Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Potentzial handia du Gipuzkoak zibersegurtasun industrialean, eta arlo hau bultzatzera dator ZIUR”

“Potentzial handia du Gipuzkoak zibersegurtasun industrialean, eta arlo hau bultzatzera dator ZIUR”

Diputatu nagusiak Gipuzkoa IndustrySec´18 kongresua irekia du, gau eta bihar artean 300 pertsona inguru elkartuko dituena Donostiako Kursaalean

Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok lurraldeak zibersegurtasunaren arloan eskaintzen dituen aukerak baliatzearen alde egin du gaur. “Sekulako aukerak ditugu ehun ekonomiko berria sortzen jarraitzeko, lehen mailako enpresak ditugu, ezagutza zabal, kontrastatu eta berritzailea”, nabarmendu du. Testuinguru honetan ZIUR Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentroan jarri du azpimarra, Etorkizuna Eraikiz programan kokatzen den proiektua eta udazkenean ateak irekiko dituena. Ekimenaren xedea lurraldeak zibersegurtasun arloan duen espezializazio maila hobetzea da eta, aldi berean, Gipuzkoako ekonomiaren zutabe den industriaren segurtasuna bermatzea. “Gipuzkoako Foru Aldundia zibersegurtasun arloan garatzen ari den estrategiaren muina da ZIUR”, berretsi du.
Gipuzkoa IndustrySec´18 kongresuaren irekiera ekitaldian egin ditu adierazpen hauek diputatu nagusiak. Topaketa gaur eta bihar ari da egiten, Donostiako Kursaalean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, lurraldeko zibersegurtasun arloko konpainiekin lankidetzan. Kongresuak 300 lagun inguru elkartu ditu, aipatutako sektoreko eta lurraldeko industriako ordezkariak. Nazioartean zibersegurtasun arloan erreferente diren adituak ari dira parte hartzen ekitaldian, hala nola, John Lyons britainiarra, ziber krimenei aurre egiteko Britainia Handiko Gobernuaren aholkulari izan zena; Luigi Rebufi, Europako zibersegurtasun elkarte nagusia den ECSOko arduraduna; edota Alejandro Diez, Espainiako Zibersegurtasun Institutu Nazionalaren (INCIBE) ordezkaria. 
Olanok, bere hitzaldian, industriak Gipuzkoako ekonomian duen pisuan jarri du azpimarra. Gogoratu duenez, BPGd-ren %27 da, eta hiru lanpostutatik bat sektore honi dagokio. Azaldu duenez, laugarren industria iraultzaren etorrerak aldaketak ekartzen ari da, eta “gure industria gogor ari da bere ekoizpen eta kudeaketa sistemak digitalizatzeko ahaleginean”. Konekbititatea hobetzeak hainbat abantaila dakartza, baina baita mehatxuaren bat edo beste ere, hauen artean nagusiena segurtasunarena delarik. “Hori dela eta, zibersegurtasunaren erronka hil ala bizikoa da gure ekonomiaren lehiakortasuna eta etorkizuna bere bermatzeko”, azpimarratu du Olanok. 
Honen aurrean, lurraldeak alor honetan dituen gaitasunak goraipatu ditu diputatu nagusiak. “Lehen mailako potentziala dugu, nazioartean ezagunak diren zibersegurtasun enpresak ditugu, gai honetan erreferente diren ikerketa eta teknologia zentroak, eta baita berrikuntza eta sormena erabiliz merkatuan euren tokia egin duten balio teknologiko handiko zenbait start up ere”, gogoratu du. Heziketaren ikuspegitik, unibertsitate eta lanbide heziketako sarea egiten ari diren lana nabarmendu du, “jada zibersegurtasun arloan espezializatutako talentua ereiten ari baitira”.  
Hala ere, industria sektorearen egoera ez da oraindik beharko lukeena. Aldundiak berriki egindako ikerketa baten arabera, lurraldeko enpresen %84k ekoizpen sistemak ditu sarera konektatuta, baina hauetatik hirutik batek bakarrik ditu segurtasun protokoloak. Gainera, galdetutako erdiek azken urtean ziber erasoren bat jaso izana onartzen dute. Hau gutxi balitz, ekoizpen sistemei eragin diezaioketen erasoak jasateko ahulezia maila ertain-altua hauteman da, duela gutxi lurraldeko 20 enpresekin egindako ikerketa batek agerian utzi duenez. “Argi dagoena da mehatxua egiazkoa dela eta presente dagoela, hemen eta orain”, esan du Olanok. 
Horrela, azaldu du Gipuzkoa IndustrySec´18 kongresuak sektore industrialean eragin nahi duela, zibersegurtasunaren garrantzia agerian utziz. “Norabide honetan pausuak emateak gure enpresen lehiakortasuna bermatzea dakar eta, hedapenez, lurraldeko ekonomiarena”, adierazi du. Aldi berean, Olanok nabarmendu du kongresuak balioko duela munduari erakusteko Gipuzkoak zibersegurtasun arloan eskaintzen dituen aukerak eta duen potentziala eta, honela, “lurralderen espezializazio maila hobetzeko egiten ari garen apustuaren norabide berean eragiten du”. 
Diputatu nagusiak gogoratu du zibersegurtasun zentroa Etorkizuna Eraikiz foru programaren barnean kokatzen dela, eta azken honen ezaugarri nagusietakoa dela gobernantza irekia eta lankidetzazkoa. “Zer egiten dugun bezain garrantzitsua da nola egiten dugun, eta ziur gaude lurraldearen etorkizuneko erronkek, zibersegurtasuna tarteko, erantzun zabal eta guztion artean adostuak behar dituztela”, esan du. Honela, adibide bezala jarri du zibersegurtasun sektorea arlo honetako foru estrategian izaten ari den protagonismoa. IndustrySec´18 kongresua beraren antolakuntzan ere era aktiboan hartu dute parte esparru honetako konpainiek. 

