasun irizpideak jarraitzen ditu. “Baina gogoratu behar da ez dela iruzurgileen zerrenda, zordunena baizik”, azaldu du Ogasuneko arduradunak, “egoera ekonomikoak bultzatuta itxi diren enpresa eta negozioak ere agertuko baitira”. 
Orain arte iruzur fiskalari aurre egiteko estrategiak “zenbait portaera zigortzera bideratu direla” adierazi du Larrañagak eta, bide honekin batera, betebehar fiskalak borondatez betetzearen inguruan pedagogia indartzearen alde egin du. Helburua gizartearen gaitzespena lortu eta iruzurraren aldeko jarrera eta jokamoldeei zilegitasuna kentzea da: “Hau ez badugu lortzen ezingo dugu iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrerabidean jarraitu”. Zentzu honetan, zordunen zerrenda “prebentziozko erreminta hezitzailea” dela esan du, zerga betebeharren borondatezko betetzearen alde egin dezakeena.  

2016ko bigarren seihilekoa
Zerrenda 2016ko bigarren seihilabeteko naturalean argitaratuko da lehen aldiz, eta erreferentzia data martxoaren 31 izango da. Hau da, listatuak egun horretan Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko ditu, borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak salbu. 2017tik aurrera, erreferentzia eguna publikazio akordioaren aurreko urteko abenduaren 31 izango da, eta argazkia urtero berrituko da. Egun horretatik aurrera hasi eta egindako ekintzek ez dute eraginik izango zerrendaren argitalpenean.
Listatuan sartzeko proposamena zordunari jakinaraziko zaio, eta honek 10 egun izango ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa emango da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egingo da eta hiru hilabetez egongo da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartuko dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.

  

2244