Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Premiazkoa da indarkeriaren oinarrian dauden desberdintasun eta estereotipo matxistak desaktibatzea”

“Premiazkoa da indarkeriaren oinarrian dauden desberdintasun eta estereotipo matxistak desaktibatzea”

Azaroaren 25 honetan, biolentzia matxistaren aurkako gogoeta, kontzientzia eta konpromisoa hedatzea helburu duen mikrozinema kokatu du Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa Plazan.

“Gure bizitzan askotan izaten gara ikusle. Antzerkira edo zinemara joaten garenean, esate baterako. Baina emakumeen aurkako biolentzia, tamalez, eguneroko errealitate bat da, ez da ikuskizun bat. Bortizkeria matxistaren aurrean, ez gaitezen ikusle huts izan. Horretarako, ezinbestekoa da biolentziaren oinarrian dauden eguneroko eraso txikiak eta jarrera matxistak identifikatu eta desaktibatzea, emakumeei kalte egiten dietelako eta egiturazko arazo honen izebergaren oinarria direlako”. Adierazpen horiek egin ditu gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Azaroaren 25eko Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, eta gizartetik errealitate gordin hori ezabatzeko “kontzientzia eta konpromiso kolektiboa” indartzearen alde mintzatu da.

Olanok gaineratu duenez, “premiazkoa eta presazkoa” da indarkeriaren oinarrian dauden “desberdintasun eta estereotipo matxistak indargabetzea” eta, horretarako, ezinbestekoa da “emakume eta gizonen berdintasuna” lortzera bidean “gizartea eraldatzen” jarraitzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalegin horretan pausoak ematen jarraitzeko konpromisoa adierazi du, eragile sozialekin eta gainontzeko erakundeekin elkarlanean.

"Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurraldea lortzea erabateko lehentasuna da. Gizarteak eta erakundeok partekatzen dugun xedea da”, laburbildu du diputatu nagusiak, foru gobernuak onartutako Azaroaren 25eko adierazpen instituzionaleko mezuari lotuta, eta bereziki gogoan izan ditu biolentzia matxistaren biktimak.

Diputatu nagusiak adierazpen hauek egin ditu, Indarkeria matxistaren aurrean ez zaitez ikusle huts lemapean abian jarritako sentsibilizazio kanpainaren testuinguruan, Gipuzkoa Plazan Aldundiak jarri duen mikrozinema bisitatu ostean. Bertan, lurraldeko zinemetan azken bi hilabeteetan garatutako bizipen-esperientzia egongo da ikusgai: Gipuzkoako 13 aretotan –53 emanaldi, 2.474 ikusle– sozialki onartutako hainbat eraso matxista simulatu zituzten ezustean, filma hasi aurreko unean, aretoan zeuden pertsona guztien begiradapean. Eguneroko bizitzan normalizatuak ditugun oldar horiek azaleratzen dituzten ikus-entzunezko materialak osatu dira esperientzia horietatik abiatuz eta horiek egongo dira ikusgai, gaur hasi eta igandera arte, mikrozinema berezi honetan.

Gainera, bertara hurbiltzen direnei ekintza honi lotutako informazio-materiala eskainiko zaie, biolentzia matxistaren aurkako gogoeta, kontzientzia eta konpromisoa hedatzeko helburuarekin. Aldi berean, zinemetako bizipen-esperientziari buruzko beren ikuspegia partekatu ahalko dute herritarrek eta www.berdintasuna.eus webgunean hainbat eduki jasoko dira. Bertan, lehenago aurreratu moduan, sentsibilizazio-materialez gain, indarkeria matxista normalizatuari buruzko informazioa emango da. Baita indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko dauden baliabideei eta eraso bat ikusiz gero jarduteko moduari buruzko informazioa ere, besteak beste.

Mikrozinemaren ordutegiak honako hauek izango dira:

  • Osteguna, hilak 25. 10:00etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Ostirala, hilak 26. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Larunbata, hilak 27. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Igandea, hilak 28. 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  

2369