Breadcrumb

Asset Publisher

Back ‘Re-think industry’ ekimenak Gipuzkoako ETEek lagunduko ditu eraldaketa digitalerako bidean

‘Re-think industry’ ekimenak Gipuzkoako ETEek lagunduko ditu eraldaketa digitalerako bidean

Aldundiak jardunaldi bat antolatu du lurraldeak “enpresen lehiakortasunerako giltzarria den esparru batean” dituen lorpenak eta erronkak partekatzeko.

Foru Aldundiak ‘Re-Think Industry’ jardunaldia aurkeztu du, Etorkizuna Eraikiz lankidetzako gobernantzaren dinamikaren baitan, Gipuzkoako ETEek eraldaketa digitalaren esparruan izandako lorpen eta erronkak partekatzea helburu duena, laguntzeko beren lehiakortasuna finkatzen. Lehen edizio hau martxoaren 31n izango da, Kursaal kongresu jauregian. “Eraldaketa digitalak paradigma aldaketa dakar industrian, hau da, gure indar ekonomikoaren, gure enpleguaren eta gure ongizatearen zutabe nagusietako bat den sektorean. Gipuzkoa lurralde industriala, aurreratua eta kohesionatua izaten jarraitzea nahi dugu, eta, horretarako, gure ETEei lagundu behar diegu prozesu honetan, asko baitugu jokoan”, azpimarratu du Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak, Berrikuntzako foru diputatu Jon Gurrutxagarrekin batera egin duen aurkezpenean.
Jardunaldia Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainetan aldaketa sustatzera deituta dauden pertsonei zuzenduta dago: zuzendari nagusiak, gerenteak, jabeak, ekoizpeneko zuzendariak, industria zuzendariak, berrikuntzako zuzendariak, I+G+B… Xedea da laguntzea ulertzen zer den eraldaketa digitala eta hori negozioak nola aldatzen ari den; identifikatzea gure ekosistemako zein eragile gakok eskaintzen duen prozesu hori burutzeko laguntza; ezagutzera ematea lurraldeko enpresa aurreratuen esperientzia; eta espazio bat eskaintzea beste konpainia batzuekin kezkak eta esperientziak parteka ditzaten, horrela sareko lana sustatu eta lankidetza bide berriak zabalduta. Orain arte, 475 pertsonak baieztatu dute bertaratuko direla, eta izena emateko epeak irekita jarraitzen du www.rethinkindustry.eus webgunean.
 
Enpresa txiki eta ertainak sentsibilizatzeko eta gaitzeko premisa bikoitzaren gainean diseinatu da jardunaldia, negozioa digitalki eraldatzeko urratsak ematen hasi diren enpresetan nahiz oraindik hasi ez direnetan pentsatuta. Horretarako, jardunaldiaren muina lau saio paralelok osatuko dute, eta saio bakoitza agente batek zuzenduko du. Saio horietan kasu arrakastatsuak aurkeztuko dira, ondoren mahai-inguru bat egiteko. 
 
Horietako lehena, ‘Fabrika aurreratuak eta adimendunak, produkturik onenak eskaintzeko’, AFM Clusterrak zuzenduko du, eta Egile, Metagra eta Tximi izango ditu partaide. Bigarrena, ‘Etorkizunaren balio kateak, zerbitzuen berrikuntza digitalerako aukera ematen dutenak’, Gipuzkoako Ganberak zuzenduko du, eta ABC Compressors, Euskabea eta EUN Group-ek parte hartuko dute. Hirugarrena, ‘Transformazioari aurre egiteko aliatuak’, laguntza ekosisteman zentratuko da, eta, Garapenek zuzenduta, BRTA, Bic Gipuzkoa, Tknika eta Gaiaren ekarpena izango du. Laugarren saioak ‘Erakundean aldaketa bideratzen, azkarragoak izateko’ du izenburu, eta sardatza antolaketa-eraldaketa izango da; Orkestraren gidaritzapean, Ternua Group, Herrekor eta Asti MGR-ren esperientziak ezagutzera emango dira.
 