ZIUR, foru estrategiaren zutabe
Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk ZIUR erreferentziazko zentroari buruzko xehetasunak eman ditu, Aldundiak zibersegurtasun sektorea bultzatzeko duen estrategiaren ardatza dela azpimarratuz. Iragarri duenez, azpiegiturak udazkenean irekiko ditu ateak, baina proiektuan martxan da jada. “Datozen asteetan giza baliabideen lehen izendapenak egingo diren, tartean zentroaren zuzendariarena, eta udara aurretik ZIURren gorputza izango den eta Donostiko Udalak ere parte hartuko duen foru fundazioa osatuta egotea espero da”, azaldu du.
Gainera, diputatuak jada ireki diren lan lerroetan jarri du azpimarra, zibersegurtasun arloan garatzen ari den estrategiaren barnean kokatzen baitira. Honela, zibersegurtasun industrialaren egungo egoera aztertzeko egindako ikerketa eta inkesta ezberdinak gogorarazi ditu, eta bita heziketa arloan eman diren aurrerapausoak ere. Azken puntu honetan, zibersegurtasuneko heziketa zikloa eta masterra jarri dira martxan. “Sektore honetan ekintzailetasuna sustatzeko lan lerro batean ere ari gara lanean, eta berrikuntza bultzatzea xede duten proiektuekin lankidetza bideak ireki ditugu”, azaldu du. Baita ere, gogoratu du Aldundia eta ZIUR Europako zibersegurtasun arloko eragileen elkarte nagusi den ECSOn sartu direla, “eta honek nazioarteko ateak irekitzen dizkigu”. “Argi dagoena da ZIUR, gaur gaurkoz, bizirik dagoen proiektua dela”, adierazi du. 
“Bere ekarpen nagusia izango da zibersegurtasun arloan euren lehiakortasuna indartuko duten erreminta eta baliabideak eskura jartzea Gipuzkoako industriari, zibersegurtasun arloko enpresei eta gure ezagutza eragileei”, azaldu du Aizpuruk. Hau da, konponbideak eskaini eta, honekin, espezializazio maila hobetu. Horretarako, ZIURrek hainbat jarduera garatuko ditu: langileen formakuntza, talentua bultzatzea, aurre hartze politikak indartzea, auto diagnosi erremintak, B+G sustatze, industria eta zibersegurtasunaren arteko zubia eraikitzea, egiaztagiriak eskaintzea… Helburua, betiere, zibersegurtasunaren sektorean eragitea izango da, “betiere lurraldeko eragile ezberdinekin elkarlanean eta esparru pribatua errespetatuz”.

  

3326