Diputatu nagusiak egingo du jardunaldiaren irekiera instituzionala, eta, aldi berean, bi inspirazio hitzaldi egingo dira, bata irekierakoa eta bestea itxierakoa, izenburu honekin: ‘Begirada: Gipuzkoa eta mundua'. Lehenengoa Juan Antonio Zufiria (Villabona, 1960) IBMko aholkulariak emango du, orain gutxi arte mundu mailan IBMren azpiegitura zerbitzuen arduradun izandakoak. Zerbitzu horien artean daude Mugikortasuna, Egoitza, Sistemak eta Sareak eta Euskarri Teknologikoko Zerbitzuak. Aurrez, IBM Europako zuzendari nagusia izan zen. 
 
Itxierako hitzaldia Vicomtech-eko zuzendari nagusi Julian Florezek (Donostia, 1958) emango du. Zentro hori industriari aplikatutako teknologia digitalen eta adimen artifizialaren ikerketan eta garapenean espezializatutako 200 profesional baino gehiagok osatzen dute. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) eta graphicsvision.ai (Artificial Intelligence Network for Graphics, Media and Vision Technologies) erakundeen Zuzendaritza Kontseiluko kide ere bada. Adimen artifizialean aplikatutako ikerketa zentroen nazioarteko aliantza horren egoitza Kaiserslauternen (Alemania) dago.
 
“Etorkizunerako norabideari eustea"
Industria Gipuzkoako enpleguaren % 24 da, Balio Erantsi Gordinaren % 24,5 eta esportazioen ia guztizkoa, eta trakzio eragin handia du zerbitzuen sektoreko hainbat jardueratan. Gipuzkoako industria enpresen batez besteko tamaina Euskadiko eta EB27ko batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da, baina Alemaniakoa baino askoz txikiagoa. Gipuzkoako enplegu guztiaren % 59,1 50 langile baino gutxiagoko enpresetan biltzen da, Alemaniako % 43ren aldean. Berrikuntzari dagokionez, lurralde honetan ETE berritzaileen ehunekoa Estatukoa baino askoz handiagoa da (% 41,7 eta % 30, hurrenez hurren), baina Europako batez bestekoa (% 49,2) baino txikiagoa.
 
Errealitate hori eraldaketa digitalera eramanez, Larrañagak aurre egin beharreko beharreko bi joera aipatu ditu. Lehenengoa, "Enpresa traktoreen eta ETE gehienen arteko arrakala. Lehenengoak dira jarduera berritzaile gehienak biltzen dituztenak. Industria enpresa txiki asko ditugu produktu propiorik gabe, eta ezinbestekoa da eraldaketa horrekin bat egitea, beren balio kateetan lehiakorrak izaten eta berrasmatzen jarraitzeko”. Bigarrena da, berriz, “Gipuzkoan berrikuntza ez-teknologikoan – prozesuak, marketina, antolaketa … – oraindik ere hobetzeko asko dugu. Produkzioan oso onak gara, berrinbertsioaren kultura oso sendoa dugu, baina askoz gehiago kostatzen zaigu ukiezinetan eta pertsonengan inbertitzea”. 
 
Ildo horretan, diputatuak gaineratu du “eraldaketa digitala teknologia eta makineria ezartzetik haratago doala. Hori dagoeneko egiten dugu, eta ondo, gainera. Baina helburua da ikustea nola aprobetxa dezakegun euskarri hori gure enpresak eraldatzeko, jarduera osoa birpentsatuz lehiakortasun abantaila berriak sortzeko. Hortxe jartzen dugu arreta gure laguntza programen bidez, eta beste urrats bat eman nahi dugu jardunaldi honekin”. “Jakin badakigu -adierazi du egungo testuinguru ekonomikoari dagokionez- enpresa asko egunerokotasunari begira daudela etorkizunari begira baino gehiago, baina garrantzitsua da enplegua eta jarduera ekonomikoa finkatzeko norabidea argi edukitzea, epe ertain eta luzerako gure lehiakortasuna orain arte egin ditugun urratsen mende baitago”.
 
Gurrutxagak, bestalde, azaldu du “jardunaldiak gure enpresen eskaera argi bati” erantzuten diola. “Gure lehentasuna da erabilgarriak eta praktikoak izatea. Lan saioak egituratu ditugu haien beharrak kontuan hartuta eta Gipuzkoako eragile ekonomikoekin eta klusterrekin lankidetzan, Etorkizuna Eraikiz-en lankidetzako gobernantza ereduarekin bat etorriz. Eskerrak eman nahi dizkiegu jardunaldia aurrera eraman ahal izateko erakutsi diguten jarrera onagatik, eta izena eman ez duten enpresak animatu nahi ditugu egun hauetan izena ematera”.
  

2532